Astekaria

"Paseo bizi bat ematea nahikoa izan daiteke aktibo izateko"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko uzt. 3a, 14:28

Olaia Eizagirre Sagastibeltza EHUko Jarduera fisikoa eta kirolean doktore gaia.

Olaia Eizagirre Sagastibeltza Jarduera Fisikoa eta Kirolan doktoretza tesia egiten ari da, eta emakume gazte gipuzkoarren laurdena inaktiboa dela ondorioztatu du argitaratutako artikulu batean.

Txikitatik jarduera fisikoa eta kirola egin izan du Olaia Eizagirre Sagastibeltza etxarriarrak. Futbolean hasi zen, baina lesio batengatik utzi behar izan zuen, eta gaur egun palan aritzen da. "Pribilegiatua" dela esan du, jarduera fisikoa eta kirola egitea "betidanik" gustatu izan zaiolako. EHUko Jarduera Fisikoa eta Kirolean doktoregaia da, doktoretza tesia egiten ari da, eta GIKAFIT taldearekin batera argitaratutako ikerketa artikulu baten arabera, Gipuzkoako emakume gazteen laurdena fisikoki inaktiboa dela ondorioztatu dute.

Zein izan zen ikerketaren abiapuntua?
Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean aritu nahi zuen, eta bere interesetako bat zen Gizpukoako emakumeek dituzten jarduera fisiko eta kirol azturak, arrazoiak eta oztopoak ezagutzea.

Ikerketarako 18 eta 29 urte bitarteko multzoa hartu duzue. Zergatik?
Adin tarte horretan sartzen direnak emakume gaztetzat hartzen dira. Hainbat ikerketak diote nerabezaroan orokorrean jarduera fisiko eta kirol praktika jaisten doazela, eta gero helduarorako trantsizioan ere jaitsiera handia ematen dela. Aldaketa etapa bat da, hainbat aldaketa ematen dira: unibertsitatean hastea, bizitokiz aldatzea, bikote harremanak hastea edo aldatzea, lagun taldetan aldaketak ematea... Aldaketa horiek eragin dezakete jarduera fisikoa eta kirola gutxitzea edo uztea erabakitzea.

Eta haurtzaroan nolakoa da aktibitatea?
Ez da ikerketa gaiaren talde zehatza, baina ikusi dugunaren arabera, orokorrean haurtzaroan neska eta mutilen artean antzekotasun handien ematen den etapa da. Nahiz eta nesken artean parte hartzea gutxiago izan. Hori bizitza etapa guztietan ematen da. Baina egia da haurtzaroan gehien egiten den etapa dela. Gero adinak aurrera egiten duen neurrian jaisten doa.

Nolakoa da ikerketa bat egitea?
Lehenengo pausoa izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa egiteko eskatu ziola EHUri. Orduan, jakin behar genuen gutxi gorabehera zer azturak dituzten emakumeek eta nolakoak diren. Lehenengo ikerketak bilatu genituen, zer ikertu den eta nola ikertu den. Galdetegi bidez ikertu bada, zer galdetegi erabili dira eta zer irizpideekin. Horren arabera erabaki genuen nazioartean erabiltzen den galdetegi bat erabiltzea. Horrek ere aukera eman digu datuak alderatzeko; Gipuzkoako emakumeen datuak nazioartekoekin alderatzeko. Galdetegia balidatu genuen eta gaztelaniara eta euskarara egokitu genuen. Fakultateko zenbait ikerlarik lagundu ziguten. Emakumeei bideratutako galdera batzuk gehitu genituen ere, amatasunarena, adibidez. Prozesu luze baten ondoren, osatu genuen. Osatu ondoren muestra txiki bat pasa genion. Beraiek feed backa eman ziguten gutxi gorabehera esateko galdera hau ez dela ulertzen edo beste hau anbiguoa dela. Aldaketa batzuk egin ziren eta galdetegia zabaldu genuen. Egia esan, ez genuen espero erantzuna: 4.000 erantzun jaso genituen. Izugarri izan zen. Horrek ere konplexutasuna ematen digu, datu horiek kudeatu eta aztertu behar direlako. Emakume gazteen artikuluan agertzen da ikerketaren zati bat. Ikerketa desberdinak egin ditugu; adin tarte bakoitzean zer nolako joerak daude aztertu dugu.

