aizkora

Bi lehengusuak, final handira

Guaixe 2024ko mai. 29a, 09:30

Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide, Okondon sailkatutako gainontzeko herri kirolariekin. EGUR SPORT

Jon Erdoziak eta Aritz Oiarbidek Banakako Aizkolarien 23 urtez azpiko Txapelketako final handia jokatuko dute

Maiatzaren 26an Okondon jokatutako herri kirol jaialdiaren barruan Banakako Aizkolarien 23 urtez azpiko txapelketako finalerdiak jokatu ziren. Sei aizkolari lehiatu ziren, tartean Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrak. Haiekin batera, Igoin Pikabea, Jokin Larrieta, Miguel Martin eta Isidro Velasco aritu ziren. 54 ontzako bi enbor erdibitu behar izan zituzten. 

Bi lehengusu etxarriarrek lehia estua izan zuten, eta, azkenean Jon Erdozia izan zen azkarrena (2:39), Aritz Oiarbideren aurretik (2:53). Haien atzetik Miguel Martin (3:05), Igoin Pikabea (3:11), Jokin Larrieta (3:21) eta Isidro Velasco (3:46) sailkatu ziren. Bi onenak, Erdozia eta Oiarbide, final handirako sailkatu ziren.