Asier Beltza

"Lehen edizioko ilusio berberarekin antolatu dugu hamargarren Triku Traila"

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 26a, 13:20

Asier Beltza Mendikute. UTZITAKOA

Ekainaren 30ean, igandea, Etxarri Aranazko kanpinak X. Triku Traila hartuko du. Ohiko lasterketaz gain, 10 kilometroko proba laburra prestatu dute. Urteurrena ospatzeko ekainaren 28an, ostirala, Pancho Balbuenaren kontzertua eta burger gaua, eta lasterketaren egunean rokodromoa antolatu dituzte.

Ekainaren 30ean, igandea, X. Triku Trail jokatuko da Etxarri Aranazko kanpinean. Data berezia denez, aurten mendi lasterketaren inguruan ekitaldi gehiago antolatu ditu Triku Trail taldeak; hortaz, ekainaren 28an, ostirala, 19:30etik aurrera, Pancho Balbuena mariatxiaren kontzertua eta burger gaua izanen dira, kanpinean, eta lasterketaren egunean bertan rokodromoa izanen da, 11:00etatik 14:00etara, kanpinean.

Ohiko 21 kilometroko probarekin batera, 10 kilometroko lasterketa motza prestatu dute, eta aipatu bi probek Euskal Herriko Koparako puntuatuko dute, Nafarroako Lasterketen Rankingarekin batera. Azken lanetan murgilduta, “oso gogotsu eta eskertuta” daudela nabarmendu du Triku Traileko Asier Beltza Mendikutek. Proba nagusia 09:30ean abiatuko da eta laburra 09:45ean. Ondoren, txikien txanda izanen da.

Aurten hamargarren Triku Traila. Badirudi lehena atzo jokatu zela.
Hamar edizio dira, baina 11 urte pasa dira, tartean pandemiagatik jokatu ez zen urtea, 2020a, dagoelako. Aurtengoa hamargarrena izango da, baina lehendabiziko urtean bezalako ilusioa dugu.

Atzera eginda, zergatik bururatu zitzaizuen Triku Traila antolatzea?
Karrikestuko bizpahiru lagunek, korrikalariak direnak, lasterketa bat egin behar genuela zioten behin eta berriz, eta hala sortu zen. Nafarroako Mendi Federaziora jo genuen, egutegian sartzeko baldintza batzuk bete behar baitira, tartean probak izan beharreko gutxieneko distantziak (21 km-tik gora) eta eskakizunak betetzea, eta hala hasi ginen.

Hasieratik oso harrera ona izan zuen Triku Trailak. Gainera, lasterketa ezberdina zen. Mendi garai edo ezagunen inguruan antolatzen ziren lasterketak, baina Triku Trail basoko eta mendiko ibilbide oso gorabeheratsua da. 
Hainbat faktorek dute zerikusia Triku Trailen harrera onarekin. Batetik, sekulako suertea dugu Etxarri Aranazko kanpinak dituen zerbitzu eta instalazioekin. Korrikalari askok kanpinean hartzen dute ostatu asteburu horretan, uda da, igerilekuak eta itzala daude, eta familian edo lagunartean egiteko plan borobila da. Bestalde, data. Mendi lasterketan denboraldia otsailean hasten da, eta uztailean eta abuztuan geldialdia izaten da. Hortaz, denboraldiko lehen zatiko azkenetako proba izaten da. Eta, azkenik, paisaia eta ibilbidea. Gurea itzal azpian jokatzen den proba da. Lasterketako %90 baino gehiago zuhaitzen azpian izaten da, eta hori gozamena da. Korrikalariak txundituta geratzen dira Haritzen ibilbidetik eta Trikuharrien ibilbidetik pasatzerakoan. Gu, agian, ohituta gaude eta ez zaigu horrenbesterako iruditzen, baina kanpotik etortzen direnek izugarri baloratzen dute. Helmugara iritsi eta zuzenean igerilekura sartzea (igerileku txikia korrikalariendako erreserbatuta egoten da goiz horretan) asko eskertzen duten bestelako gauza bat da. Kanpineko instalazioek probari mesede handia egiten diote, eta ingurunea bikaina da. 

"Ingurunea, data, kanpineko instalazioak... gure arrakastaren arrazoiak dira"

Ibilbidean apenas egin duzue aldaketarik hamar edizio hauetan.
Korrikalariek oso gustuko dutelako, urtero hala esaten digute. Triku Trailak arrakasta handia du, baina guk 350 korrikalarirendako muga mantendu dugu beti. Ez gara sekula pasako, korrikalariei zerbitzu ona eman nahi diegulako eta Etiketa Berdea lasterketa etikoen aldeko manifestuarekin bat egin dugulako. Gurea lasterketa etikoa izango dela, hori da hartu dugun konpromisoa, bai ingurumenarekiko eta baita mendizale gisa ditugun balioekiko: korrikalarien elkarrekiko errespetua, eta berdintasuna. Gero eta indar gehiago ematen diogu honi. 

