Aisialdi begirale ikastaroa egin dutenendako diru laguntza deialdia

Guaixe 2024ko uzt. 11a, 11:52

Etxarriarrak plazan. ARTXIBOA

Eskabideak hilaren akaberara arte aurkez daitezke udaletxean.

Etxarri Aranazko Udalak aisialdi eta denbora libreko begirale ikastaroan matrikulatzeak eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin du. Udalak diruz lagunduko ditu 2023ko lastailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra arte egindako ikastaroren matrikulak, bai ikastaro estentsiboak bai trinkoak. Ikastaroa egiteagatik sortutako kilometraje gastuak ez ditu diruz lagunduko. Udalak 2.000 euro bideratu ditu deialdi horretarako. Jakinarazi duenez, onuradunek gehienez 450 euro jasoko dituzte. 

Deialdian interesa duenak eskabide orria beteta aurkezteaz aparte, honako dokumentazioa ere eman beharko du: nortasun-agiriaren kopia; erroldatze ziurtagiria, eskabideak aurkezteko epea hasten deneko antzinatasuna duena gutxienez ere; ikastaroa eman duen erakundeak eginiko ziurtagiria asistentziari edo aprobetxamenduari dagokionez eta matrikula ordaindu izanaren agiria eta aitorpena, helburu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Deialdiari buruzko informazio guztia etxarriaranatz.eus webgunean dago.