Jon Maiak bere disko bati Kantu bat gara izenburua eman zion. Etxarriarrek Gwendalen Irish jig kantua bere egin dute eta herritik kanpo ere Aupa Etxarri! gisa da ezaguna. Karlos Nabarro Andueza, Mikel Oiarbide Zabala eta haien lagun koadrilaren ekimenez etxarriar askoren ametsa beteko da: Gwendalek herrian joko du agorrilaren 2an, ostirala, 22:30ean, herriko plazan. Aurretik Howdy Bluegrass taldeak kontzertua emanen du.
Nola sortu zen Gwendal taldea Etxarrira ekartzeko ideia?
Mikel. Beti geunden hizketan: "Gwendalen abestia zein famatua den Etxarrin". Duela bi urte Getxoko folk jaialdira gerturatu ziren. Erokeria moduan esan genuen: "hona ekartzen saiatuko bagina?" Aurreko urtean saiatu ginen, baina birak ez zuen bat egiten. Aurten bai, Galiziara joan aurretik hona etortzeko aukera zegoen eta saiatu gara.
Karlos. Joan zen urtean bidalitako e-postari ez zioten erantzun ere egin. Gero jakin genuen bira luzea prestatzen ari zirela. Duela hilabete-edo lagun batek hots egin zigun esanez Gwendalen ordezkariarekin zegoela eta, data libreen inguruan galdetuta, festa bezperarekin bat etorri zen.
Zeinek aipatzen zen Gwendalen kontua?
M. Koadrilan, zurito batzuk hartuz hizketan geundela sortu zen ideia. Saiatu gara eta bide onetik doala uste dugu. Haiekin hitz egin dugu, eta dena lotuta dago.
Eta Gwendalek jarraitzen zuen bazenekiten?
K. Bai, tarteka Getxora etortzen zirela jakin genuen. Martxan zeudela jakinda, "nola ez ditugu Etxarrira ekarriko" esan genuen. Horrela hasi ginen.
Taldeak itzala du, hala kobratuko dute. Horrek ez du atzera eragiten?
K. Taldean artista bat dugu eta hura jarri genuen taldearekin harremanetan. Esan genuen: "honek jarriko ditu bere tokian, bere prezioan". Eta hala egin du. Oztopo gehienak pasa ditugu.
Kontzertua antolatzeko jende gehiago elkartu da?
M. Hasierako lagun koadrilari beste batzuk elkartu zaizkigu, taldetxo bat egin dugu, bestela ezinezkoa litzateke. Teknikoki guk ez dakizkigun gauzez dakien jendea behar da, halakoak gerturatu dira. Sei gara.
Zein lan hartu duzue zuek?
K. Momentuz, kamiseten salmenta eta egun horren antolaketa. Gero, beharbada, hartuko ditugu beste batzuk.
Kontzertua ordaintzeko, kamisetak?
M. Herriko gauza bat denez, herriak dirulaguntza hori nola bideratu pentsatzen egon ginen. Eta egokia iruditu zitzaigun kamiseten salmentaren bidez finantzatzea. Herri bezala taldea eginen dugu denok kamiseta bera izanda. Era berean, Etxarriko ereserkia izan daitekeen kantua jotzen duen taldearen kontzertua finantzatuko dugu.
Noiztik kamisetak saltzen?
K. Garagarrilaren 20an. Lehenik kintadetako sare sozialetako taldeen bidez mugitu genuen. Ondoren bakarkako hizketaldiak, etxeetako postontzietan informazioa utzi dugu ere garileko lehen asteburuan. Diru gehiena hortik ateratzea espero dugu. Pentsatzen dugu gauzak ongi doazela, baina, bestela ere udalaren babesa ere badugu.
Noiz eskuratu daitezke?
M. Aste batean enkargatu eta ordaindu egiten dira, eta hurrengoan jaso. Ostegun eta ostiral arratsaldetan eta igande eguerditan gaude plazan. Jasotako eskaerekin igandean bertan eskaera egiten dugu eta eskatu duenak ostegunean jaso dezake bere kamiseta. Jasotako eskaera adina kamiseta egiten ditugu bakarrik, bestela dirua aurreratzen badugu, bai edo bai dirua galduko genuke. Horrela azkeneko xentimora arte aprobetxatzen dugu. Eskaera egiten duenak bere kamiseta izanen du, bestela erosteko oso zaila izanen da.
K. Garilaren 21era arte egonen gara.
Zer harrera izan dute kamisetek?