Mendi lasterketen booma bizi dugun honetan, lasterketak horrenbeste atera al dira bere onetik?
Izugarri. Nafarroako Federazioan sartuta gaude, gainontzeko mendi lasterketak bezala. Patronoak gara. Urtero biltzen gara, egutegia ixteko, eta urtero proba berriak antolatzeko eskaerak daude federazioan, eta erantzuna eman behar zaie. Gu ez gara inor eskaera bati ezezkoa emateko, hori argi dut, baina egia da lasterketen saturazioa dagoela. Duela bi urtetik hona, larunbatetan eta igandeetan lasterketa bat baino gehiago dago, lasterketak zapatzen ari gara. Gainera, mendi lasterketak antolatzen dituzten enpresak sortu dira, klubak edo taldeak izan beharrean, onura ekonomikoa ateratzea helburu duten enpresak. Negozioa bete-betean sartu da gure munduan.

Mendizaletasunaren berezko balioak galtzen ari direla ere aipatzen da.
Bai, balio asko galtzen ari dira. Jokin Lizeagari gertatu zitzaiona, esaterako, leize batean erori eta segika zituen korrikalariak ez zirela laguntzera gelditu. Nora goaz? Korrikalari asko bestelako mundu batean sartzen ari dira: fisioterapeutak, nutrizionistak, entrenamenduak, material garestia... asko obsesionatu egiten dira. Bestalde, badakigu lasterketa batek ingurumenarendako zer ekartzen duen. Toki beretik ehunka pertsona pasatzen direnean xenda hori autopista bihurtzen da. Horregatik guk ez dugu partaidetza zabaldu nahi. Hau ez da soilik lasterketetan gertatzen. Nola dago San Donatoko igoera? Edo Maiatza? Horregatik guztiagatik egin dugu bat Etiketa Berdearekin.

Sakanako lasterketek, orohar, hasierako izpirituari eutsi diote. 
Sakanako lasterketen esentzia berdina da, hori egia da, baina inguruan duguna ez dugu ahaztu behar; gauzak ahalik eta hobekien egin behar ditugu, ingurumena zaindu eta lasterketa etikoak antolatu. 

Mendi lasterketa bat antolatzeak lan handia du atzetik. 
Beti esaten dugu Triku Traila uztailaren 1ean hasten dela eta ekainaren 30ean despeditzen dela. Urte osoan gaude bueltaka. Gero eta gauza gehiago lotu behar dira. Baimenak eskatu, babesleak lotu, izena-emateak, ibilbidea markatzea, hornidurak eta bestelako guztiak prestatzea... Lana handia da. 

"10 km-ko Triku Trail laburrak harrera oso ona izan du. Oso pozik gaude"

Hamargarren edizioa berezia izango da.
Dagoeneko berezia izaten ari da. Maiatzaren 16an "Mendi lasterketak, bizitza propioa hartu duen munstroa. Nora goaz?" hitzaldia antolatu genuen. Uxoa Irigoien eta Jokin Lizeaga mendi korrikalariak eta Gotzon Idirin Etiketa Berdea ekimenaren ordezkariak aritu ziren solasean, Aritz Ganboa artzain eta mendi korrikalariak gidatutako saioan. Oso interesgarria izan zen, arestian aipatutako puntuak izan zituzten hizpide. Bestalde, ekainaren 28an, arratsaldez, Pantxo Balbuena mariatxia ekarriko dugu kanpinera, eta Triku Burger furgoneta jarriko dugu. Ekainaren 29an Triku Trail lasterketari buruzko hitzaldi teknikoa edo briefinga eskainiko du Igor Artiedak arratsaldez, eta ekainaren 30ean, lasterketa egunean, 10:30etik 14:00etara gaztetxoendako rokodromoa jarriko dugu kanpinean. Triku Traila egun polita izaten da, baina aurten politagoa izango da. 

21 km-ko betiko lasterketarekin batera, 10 km-ko laburragoa prestatu duzue.
Hamargarren edizioan zerbait ezberdina egite aldera 10 km-ko proba antolatzea erabaki genuen. Korrikalari guztiei dago zabalik, eta Euskal Herriko Kopan juniorren eta kadeteen sailkapenean puntuatu nahi dutenek bertan parte hartu beharko dute. Lasterketa herrikoiagoa da, eta harrera oso ona izaten ari da; pozik gaude. Antolakuntzari begira, ez digu zailtasun eta lan gehiegirik eskatu. Izan ere, Triku Trailen ibilbideak 8 zenbakiaren itxura dauka. Hortaz, laburrekoek distantzia erdia egin dezatela, eta luzekoek aurrera segi dezatela. 

