Miguel Ulaiar

"Bakoitzak gure zatia ongi mantentzeko konpromisoa hartu dugu"

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 11a, 14:00

Miguel Ulaiar, Trikuharrien Ibilbidea markatzen. UTZITAKOA

Etxarri Aranazko ibilbideen mantenu eta birmarkatze lanetan buru-belarri ari dira herriko elkarteetako hogei bat kide. Horien artean dago Larrañeta elkarteko Miguel Ulaiar Mendiola mendizalea

1. Mendizaleen artean aspaldiko ezaguna zara. Bizi guztia mendiari lotuta.
Bai, beti mendiari begira (kar-kar). 16 urte nituela hasi nintzen mendian, Udaberri elkartean. 35 urte egin nituen Udaberrin, baina gero Larrañetan sartzea erabaki nuen, mendiko giroko jende gehiago zegoelako. Eta hala segitzen dugu, 16-17 urte inguru, mendiko giroan. 

2. Sakanako Mendizaleak taldean ere bai, hasieratik.
Fundatzaileetako bat izan nintzen, Udaberri elkartean jaio baitzen Sakanako Mendizaleak taldea. 2025eko abenduan 40 urte beteko dira. Udaberrira deitu genituen Sakanako herrietako mendi taldeak, hilean behin guztien artean mendi irteera bat egitea ea zer iruditzen zitzaien galdetzeko. Hala hasi ginen, eta ez gara gelditu. Lehendabiziko 13 urteetan presidente izan nintzen. Baina Gipuzkoan lan egiten nuen, nahiko lanpetuta nenbilen, eta ordezkoak zeudenez, kargua utzi nuen. Baina urtero antolatzen dut irteera bat, eta irteeretara joaten naiz. Duela 3 urte jubilatu, eta denbora dudanez, atzera ere juntan sartu naiz. 

3. Etxarri Aranazko udaletik bilerara deitu zintuzteten Etxarriko elkarte guztiak, herriko mendi ibilbideak markatzeko.
Arkaitz Razkin zinegotziarekin herriko elkarte guztietatik 20 ordezkari inguru bildu ginen, eta birmarkatze lana egiteko konpromisoa hartu genuen. Horretarako, lehenik eta behin ikastaro bat jaso genuen. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko hiru kide etorri ziren azalpenak ematera. 

4. Zein ibilbide ditu Etxarri Aranatzek?
GR (Gran Recorrido) 323, Bernoa galtzadakoa, Etxarri, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain hartzen duena. 50 km baino gehiago dituelako da GR, eta marka gorria du. Gainontzekoak PR-ak dira (Pequeño Recorrido). Bat Trikuharrien Ibilbidea da, 12 km baino gehiago dituenez marka horia duena, eta bestea Haritz Zaharren ibilbidea da, 12 km baino gutxiago dituenez marka berdea duena. Aparte, beste bi GR pasatzen dira Sakanatik, GR-12, Euskal Herriko ur-mugaren ibilbidea deitzen zaiona, Etzegaratetik Lizarrustira sartu, eta Aralartik barna Leitzaldera doana, Pirinioetan despeditzeko (Linza). Bestea GR-20 da, Aralarko Bira. Bi GR hauek mantentzearen ardura federazioarena da, baina gainontzekoena udalarena. 

5. Ibilbidea nola markatu behar duzuen azaldu zizueten ikastaroan?
Bai. GR-ak eta PR-ak zer diren azaldu ziguten, eta birmarkatzeko zein gauza izan behar genituen kontuan eta zein arau jarraitu behar diren. Adibidez, ibilbide guztiak markatzeko orduan goian marra txuri bat jartzen da, denetan, eta haren azpian ibilbidearen distantziaren arabera, beste kolore bat: GR-etan gorria, eta PR-etan horia edo berdea. Pintura marka hauek zuhaitzetan egin behar dira, edo malkorretan, baina inoiz ez harri solteetan, erori ahal direlako, edo lurrean, elurra egiten badu ez direlako ikusiko. Aurpegiaren altueran jarri behar dira, metro eta erdira, ongi ikusteko. Arrastoak urte guztirako erabilgarriak izan behar dira. Gauza oso logikoak dira. 

6. Ibilbide ezberdinek topo egiten duten lekuetan, zer egin behar da?
Etxarri Aranazko kanpinaren inguruan hiru ibilbideek bat egiten dute eremu konkretu batzuetan. Orduan, ibilbidearen garrantziaren arabera margotzen da, handitik txikira: txuria, gorria, horia eta berdea. Trikuharrien bideak eta Haritz Zaharrenak ere puntu batzuetan bat egiten dute, eta GR-12ak ere Trikuharrienarekin bat egiten du, baita Bernoako GR-ak GR-12arekin. 

7. Piketeak erabili behar izan dituzue?
Zuhaitzak ez dauden eremuetan erabiltzen dira piketeak, baina guk oso gutxi erabili ditugu. Baina, bestela, funtzionamendua bera da, aipatutako koloreez margotzen dira. 

8. Nola banatu dituzue lanak?
Binaka banatu ziguten eta bakoitzari ibilbidearen puska baten ardura eman ziguten. Ni Peio Ulaiarrekin ibili naiz, eta Basopokaletik Txaigorriraino, hori zen birmarkatu behar genuena, 16 km inguru. Euria zela eta ezin ibili egin aritu ginen, baina dagoeneko gure zatia bukatu dugu. Uste dut oraindik zerbait gelditzen dela markatzeko, baina martxa onean dago. Esan ziguten ahal bada San Adrian egunerako bukatuta egon behar zirela lanak. 

9. Pintatzearekin batera, bestelako lanik egin duzue?
Piketeren bat erorita dagoela ikusten badugu, edo sasi asko dagoela eta garbitu egin behar dela, edo dena delakoa, udaletxean abisatu behar da, udal langileak joateko. Gure lana bakarrik birmarkatzea izan da, brotxa lana. Trikuharrien ibilbidea nahiko zahartuta zegoen, orduan marka zaharrak ongi eskuilatu, garbitu, goroldioa kendu eta berriz ere pintatu. Oso lan entretenigarria izan da. Orain denbora dugula, oso gustura egon gara. 

10. Bideak ongi markatuta izatea garrantzitsua da.
Zalantzarik gabe. Jende asko ibiltzen da Etxarri Aranazko kanpinen inguruko ibilbide horietan, eta seinaleak beti ongi egon behar dira. Ideia da urtero bakoitzak tokatu zaigun zati horri errepaso bat ematea, horrela bideak beti ongi mantenduta egoteko. Konpromiso hori hartu dugu. Bernoa GR-a duela lau urte markatu zen, eta datorren urtean etorriko dira federaziokoak ongi dagoen ikusteko, berriro homologazioa emateko. Gauzak ongi mantendu behar dira. 

11. Etxarri Aranazko udala zuekin kontentu egongo da.
Hori pentsatzen dugu (kar-kar). Dena den, ez da horrenbesterako. Izango balitza motozerrarekin lan egin beharra, edo sasiak garbitzen egon beharra... baina gu brotxarekin ibili gara bakarrik. 

 

Erlazionatuak