Mendi lasterketak

Aimar Araña, Nafarroako Km Bertikalen podiumean

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 24a, 08:45

Aimar Araña, eskuinean, Izabako podiumean. UTZITAKOA

Etxarri Aranazko korrikalaria promesen mailako hirugarren nafarra izan zen 

Aimar Araña Martxueta (Sakana Bizirik) mendi korrikalari etxarriarrak Izabako Ardibidepikua Bertikalean parte hartu zuen ekainaren 14an, Camille Extremek antolatutakoa. Proba, aldi berean, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa zen, eta promesen edo 23 urtez azpikoen mailan hirugarren nafar onenaren saria eskuratu zuen, ederki sufritu eta gero. 

Korrikalariak binaka ateratzen ziren Izabatik, eta lasterketak Ardibidepikurantz jotzen zuen, Larratza puntara igotzeko (1.587 m). 3,2 kilometrotan 800 metroko desnibel + zuen. "Ez nuen ibilbidea ezagutzen. Topera atera nintzen, eta mendira sartu orduko oso gogorra zela konturatu nintzen" dio Arañak. Lehenengo erdian "zati guztia goraka, piku-piku igo nintzen. Horrenbeste denbora puntetan ibilita, hankak ere lokartu zitzaizkidan". Bukaera aldera, zati batean aldapa pixka bat jaisten zen, "eta hor korrika egiteko aprobetxatu zuen jendeak. Nik, aldiz, hankak esnatzeko probestu nuen". Bukaeran, "sekulako aldapa" zegoen. "Eskuak lurrean jarri behar izan nituen aurrera egiteko".

"Izugarri" sufrituta
Ardibidepiku Km Bertikalean 37. sailkatu zen Aimar Araña (45:33), Iñigo Lanz txapeldunarengatik 12 minutu pasara (32:56). Nafarroako Km Bertikalen Txapelketan promesen mailan hirugarren sailkatu zen, podiumera igoz. Lortutakoarekin "oso kontentu" dago korrikalari etxarriarra. "Presiorik gabe atera nintzen, entrenamenduak ikusita banekielako ez nengoela joan zen urtean bezain indartsu; ez nago nire punturik onenean. Ekainaren 9an Lakuntza-Aralar ibilbide laburra aurreko urtean urtean baino bi minutu gehiagotan egin nuen, baina ez nengoela horren gaizki pentsatu nuen. Ardibidepiku ez nuenez ezagutzen, ez nuen denbora erreferentziarik. Izugarri sufritu nuen, baina Camilleko podium horrek konfiantza eman dit" aitortu du. 

Joan zen urtean Uharte Arakil Beriain izan zen Nafarroako Km Bertikal Txapelketa. Promesen mailan ere hirugarren izan zen Araña, baina bere buruarekin haserre zegoen, ia ordu bat kosta zitzaiolako, denbora okerragoa. Aurtengo Camilleko podiumak zapore ederragoa izan du. "Orain, konfiantzarekin, Triku Traileko ibilbide motzaren bila noa" gaineratu du korrikalariak. Gero bizikletan ibiliko da eta urrian segiko du lasterketen denboraldia.  

Camille eta Canelle
Bestalde, Xabier Maciasek (3:06:29) eta Irati Azkargotak (3:48:49) irabazitako Camille Extremen (31,6 km) Ander Unzurrunzaga 82. sailkatu zen (4:05:45), eta Aizea Beraza eta Aran Larrañaga 16. eta 17. emakumeak izan ziren (5:09:59). Cannelle Trailen (13 km) Iraitz Berastegi seigarren sailkatu zen (1:25:03) eta Miren Juantorena bosgarren emakumea izan zen (1:38:01).