Aurten Triku Trail Euskal Herriko Koparako baliagarria denez, horrek korrikalari gehiago erakarriko ditu?
Bai. Proba nagusian 350 korrikalariko muga dugu, beti bezala, eta laburrean 150ekoa. Gertu ibiliko gara. Aurten saltsa gehiago izango dugu. 9:30ean 21 km-ko probako korrikalariak aterako dira, 9:45ean 10 km-ko proba laburrekoak, eta segidan Trikutxiki lasterketan duten haurrak. Dena jarraian izango da, ez dugu aspertzeko astirik izango. 

Sakandarrek beti parte hartzen dute Triku Trailean. 
Asko, eta aurten gehiago. 10 kilometroko proba laburrean Sakanako jende asko dago. Triku Traileko boluntario dezentek ere bertan eman dute izena. 

Zenbat boluntario behar dituzue lasterketa egunerako?
Asko, ehundik gora. Mendian ehun boluntario egoten dira, eta horri kanpinean lanean dagoen jendea gehitu behar zaio: dortsalak, irteera eta helmuga, krono lanak, hornidura gunea, kontsigna, korrikalarien-poltsak, anbulantziak... Boluntarioak goizean goiz etortzen dira kanpinera, kamiseta fosforitoa jantzi, eta bakoitza bere lan gunera doa, txintxo-txintxo. Gune bakoitzeko arduradunak walkie talkie-a hartzen du, eta bakoitzak badaki zein den bere egitekoa. Euren lana oso barneratuta dute, eta seriotasunez hartzen dute. Oso eskertuta gaude boluntarioekin, beti. Topikoa da, baina egia da eurak gabe ezingo genukeela Triku Traila aurrera atera. Korrikalariak ere seguruago sentitzen dira kamiseta fosforitodun boluntarioak ikusterakoan, babestuago. Asko eskertzen dute jendea ikustea, mendiko ibilbidean ongi doazela sentitzen dute.

“Oso eskertuta gaude boluntarioekin, Triku Traila oso serio hartzen dutelako”

Mendiko lasterketa batean seguru sentitzea gauza handia da.
Jakina. Ildo honetan, aurten Larrialdi Plana asko sakondu eta landu dugu, eta nabarmendu nahiko nuke. Gauzak ongi egiten saiatzen gara, baina ez gara konturatzen arrisku larri edo istripu serio bat gertatzen bada denbora azkar pasatzen dela. Korrikalariak federatuta daude, aseguratuta, guk aparte beste aseguru bat egiten dugu, erantzukizun zibila dugu... Baina gerta daitezkeen balizko egoera guztietarako prest egon behar dugu, lasterketa mendian jokatzen delako. Horregatik, aurten garatu dugun Larrialdi Planean lasterketako puntuen lokalizazioa jaso dugu, GPS-arekin koordenada guztiak hartuta. Gune bakoitzeko arduradunaren izena-abizenak eta telefono kontaktua jaso ditugu planean, eta puntu bakoitzera zein garraio iristen den zehaztu: anbulantzia, 4x4 ibilgailua, quada... Puntu bakoitzetik ebakuazio bat egin behar bada, zein den ibilbide laburrena jaso dugu, eta bertatik kanpinera edo osasun etxera dagoen distantzia. Helikopterorako ere heliportua zehaztu dugu, Etxarri Aranazko futbol zelaia izango dena. Beraz, ibilbideko puntu guztiak lokalizatuta daude euren koordenadekin eta dituen arduradunekin, eta ebakuazioa egiteko modu azkarrenak oso zehaztuta daude. Jakina, Foruzainekin, DYA-ko arduradunekin eta bestelako osasun arduradunekin partekatuko duguna. Halako istripu larririk sekula ez gertatzea espero dugu, baina badaezpada, guztia ahalik eta hobekien lotuta izatea garrantzitsua da, eta hala egin dugu. Gure kide batek sekulako lana egin du Larrialdi Plana gorpuzteko, puntu guztietara joan baita koordenadak hartu eta guztia lotzera. Lan hori betirako hor egongo da. 

Triku Trailak hamar edizio beteko ditu; beste horrenbeste etor daitezela. 
Jakina! Taldean aldaketak egon dira urte hauetan. Egun, sei gara taldean finkoak garenak, eta gero boluntarioak batzen zaizkigu. Gogotsu gaude, ilusioz.