Nola kontaktatu zenuten emakumeekin?
Irekia izan zen. Hasira batean emailez bidali genuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak kontaktu batzuk bazituen, eta email bidez zabaldu genuen. Zabalkunde handiena Whatsapp bidez izan zen. Whatsappez eskatzen genuen 18 eta 65 urte bitarteko emakumeei galdetegia erantzuteko edo, bestela, galdetegia zabaltzeko. Horrela zabaltzen joan zen. Horren ondoren talde eztabaidak egin genituen. Sakontzeko aukera ematen digute. Galdetegiak esaten dizute jarduera fisikoa edo kirola ez egiteko arrazoi nagusiak denbora falta, nekea eta pereza direla, baina ez dizute zergatik zehazten. Orduan, herri desberdinetara joan ginen eta emakume desberdinekin eztabaidak egin genituen. 

Zenbat denbora aritu zarete lan honetan?
Ni tesiarekin 2020an hasi nintzen, eta garai horretan jarri zen ikerketa martxa; eta oraindik martxan dago. Datu pila bat ditugu aztertzeko.

Landa eremuaren eta hirigunearen artean ere desberdintasunak omen daude, ezta?
Bai. Landa eremuko emakumeei dagokienez ikerketek esaten dutenarekin bat egiten dute datuek: hirigunetan bizi direnak jarduera fisiko eta kirol gehiago egiten dute landa eremuetan bizi direnek baino. Landa eremukoek oztopo gehiago izaten dituzte. Gipuzkoako kasua, gainera, berezia da; orografia oso aldapatsua da eta talde eztabaidatan esaten zuten etxetik atera eta aldapa handia badago, ezin dutela paseo bat ere lasai eman.

Zer hartzen da da jarduera fisikotzat eta kirolatzat? Zer esan nahi du inaktiboa izateak?
Guk hartu dugu OMSek, Osasun Munduko Erakundeak, esaten duena. Gutxienez astean 150 minutuz egitea, hau da, bi ordu eta erdiz intentsitate moderatuan jarduera fisikoa edo kirola egitea. Intentsitate moderatuan egitea da arnasa pixka bat estutzen zaizuenean. Intentsitate baxua izango litzateke paseo bat ematera joaten zarela eta lasai hitz egin dezakezunean. Intentsitate ertainekoa edo moderatua izango litzateke pixka bat gehiago kostatzen zaizunean arnasa hartzea, azeleratzen zaizula, eta intentsitate altukoa izango litzateke hitz egiteko zaila edo ezinezkoa denean.

Eta ikerketaren arabera, zergatik dira Gipuzkoako emakume gazteen laurdena inaktiboak?

"Denbora falta, nekea eta pereza aipaten dute; txarrak direla pentsatzen dute ere"

Gehienbat galdetegietan aipatzen zuten denbora falta, nekea eta nagikeria. Horrez gain, bitxia izan zen lotsa eta konfiantza falta ere arrazoi nagusiak izaten direla, eta aldi berean elkarrizketetan nabaritu zen gorputz irudiarekin kontzeptu baxuak edo abilezia motorrarekin lotutako autokontzeptu baxuak; askok pentsatzen dute kirolean txarrak direla eta ez dutela jarduera fisikoa egiteko balio. Batzuk txikitatik barneratuta dute ideia hori, orduan, txikitatik baztertu dute askok, heziketa fisikoan egiten izan dituzten esperientzia txarrengatik.

