Odol emaileen festa ospatu zen

Guaixe 2024ko eka. 5a, 11:00

Odol emaileen furgoneta Etxarri Aranatzen. ARTXIBOA

Aitortzak banatu ziren eta auzatea izan zen.

Etxarri Aranazko odol emaileen ordezkaritzaren ospakizuna izan zen igandean. Ekitaldian aitortza egin zitzaien 100 eta 50 odol emate egin dituztenei. Aurreneko kopurura Ignacio Otsagabia Maiz iritsi da. Bigarrenera, berriz, Alfredo Alvaro Igoa, Francisco Javier Asensio Igoa, Luis Goñi Igoa, Margari Goñi Jaka eta Juan Luis Maiza Begiristain. Gainera, odola 25 alditan emateagatik aitortza jaso zuen Juan Jose Mintegi Dorronsorok. 

Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak, Adonak, 465 kide zituen Etxarri Aranatzen joan zen urtean. Haietatik 106k eman zuten odola, 2022an baino hamar gutxiago. Guztira 167 odol emate izan ziren, guztiak ere ohiko odol emateak izan ziren. 2022an baino 65 odol emate gutxiago izan ziren, ziurrenik autobusa herrira aldi bat gutxiago etorri zelako. Joan zen urtean atzera botatako odol emateak hemezortzi izan ziren, 2022an baino hiru gutxiago. Etxarri Aranatzen odola eman beharrean beste toki batean eman zutenak 41 izan ziren joan den urtean, 2022an baino 20 gehiago. Azkenik, hiru odol emaile berri egin ziren 2023an, zazpi izan ziren 2022an.