Paleta goma

Maialen Larraza txapeldun, eta Irati Igoa txapeldunorde

Guaixe 2024ko eka. 27a, 09:00

Finalak Lekunberrin jokatu ziren. EMAKUME MASTER CUP

Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko kadeteen mailako finala irabazi zuen Larrazak Julene Ininziagarekin bikotea osatuta. Eliteen mailan, Irati Igoa txapelik gabe geratu zen

Ekainaren 23an Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko final handiak jokatu ziren Lekunberrin, giro ederrean. 350 pilotazale inguru bildu ziren Jaian Jai pilotalekuan finalistak animatzera. 

Kadete mailan txapela Sakanara etorri zen, Maialen Larraza etxarriarrak eta Julene Ininziagak 30-19 irabazi baitzieten Elaia eta Irati Zabalzari, nagusitasun handiz. 

Lehen mailan garaipena etxean geratu zen, Irati Gartziarenak eta Maria Eguskizak 30-20 irabazi baitzieten Artazkozi eta Esparzari, ongi bideratutako partidan. 

Eliteen mailako final nagusian Paula Gorostiagak eta Juncal Quevedok txapela preziatuak jantzi zituzten, Amaia Espinali eta Irati Igoa etxarriarrari 30-23 irabazita. Final ikusgarrian ongi jokatu zuten lau palistek, baina Paula Gorostiagak atzetik jotako bi paretekin eta bestelako erasoekin min handia egin zien aurkariei, eta Amaia Espinalek eta Irati Igoak amore eman behar izan zuten. Beraz, txapela ez zen Sakanara etorri.