Nola egin dakioke aurre inaktibitateari?
Hainbat teoria eta eredu daude pertsonen jarduera fisikoko jokabideak ulertzeko; zergatik egiten duzun eta zergatik ez duzun egiten. Guk erabiltzen dugun teorietako bat da teoria sozioekologikoak. Horrek funtsean esaten du norberaren edo pertsonen jarduera fisikoko jokabideak multifaktorialak direla eta multifaktore horien barruan daude pertsonalak, norberarenak, hau da, osasun egoera, adina, bizilekua eta abar. Gero egongo lirateke interpertsonalak, inguruan dugun egoera soziala; familia, lagunak eta lankideak ere izan daietezke.

"Ez da norberaren ardura soilik; kirol politikak eta instalakuntzak faktore dira"

Azkenik, testuingurukoak daude, orografia, kirol instalakuntzak edo kirol politikak. Orduan, honek konplexutasuna gehitzen dio pertsoneninaktibitateari aurre egiteari. Horren harira, guretako garrantzitsua da azpimarratzea kirol politika garatu behar dituztenei edo pertsonei ez dugula erori behar ardura pertsonalean, ez da norberaren ardura soilik.

Espero zenituzten jasotako ondorioak edo sorpresa izan zen?
Orokorrean esango nuke datu gehiengehienekin espero genituen emaitzak izan direla. Baina adibidez, buruz ari naiz, Gipuzkoan orokorrean hiru adin tartean banatuta, 18 eta 30, 30 eta 45 eta 45 eta 65, erdiko taldean gorakada bat ematen da. Gazteek jarduera fisiko gutxiago egiten dute, erdiko adin tartean gora egiten du aktibitatea, eta azken adin tartean behera. Hori nahiko deigarria izan zen.

Mundu mailako ikerketekin alderatuta, nolako emaitzak dira Gipuzkoakoak?
Orokorrean datu gehienak nazioartekoena oso antzekoak direla esango nuke, baina landa eremuetan zehaztuta egia da nazioarteko landa eremuak nahiko desberdinak direla. Adibidez, Australiako datuekin alderatzen baditugu, Australiako landa eremua guztiz desberdina da. Orduan, oso zaila egiten zaigu guztiz alderatzea. Australiako landa eremuak oso remotoak dira, hiriguneetatik oso urrun daude, eta Gipuzkoan, aldiz, dena pilatuta dago. Landa eremu asko daude, herri asko, baina nahiko konektatuta daude. Horrek ere erraztasuna eman dezake; nahiko homogeneoak dira eta horrek ikertzen laguntzen digu. Baita Nafarroan bertan ere.

Ikerketa Nafarroara ekartzea pentsatu duzue?

"Gustatuko litzaidake ikerketa Nafarroan eta Sakanan egitea; elkarlana behar da"

Nafarra izanda, niri gustatuko litzaidake. Baita Sakanan egitea ere. Gipuzkoako landa eremuak ikertzen ari naizenez, sakandarra izanda eta Sakana landa eremua denez, asko interesatzen zait. Gainera, Sakanak orografia menditsua eta malkartsua dauka. Baina kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean aritzean badaude kontratu antzeko batzuk eta guri ez bazaigu etortzen Nafarroako Gobernuaren proposamen bat zaila da. Interesgarria da eta egin daiteke, baina elkarlan bat badago asko errazten du. Ez dut alde batera uzten; gustatuko litzaidake.

Ikerketarik egin gabe, modu informalean, nola ikusten duzu egoera?
Egia esan, Sakanan paseorako leku dezente daudela esango nuke. Herri bakoitzean ez dakit, baina askotan paseorako aukerak daude. Agian jarduera fisikoa edo kirola esaten dugunean ez zaigu hori burura etortzen, baina paseo bat bizi-bizi ematea nahiko izan daiteke aktibo horretan sartzeko. Astean hiru paseo lagunekin eta azkarazkar ematea izan daiteke nahikoa. Esaterako, padela duela zenbait urte modan dago eta duela gutxi iritsi zen Sakanara. Gazteendako eta helduendako, adin guztietarako eta abilidade maila guztiendako egokia da. Haurrendako kirol eskaintza izugarria dago, baina egia da helduendako eta emakumeendako agian ez dagoela hainbeste. Gimnasioa, kiroldegiko eskaintza eta hortik aurrera zure esku dago. Agian ez baduzu egiten, inaktiboa bazara, zailagoa egingo zaizu, esaterako, bizikleta talde batean edo atletismoan sartzea. Abiapunturik ez baduzu laguntza pixka bat behar duzu.

