Txipua kentzeko ardura zeinena da?

Guaixe 2024ko uzt. 9a, 09:00

Txipua ibai erdian botata.

Ebroko Ur Konfederazioak dio udalarena dela, eta udalak ezetz.

Ibai ertzean zegoen txipu bat erori eta Movistarren kable bat aurretik eraman zuen garagarrileko bigarren astean. Telefonia konpainiak beste kable bat jarri zuen eta zerbitzuan ez zen eten handirik gertatu. Baina tamaina handiko txipuak ibaian botata segitzen du, NA-120 errepideko zubiaren kontra kasik. Etxarri Aranazko Udalak Ebroko Ur Konfederazioari txipua kentzeko eskaera egin zion. Estatuko erakundeak erantzun dio populatutako gune batean denez, udalaren ardura dela kentzea. 

Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu duenez, "konfederazioak aurretik eman dizkigun beste erantzun batzuekin kontraesankorra da orain emandako erantzuna. Aurretik arrazoi beragatik udalari ez diote hainbat gauza egiten utzi. Beraien ardura da". Bestalde, alkateak jakinarazi duenez, "Nafarroako Gobernuko Arrainak Kudeatzeko Atalak jakinarazi digu ibai ertzak txukundu nahi dituela eta dauden txipuak moztu. Ez dute data zehatzik eman, baina aurki eginen omen dute". Saez de Albenizek gogoratu du ere kastoreen jardunaren ondorioz, txipuak ibaira erortzen direla.