Kanpineko iraupen luzeko tarifak zehaztuta

Guaixe 2024ko eka. 5a, 11:28

Etxarriko kanpinaren ikuspegia. ARTXIBOA

Joan den urteari eta aurtengo mobil home eta karabanen jabeek ordaindu beharrekoa zehaztu du.

Etxarri Aranazko Udalak kanpineko 2023ko eta 2024ko iraupen luzeko tarifak hasiera batez onartu ditu. Aurretik onartutakoei helegitea aurkeztu zioten eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak  partzialki onartu zuen. Ondorioz, 2023rako kanpamendu turistikoko eta udal igerilekuko egonaldi luzeko erabiltzaileendako ezarritako tarifak baliogabetu zituen, eta errekurtsoaren gainerako eskaerak ezeztatu zituen.

2022. eta 2023. urteetako kanpin-jardueraren urteko txostenak ikusita eta 2023. eta 2024. urteetarako planteatutako tarifa-proposamenak ikusita, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena betez, Etxarri Aranazko Udalaren osoko bilkurari proposatzen zion 2023. eta 2024. urteetarako egonaldi luzeko tarifa jakina onartzea. Eta hala egin du udalak. Erabakia 30 egunez jendaurrean egonen da. Epe hori pasata alegaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onartutzat joko dira.

Onartutako tarifak
                                                             2023                 2024
Mobil homen urteko bonu finkoa  3.074,50 euro  3.289,70 euro
Karabanen urteko bonu finkoa      2.926,00 euro  3.131,45 euro
Mobil homen hileko bonu finkoa      269,50 euro     288,35 euro
Karabanen hileko bonu finkoa          258,50 euro     276,50 euro