K. Jendearen aldetik oso erantzun ona izan da. Eta marrazkia oso polita iruditzen zaie. Joseba Beramendi Nazabalena, Exprairena, da marrazkia. Gaur (garilak 4) hiruzpalau etorri dira esanez: "herria bat egiten duen zerbait falta zen. Ohituta gaude herria bi zati egiten duenari. Eta honek herria egiten du bat". Hori niretako pozgarria da.
Dirua ateratzeko beste asmorik baduzue?
M. Egunean bertan hanburgesak saltzeko asmoa dugu. Kamiseten salmenta nola doan ikusita, zenbat behar dugun, aztertuko dugu. Ahalik eta diru gehien lortu nahi dugu udalari karga kentzeko. Oraindik denbora badago eta ikusiko dugu.
Zuen asmo honek zer harrera izan du Etxarrin?
K. Gure inguruan oso ona. Eta, gainera, jendea deika: "nola da hori? Nola egin duzue?"
M. Dena oso positiboa izan da: "oso ongi! Ideia ona izan duzue! Honek herria egiten du". Oso gauza politak entzun ditugu. Herrian gelditu da albistea eta kanpoan ez dugu ezer entzun.
Noiz izanen da kontzertua?
M. Festen hasieraren bezperan, agorrilaren 2an, ostiralarekin, 21:15ean hasiko da.
K. Gwendal ez da bakarra. Hasierako taldea ere badago: Howdy Bluegrass. Hondarribiko talde bat, Amerikako Estatu Batuetako mendebaldeko musika hori egiten du. Jendeari esan eta harrera ona izan du horrek ere, gustatu zaie.
Plazan?
M. Ez dakigu, zehazteko dago.
K. Gauza da Irish jip, Aupa Etxarri!, abestia kioskoan dantzatu behar dela bai ala bai. Ez dakigu nola lotu hori.
M. Jendeak kioskoa du buruan. Abesti hori beste edozein tokitan ez da gauza bera. Han egiten saiatuko gara. Baina ez dakit egun horretarako arbolak eta etxe batzuk kendu beharko ote ditugun, herri guztiak egun horretan dantzatu nahiko duelako. Pentsatzen dugu historikoa izanen dela.
Noiztik ezagutzen duzue Gwendal?
K. Aspalditik, oso gaztea nintzenetik.
M. Betidanik. Lehen orain baino askoz ere gehiago entzuten zen Gwendal, zelta musika, berbenetan-eta.
K. Musika instrumentala da, eta lehen halakoak gehiago entzuten ziren.
Zuzenean ikusi dituzue?
M. Sekula.
K. Nik ezta ere.
Taldeak urte pila ditu, taldean aldaketarik izan da?
M. Ez dakigu. Abestiak, berez, 50 urte dauzka. Taldeak denbora horretan zer ibilbide izan duen... Den-denak ez dira egonen, baina gauza da batera jarraitzen dutela, eta Etxarrira ekarriko dugula.
Badakite nora eta zertara etortzen diren?
K. Zer edo zer badakitela uste dut. Lehen aipatutako artista hori moldatu da zerbait bidaltzeko. Haiek ikus zezaten bideoa ere eskatu du. Zer ikusiko duten jakiteko girotzen ari da.
Ez da kanta bakarreko taldea.
M. Ez. Agian ezagunena hori da, baina jendea aurretik hasten bada Gwendalen abestiak entzuten ikusiko dute oso talde ona dela. Talde txar batek ez ditu 50 urte irauten. Abesti oso onak dituzte. Gozatzeko aukera edukiko dugu.
Nolako emanaldia espero duzue?
K. Ez dakit. Aurrena gonbidatutako taldea. Gero pentsa dut Gwendal nahiko lasai hasiko dela, baina jendea berotzen joanen dela, abesti horren zain. Eta plaza betetzen joanen da. Eta ez dakit non emanen dugun buelta.
M. Agian sortu daitezke beste borobil batzuk: kioskoan eta beste bat plazako zabalgune horretan. Zeren denak kioskoan bueltan ez gara sartuko. Behintzat hala espero dugu. Hala izanen da.
Jendeak zertara joan behar du, entzutera edo dantzatzera?
M. Bietara, baina dantzatzera. Gwendalek gure dantzatzeko erara dantzatzeko bidea ematen du. Gu ez gara rock and rolla dantzatzeko-edo. Gu gara lepotik heldu eta kioskoari bueltak ematekoak. Gwendalek horretarako aukera ematen duen musika jotzen du.
Bueltak emateko aukera izanen duzue?
