Kantu bat eta askoz gehiago

Guaixe 2024ko eka. 18a, 12:57

Etxarri Aranazko Abesbatza Txikia Irati Morentin eta Osane Orella zuzendariekin.

Hamasei haur eta gaztek osatzen dute gaur egun Etxarri Aranazko Abesbatza Txikia, baina gehiago izatea nahi dute. Abesbatzan parte hartzea "oso dibertigarria" dela esan dute kideek. Ekainaren 22an ikasturte amaierako kontzertua emanen dute.

Etxarri Aranazko Abesbatza Txikiak kaleratu duen kartelak dioen bezala "Zure ahotsa behar dugu". Hori, hain zuzen, esan dute abesbatza txikian parte hartzen duten haur eta gaztetxoek: haur gehiagoren ahotsa behar dugu. Etxarri Aranazko Elizako areto batean entseatzen dute ordu bat astean, ostiraletan, eta momentu honetan ekainaren 22an, larunbata, 18:00etan, Andra Mari ermitan, emanen duten ikasturte amaierako kontzertua prestatzen ari dira. Ikasturtean "haien kabuz" kontzertuak ematen dituzte, baita beste talde batzuekin ere, hain zuzen Etxarri Aranazko Abesbatza "handiarekin". Beste abesbatza txikiekin ere kontzertua eman ohi dituzte. 

Koro txikiaren helburuak, besteak beste, abesten ikastea eta ongi pasatzea da

Abesbatza txikiaren helburuak abesten ikastea eta ongi pasatzea dela esan dute Irati Morentin eta Osane Orella koro txikiko zuzendariek. Abesbatzaren mundura hurbiltzeko modu bat ere badela gaineratu dute, "aldi berean, Etxarri Aranazko etorkizuna dira, eta honetara salto egiteko prestatzen zaie". Momentu honetan abesbatza txikia Etxarri Aranazko eta Arbizuko hamasei neskamutilek osatzen dute: Nahia, Intza, Enara, Julene, Adriana, Ainhoa, Nora, Sarai, Aroa, Ixone, Alain, Haize, Enara, June, Lur eta Fatima. 6 eta 15 urte bitarteko haur eta gaztetxoak dira.

Beteranoenak Julene eta Adriana dira, gaur egun 11 eta 13 urte dituzte, eta bost urterekin hasi ziren abesbatzan. Aurreko urtean Alai eta Intza, Ixone, Haize eta Enara arbizuarrak hasi ziren, sei eta bederatzi urte artekoak. "Pandemiagatik bi edo hiru urteko geldialdia izan genuen, eta horregatik batzuk pixkatxo bat berandu hasi dira". Sei urterekin dagoeneko eman dezakete izena abesbatza txikian.

Kantatzea
"Kantatzeagatik" hasi ziren abesbatza txikiko hainbat kide koroan. Kantatzea gustatzen zaie, eta abesbatzak horretarako aukera ematen die. Bakarrik edo abesbatzarekin abestea nahiago duten galdetuta, abestiaren arabera erantzun dute haur eta gazteek. Abesbatzatik kanpo "etxean" eta "familiaren aurrean" abesteko aukera dutela azaldu dute abeslariek, eta solfeora joaten direnak eta kontzertuak ematen dituztenak ere badaude. Hala ere, azaldu dutenez, taldean "lotsa" gutxiago ematen die publikoaren aurrean abestea eta "artistikoagoa" da; "bestela oso laua eta aspergarria da". Abesbatzan dauden ahots desberdinei buruz ari dira: "Taldean gehiago entzuten da eta oso polita gelditzen da talde bat abesti bat kantatzen ari denean eta beste talde bat beste gauza bat". Irakasleek esan dutenez, ahots desberdinak egitearena "kostatzen zaie" baina pixkanaka ikasten ari dira.  

Abestea ez ezik, abesbatzan parte hartzeko arrazoi gehiago dituzte ere: "Lagunekin egotea". Koroan lagunak egin dituzte, eta beraiekin gustatzen zaiena egiten denbora pasatzeko aukera ematen die. 

Kontzertuak
Entseguetan Morentin eta Orella pianoan jartzen dira, koroaren aurrean, eta lehenengo gauza abestiaren letra pixkanaka irakasten joaten dira. Ondoren, beraiek abesten dute eta abeslari gazteei egiteko esaten die. "Horrela, pixkanaka". Abesbatza "handiarekin" abesten dutenean, noizean behin beraiekin entseatzera joaten dira eta kontzertuak dituztenean "gehiago" entseatzen dutela esan dute irakasleek. 

Entseguak "serioak" direla esan dute kideek, baina "denetarik" egoten dela aitortu dute. Oso ongi pasatzen dutela argi dago: "Txorakeriak ere egiten ditugu, txisteak kontatu eta abar". Kanta artean ura edaten dute, "oso inportantea". Deskonektatzeko pausa izaten da ura edatearena. Zenbait abestirendako ere dantzak ikasten dituzte, nahiz eta ordu batean "askorako ez duela ematen" aitortu duten irakasleek. 

Ekainaren 22an emanen duten ikasturte amaierako kontzertuko errepertorioan zortzi abesti egonen dira: Kusi mama, Itsas azpiko mundua, Dos bichos, Akaijana, Arbolatik hostoa, Zeru urdina, Olatu bat eta Mantuxa. "Eta Kantu bat oraindik ez dakigu, helduek esaten dutenaren arabera". Ekainaren 8an Nafarroako Abesbatzen Federazioaren Gogo bete kantuz zikloaren barruan Etxarri Aranazko Abesbatzak emandako kontzertuan koro txikiak ere parte hartu zuen eta egin zuten abestietako bat Bulego taldearen Kantu bat izan zen, gaztetxoei izugarri gustatu zitzaiena, eta 22an errepikatu nahi dute. Kontzertuan "oso txalotuak" izan zirela esan dute irakasleek. 

"Oso dibertigarria da, eta oso ongi pasatzen dugu". Ikasturte berrirako ahots bila ari da Etxarri Aranazko abesbatza txikia. 6 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteek eman dezakete izena corotxikis@gmail.com epostara mezua bidaliz.