Artikuluan emakumeen taldeak edo talde mistoak nahiago zuten apatzen zen ere.
Talde eztabaidatan esaten zuten ez zitzaiela inporta gizonen taldetan aritzea, baina ez zait inporta hori esaten zutenak dagoeneko kirol bat baino gehiago egina zutenak ziren; mundu horren barruan zeudenak. Kanpoan bazaude, ez dakizu nondik hasi, txikitatik esan badizkizute komentarioak eta zuk sinistu baduzu ez duzula balio... Agian ez da erakargarria gimnasio batera joatea. Gainera, normalean gimnasio batean pentsatzen baduzu gizonez beteak irudikatzen ditugu, ez dakizu makinak nola erabiltzen diren, zer egiten dut hemen esaten diozu zeure buruari, barre egingo didate, lotsa ematen dit... Mundu berria da eta gainera gizonezkoena. Ez da erakargarria.

Eta tradizioz emakumezkoen kirolak kontsideratzen direnak?
Orokorrean kirol horietan parte hartzen duten emakume gehienek: aerobic, zumba, euskal dantzak ere esan ziguten askok. Baina egia da zerotik hasi behar denak zailtasun hori izaten jarraituko duela; nahiz eta tradizio femeninoko munduak izan, aurretik ez baduzu egin zuretzako mundu berri bat izaten jarraituko du. Nahiz eta emakumeekin egon, zaila izango da. Adibidez, nik txikitan dantza egin nuen, baina orain sartu behar banaiz niretako leku inseguru bat izango zen, ez dut ezagutzen, ez daukat erritmoarekin konfiantzarik, talde berri batean sartzea izango zen, eta dagoeneko denek dakite dantza egiten eta ni zerotik hasi behar naiz. Oztopoak badira. Horregatik garrantzitsua da abilezia maila antzeko dutenekin praktikatzea. Esaten badidate ni bezalako abilezia duten bost daudela, erosoago sentituko nintzateke; ez naiz lekuz kanpo sentituko.

Zergatik sartu zinen doktoretzaren abentura horretan?
Nahiko abentura da, bai. Magisteritzako gradua egin nuen, Iruñean, eta gero Jarduera fisikoa eta kirola masterra egitera joan nintzen Gasteizera. Gradu Amaierako Lanean gutxi gora behera izaten duzu ikerketa delakoarekin gerturapen bat, eta ikusi nuen gustatu zitzaidala ikerketak bilatzea, zer ikertu den ikustea eta datuak eduki eta horiek azteratzea. Orduan Jarduera fisikoa eta kirolaren ikerketara bideratutako masterra egitea erabaki nuen, eta gero ikusiko nuen. Irakasgaiak gustatu zitzaizkidan eta Master Amaierako Lana ikerketa bat egitea izaten da. Bi tutoreekin egin nuen, Uxue Fernandez Lasa eta Oidui Usabiaga Arruabarrena irakasleekin, eta MAL aurkeztu ondoren esan zidaten ea tesia egin nahi nuen beraiekin. Niretako izugarrizko poza izan zen beraiek eskaintzea, eta baietz esan nuen. Doktoretza ikasle bezala hasten zara, gradu bat egitea bezala da, eta finantzaketarik gabe hasi nintzen. Beka eskatu nuen, baina ez zidaten eman. Normalean publikatutako artikuluak, elkarlanak, entitate batekin proiektu handi bat egitea eta abar puntuatzen dute, eta lehenengo urtean oso zaila izaten da. Orduan, ikasle bezala jarraitu nuen nire buru horretan ikusten nuelako eta ikusten nuelako beste urte bat gehiago jarrai nezakeela, eta beka lortu nuen. Orain ikerlari predoktorala naiz EHUn.