Ekainaren 27tik 30era eskola adineko 36 metro frontoiko Espainiako Federazioen Arteko Txapelketa jokatu zen Iscarren (Valladolid). Nafarroako selekzioko hautatzaileek prestatutako ordezkaritzan sakandar bakarra zegoen, ekainaren 23an Lekunberrin Julene Inunziagarekin batera kadeteen mailako Nafarroa Foru Komunitatea Paleta Goma Torneoa irabazi zuen Maialen Larraza Senar palista etxarriarra.
Larrazarendako, "ahaztezina"
Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko Maialen Larraza lehenengoz aritu zen Espainiako Federazioen Arteko Txapelketan, eta bertan aritzeko “irrikaz” zegoen. Banakako Paleta Goma Txapelketan jokatzek hautatu zuten, Orbaitzetako Elaia Zabalzarekin batera. Hautatzaileak une bakoitzean erabaki zuen nork ordezkatuko zuen Nafarroa, eta Larrazak partida bakarra jokatu zuen, Gaztela Mantxaren kontrako partida. Partidak hiru setetara jokatu ziren. “Lehenengo setean nahiko urduri hasi nintzen, gaizki samar. 3-7 galtzen ari nintzela, partidari buelta eman nion eta 10-7 irabazi nuen lehen seta. Bigarrenean, askoz hobeki aritu nintzen, eta 10-3 irabazi nuen. Kanporaketa aurrera atera nuen” azaldu du Larrazak.
Maialen Larraza: "Nafarroako selekzioan oso pozik gaude lortutakoarekin"
Gainontzeko partidak Auñamendi klubeko Elaia Zabalzak jokatu zituen. “Bera oso prestatua dago modalitate honetan, denbora asko darama entrenatzen, eta oso jokalari ona da”. Nahiz eta txapelketan partida bakarra jokatu, egindako lanarekin “oso pozik” dago palista etxarriarra, “aurten hasi naizelako modalitate honetan entrenatzen eta entrenamendu oso gutxi egin ditudalako. Beraz, oso pozik nago”. Larrazak eta Zabalzak egindako lanari esker, Nafarroak irabazi zuen Emakumezkoen Paleta Gomako Espainiako Txapelketa, etxarriarraren zoramenerako. Trofeo garrantzitsua batu du bildumara.
Nafarroako selekzioan ere oso kontentu daude. Guztira zortzi modalitate ezberdinetara aurkeztu zen Nafarroa, eta zazpi irabazi zituen. Zazpi kopa horietaz gain, Espainiako Txapelketako kopa nagusia irabazi zuen Nafarroak. “Gure modalitateko paleta gomako kadete mutilak izan ziren garaipena lortu ez zuten bakarrak, baina finalerdietara sailkatu ziren, eta finalerdietan oso partida ona jokatu zuten. Beraz, Nafarroako selekzioan oso pozik gaude”. Bizitakoarekin liluratuta dago Larraza. “Esperientzia bikaina izan da, oso gustura pasatu dudalako eta lagun asko egin ditudalako. Ahaztezina izan da”.
Lopez de Goikoetxearen kopa
Espainiako Eskola Arteko Txapelketan Nafarroako selekzioak egiten duen egonaldia kudeatzen eta bertara joaten makina bat urte daramatza Pablo Lopez de Goikoetxea Sueskun altsasuarrak. Nafarroako Pilota Federazioko kidea izan zen 30 urte inguru, makina bat kargu eta ardura izan zituen, eta oraindik bera da Iscarreko Espainiako Eskola Arteko Txapelketaren Nafarroako selekzioaren ardura. Jakina, berak jaso zuen Nafarroako selekzioak irabazitako kopa.
Kontentu dago Altsasuko beteranoa. “Nafarroak pilotan duen etorkizunarekin pozik nago, eta titulua lortzen bada, hobeki”, azaldu du pilotaren sustatzaile nekaezinak.