Paleta goma

Maialen Larrazaren txapela eta Irati Igoaren trofeoa Lekunberrin

Maider Betelu Ganboa 2024ko uzt. 4a, 11:30

Finalista guztien talde argazkia. EMAKUME MASTER CUP

Lekunberriko Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko finaletan, kadeteetan Maialen Larrazak txapela lortu zuen, eta eliteetan Irati Igoa txapeldunorde izan zen.

Ekainaren 23an Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko final handiak jokatu ziren Lekunberrin. Guztira 350 pilotazale inguru bildu ziren Jaian Jai pilotalekuan finalistak animatzera, giro ederrean. Hiru final jokatu ziren, eta horietako bietan ordezkaritza sakandarra izan genuen. Kadete mailan txapela Sakanara etorri zen, Maialen Larraza etxarriarrak eta Julene Ininziagak 30-19 irabazi baitzioten Elaia Zabalzari eta Irati Zabalza ordezkatu zuen Auritze Beltza etxarriarrari, final nahiko erosoan. Eta eliteen mailako finalean, Irati Igoa etxarriarrak eta Amaia Espinalek 30-23 galdu zuten Paula Gorostiagaren eta Juncal Quevedoren kontra, final gogorrean. Lehen mailan garaipena etxean geratu zen, Irati Gartziarenak eta Maria Eguskizak 30-20 irabazi baitzieten Artazkozi eta Esparzari.

Larraza-Iminziaga, biko sendoa
Maialen Larraza Senar Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko palista da, eta Lekunberrin jantzitako txapelarekin "oso pozik" dago. "Giro ederra egon zen finaletan, oso gustura ibili ginen". Elorrioko Julene Iminziagarekin jokatu zuen, eta bikote ona osatzen dutela agerikoa da. "Ez da berarekin jokatu dudan lehenengo aldia. Pala munduan ezagutu ginenetik harreman ona dugu, eta elkarrekin txapelketa batzuk jokatzea gustatzen zaigu. Euskal Herriko Txapelketa ere berarekin jokatu nuen, eta oso ongi moldatzen gara. Bikote ona egiten dugula uste dut. Emakumeen Master Cup-ek antolatutako Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketa honetan gustura aritu gara". 

Ekainaren 15ean, Etxarri Aranatzen jokatutako finalerdietan Iradi Goikoetxeari eta Maddi Lasari irabazita sailkatu ziren Lekunberriko kadeteen final handirako. Beste finalerdian, tamalez, Lexuri Lazkoz eta Onditz Gantzarain sakandarrek ezin izan zituzten Elaia eta Irati Zabalza lehengusinak mendean hartu, eta Aurizberri inguruko bikoa sailkatu zen finaletarako. 

"Iminziagarekin pala bikote ona egiten dugu; gustura ibili gara"

Hasieratik, aurrean
Maialen Larrazak eta Julene Iminziagak Elaia eta Irati Zabalza zituzten arerio final handian, baina Iratik ezin izan zuen jokatu, eta etxarriar batek ordezkatu zuen, Auritze Beltzak. Finalean 30-19 gailendu ziren Larraza eta Iminziaga. "Hasieratik aurreratu ginen, eta nahiko ongi ibili ginen. Alde polita izan genuen une oro, 8 tanto ingurukoa, batzuetan gutxiago eta beste batzuetan gehiago. Bukaera aldera Zabalza eta Beltza pixka bat gerturatzen hasi ziren, baina ez zuten gehiegi hurbiltzea lortu". 30-19, garaipen nahiko lasaia izan zen. "Hala dirudi, baina tantoak landuak izan ziren. Ez zen final erraza izan, ederki izerditu genuen". 

Irati Igoa, eliteetan txapeldunorde
Irati Igoa Sesma etxarriarrak Amaia Espinalekin osatu zuen bikotea Nafarroako Foru Komunitateko eliteen mailako finalean. Final gogorra jokatu zuten Paula Gorostiagaren eta Juncal Quevedoren kontra. "Oso partida lehiatua izan zen, eta nahiko paretsu joan zen tarte guztian. Final interesgarria izan zen, ikusteko oso polita, bi biko oso indartsu zirelako. Tanto bakoitza oso borrokatua izan zen. Paula eta Juncal hasieratik aurreratu ziren, baina alde gutxirekin. Iratik eta Amaiak borrokatu zuten, baina ezinezkoa izan zen, eta 30-23 galdu zuten. Pena da Iratik irabazi ez izana, baina egindakoarekin oso kontentu egon daiteke". 

Denboraldi bikaina
Maialen Larrazak denboraldi ona egin du. Sakanako Pala Txapelketan Lehen Mailan debutatu zuen eta txapela janztea lortu zuen, Enara Maziziorrekin, eta Euskal Herriko Paleta Goma Txapelketako kadeteen mailako txapeldunordea izan zen Lexuri Lazkozekin, besteak beste. "Baina aurretik 30 metroko frontoiko Bakarkako finalerako sailkatu nintzen, eta nahiz eta finala galdu, txapelketan egindako lanari esker Espainiako Paleta Gomako Txapelketa jokatzeko aukera izan dut, eta oso pozik nago. Bestalde, Julene Iminziagarekin ere Euskal Herrikoan jokatu nuen, Nafarroako Kirol Jokoetan Binakakoan Lexuri Lazkozekin jokatu nuen, eta denboraldia bukaera honetan Emakumeen Master Cupeko Nafarroako Torneoko txapela iritsi da. Trinketean ere lehiatu naiz, baina hor ez naiz horren fin ibili". 

Valladoliden
Valladoliden jokatu zen Espainiako Txapelketa, ekainaren 27tik 30era. Nafarroako selekzioarekin joan zen Maialen Larraza bertara. "Ni eta Elaia Zabalza geunden Banakako Paleta Goma Txapelketarako hautatuta. Gogotsu aritu naiz, ilusio handiz" aitortu du etxarriarrak. Izan ere, bere pala ibilbidean aurrerapauso nabarmena izan da estatu mailan zein maila dagoen ikustea. Izan ere, palista etxarriarraren iritziz, "geroz eta maila handiagoa dago. Jende gehiago aritzen da paleta goman, eta nabaritzen da". Jakina, Gure Pilotakoak daude onenen klubean.

Hitzordu garrantzitsua prestatzeko azken egunotan jo eta fuego aritu zen entrenatzen. "Biskarretan entrenatu dugu, frontoi berezia behar zelako eta bertakoa egokiago delako". Denboraldia Valladoliden borobildu zuen, Nafarroak txapela lortu baitzuen. Zenbat txapela dituen galdetuta, kontua galduta du jada. "Esango nuke txikitatik ditudanak ere kontuan hartuta, guztira hamabost txapela inguru izango direla, hor nonbait, baina ez dakit ziur". Beste askorendako tokia, egon, badago.