Etxarri Aranazko musika eskolak izen ematea zabaldu du

Guaixe 2024ko eka. 17a, 11:34

Etxarri Aranazko musika eskola. ARTXIBOA

Udaletxean edo etxarriaranatz.eus webgunearen bidez eman daiteke izena heldu den ikasturterako.

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du dagoeneko udal musika eskolan matrikula egin daitekeela. Garagarrilaren 28ra arte dago epea zabalik. Udalak jakinarazi duenez, musika eskolan matrikulatzeko aparteko izen emateko epe bat zabalduko dutela agorrilaren 19tik irailaren 2ra arte. Baina epe horretan izena ematen dutenei udalak ez die musika ikasketak egiteko plaza bermatzen. 

Musika eskolak honako ikasketa eskaintza du instrumentuei dagokionean: pianoa, txistua, gitarra, biolina, zeharkako txirula, akordeoia, kantua, saxofoia, tronpeta, bateria, tronboia, bonbardinoa eta gitarra elektrikoa. Musika ikasleek, gainera, eskolako taldeetan parte hartzeko aukera dute, hala musika ikasketan sakontzeko aukera izanen dute. Honako taldeak daude: txistulari taldea, fanfarrea eta eskolania. Musika eskolatik jakinarazi dutenez, beste talde batzuk sortzeko aukera ere badago.