Futbola

Etxarri Aranatz erregional taldeko plantillak arrazakeria kasu batean Nafarroako Futbol Federazioaren “bidegabekeria” irmoki salatu du

Guaixe 2024ko eka. 10a, 11:40

Etxarri Aranatz, Beriainen kontrako joaneko partidan. UTZITAKOA

Nafarroako Futbol Federazioak Etxarri Aranatzek eta Beriainek maiatzaren 25ean jokatutako igoera faseko itzulera partida Etxarriri galdutzat ematea eta hurrengo kanporaketa lehiatzeko aukerarik gabe uztea erabaki du

Maiatzaren 25ean Etxarri Aranatzek eta Beriainek erregional mailako igoera faseko itzulera partida jokatu zuten Beriainen. Lehen zatia despeditzerakoan zalaparta sortu zen Beriaingo zelaian. Etxarri Aranazko jokalariek eta staffak bere jokalari bati zelaian egindako irain arrazistak salatu zituzten. Bere jokalariari babesa emanez, bigarren zatian zelaira ez ateratzea erabaki zuten Etxarriko jokalariek, eta hala jakinarazi zioten arbitroari. Hark, hala ere, aktan ez zuen halakorik jaso. Halaber, Etxarri Aranatzek gertatutakoak Foruzainetan salatu, eta Nafarroako Futbol Federazioari arrazakeriaren kontrako protokoloa zein den galdetu zion, “Beriainen arbitroek eta federazioko kide batek ez zutelako inolako jarduketa protokolorik martxan jarri”. Beriainek, bere aldetik, Etxarrik egindako irain arrazisten salaketa ukatu zuen.

Gertakariak jazo zirenean Beriainek 2-0 irabazten zuen eta federazioak emaitza hori jaso zuen webgunean. Etxarri Aranatzi, nahiz eta galdu, igoera fasean lehiatzen jarraitzea zegokion, baina talde sakandarra ez zen partidetara deituta izan. 

Erantzuna
Bi aste beranduago Etxarri Aranatzek Nafarroako Futbol Federazioaren erantzuna jaso du. Etxarri Aranatz erregional taldeko plantillak kaleratutako oharrean jasotzen denez, “Federazioak erabaki du partida galdutzat ematea, eta, gainera, hurrengo kanporaketa lehiatzeko aukerarik gabe uztea. Erabaki hau gure klubaren aurkako kolpea ez ezik, errespetu eta begirune falta ere bada; bi aste zain egonarazi gaituzte, nahiz eta hasieratik erabakia hartuta izan”. 

Horren guztiaren aurrean plantillak euren “frustrazio, etsipen eta erabateko desadostasuna” adierazi du, “gure jokalariak Beriainen aurkako partidan jaso zituen iraun arrazisten ebazpenari buruz Nafarroako Futbol Federazioak hartu berri duen erabakiaren aurrean”. Halaber, “integrazioaren, errespetuaren, kiroltasunaren eta joko garbiaren alde egiten duen federazio batean, erabaki horrek guztiz kontrakoa” adierazten duela salatu dute. “Beriainen irain xenofoboak jasotzeaz gain, futbol zelaian irabazi duguna ere kendu digute, bigarren kanporaketa jokatzeko aukera”. Gainera, irainak gertatu zirenetik federazioko inork ez duela “ez biktimarekin ez klubarekin hitz egiteko duintasunik izan” gaineratu dute. “Federazio duin batean zuzena ez den interesik eta begirunerik eza erakutsi du, eta, dirudienez, ikusarazi nahi du klub guztiak ez garela berdinak”. 

Justizia
Bukatzeko, “bidegabekeria horren aurrean ez garela besoak gurutzatuta geratuko” argi eta garbi utzi nahi izan dute, eta “behar diren baliabide guztiak” erabiliko dituztela “justizia egin arte”. “Ez dugu onartuko hori bezalako jokabide eta erabakiak erantzunik gabe gelditzea”. Argi dute ez dutela etsiko. “Azken unera arte borrokatuko dugu. Klub honek bere baloreetan tinko jarraitzen du, denok merezi dugun duintasuna eta errespetua defendatzen, futbol zelaiaren barnean eta kanpoan”. 

Elkartasuna
Altsasu Kirol Elkarteak eta Lagun Artea Kirol Elkarteak euren Sare Sozialetan Etxarri Aranatz futbol taldeko plantillak kaleratutako oharra zabaldu dute, elkartasun gisa. Baita bestelako klub eta futbol munduko partikularrek ere.