Futbola

Etxarri Aranatz, ligako txapelduna eta lehen mailako taldea

Guaixe 2024ko uzt. 1a, 08:00

Kadeteen Etxarri Aranatz taldea. UTZITAKOA

Kadeteen bigarren mailako laugarren multzoko txapelduna izateaz gain, mailaz igo da talde etxarriarra

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak ez zuen denboraldi bukaera erraza izan, erregional mailako taldeari igoera fasean gertatu zitzaiona kontuan hartuta. Gertaera horiek, tamalez, kadeteen mailako Etxarri Aranatz taldearen lorpena ezkutatu zuten. Kadeteen bigarren mailako laugarren multzoko liga irabazi zuen Etxarri Aranatzek (68 puntu), Altsasu A laugarren izan zen (54 puntu) eta Lagun Artea zazpigarren (49 puntu). Horrela, kadeteen mailako igoera faserako sailkatu ziren Etxarri Aranatz eta Altsasu A.

Etxarri Aranatzek ligan egindako lan ikusgarriarekin jarraitu zuen igoera fasean. Larrate taldea bitan mendean hartu zuen, joanekoan 2-5, eta itzulerakoan 4-2, eta igoera fasea gaindituta, 2024/2025 denboraldian Etxarri Aranatzek kadeteen lehen mailan jokatuko du, eta baita Altsasu A taldeak ere. Lagun Arteak, aldiz, bigarren mailan segiko du.