K. Nahi nuke. Bestela esanen diogu bis bat jotzeko, edo bi, edo hiru, edo lau (kar, kar, kar).
Plaza taldetan ibilitako etxarriarren iritziak
“Lehenengo mugimenduak jotzen hastea nahikoa zen jendean beste zerbait nabaritzeko”
Juanjo Mintegi Dorronsoro Addar taldean bi urtez aritu zen, 1986 eta 1988 urteen artean.
Gaztetxo zireneko "ateraldi bat" izan zen taldea. Betidanik akordeoia jotakoa, hura modan ez zegoenez, Addarren teklatua jo zuen.
Errepertorioan Irish jip zenuten?
Bai. Guk Gwendalen hiru kanta jotzen genituen. Hori kantu xinplea da, errepikatu eta errepikatu. Ez dauka besterik. Baina akorde berdinetan bariazio batzuk egiten genizkion; berdina, bariazio batzuekin, osagarriago egiteko.
Zergatik haien hiru kanta?
Ordurako kantak bazituen urte batzuk. Plazetan oso ohikoa izaten zen. Eta Etxarrin zen ereserki bat bezalakoa. Lehenengo mugimenduak jotzen hastea nahikoa zen jendean beste zerbait nabaritzeko. Derrigorrezkoa zen.
Zergatik horrelako arrakasta?
Ez dakit. Niretako Gwendalen Jackson morning askoz ere politagoa eta osatuagoa da. Behintzat lau zati ditu. Beste hau dena berdina da. Baina hori gustatzen zen.
Izenburua ere aldatu zaio.
Ez dakit nondik sortu zen Aupa Etxarri! Altsasuko lagun batek ere horrela ezagutzen du. Gure garaian Gwendal gisa ezagutzen zen. Eta ematen zuen Gwendalen kanta bakarra hori zela.
Askotan eskatzen zizueten?
Bai. Eta eskatu gabe ere behar bezalako bat ikusten zenuen. Edozein kalejira jo zenezake, baina honek badu irlandar kutsu hori, eta hemen beti gustatu da zelta musika. Bestaldetik, rantxerak-eta. Baina kalejiretan irlandarrak asko gustatu izan dira.
Beste herriren batek beretako hartu du kantaren bat?
Ez. Nahiz eta errepertorio bera jo, ez zen atzematen hemen gertatzen zenaren bezalakorik.
“Jendea erotuta ibiltzen zen kioskoari bueltaka”
Joxe Garziandia Iriarte Jator plaza taldean aritu zen 1980 eta 2000 urteen artean
Tronpeta ikasi eta Etxarriko bandan jotakoa. Jatorren jolea behar zutela, eta horrela sartu zen Garziandia taldean. Ordurako bazuen Jatorrek ibilbidetxoa eginda. Bi disko argitaratu zituen Jatorrek.
Errepertorioan Irish jip zenuten?
Bai. Arrakasta izugarria zen. Hemen, Etxarrin, behintzat jendea erotuta ibiltzen zen kioskoari bueltaka.
Zergatik horrelako arrakasta?
Musika polita da. Bretoiak dira, zelta musika da. Guri gustatzen zaigu kalejiretan ibiltzea-eta, eta hemen izugarrizko arrakasta izan zuen. Suabe hasi eta azkartzen joaten da. Eta esaten genuenean: "buelta erdi", jendeak kioskoari buelta beste norabidean jarri behar eta, askotan, zalaparta handia sortzen zen, batzuk alde batera eta besteak bestera buelta ematen zutelako.
Kiosko gainetik ikusita, zer?
Goitik ikusita polita zen. Gozatu handia izaten zen, bai. Gainera, izugarrizko abiadura hartzen du jendeak kioskoari bueltak ematean.
Nola eskatzen zuen kanta: Gwendalena edo Aupa Etxarri?
Aupa Etxarri! esateko oraindik ez zen hain ezaguna. Gwendalen kanta zen, eta jendeak hala eskatzen zuen.
Askotan eskatzen zuten?
Askotan eskatu, eta guk jotzen genuen. Jotzea gustatzen zitzaigun, jendea gustura ibiltzeko, bueltaka.
Beste herrietan arrakastatsua zen?
Herri guztietan jotzen genuen.
Beste herriren batek beretako hartu du kanturen bat?
Gure taldean mexikar doinuak garrantzitsuak ziren. Ez dakit zergatik baina Euskal Herri guztian asko gustatzen dira.
“Jotzen duzunean jendearen garrasia entzuten da”
Mikel Mundiñano Larraza Tximeleta plaza taldean aritu zen 2001 eta 2020 urteen artean.
Mundiñano Anaiak taldean aritu ondoren, Jatorretik zetozenekin bat egin eta trikitixa jo eta abesten segitu zuen Tximeletan. Disko bat argitaratu zuten.
Errepertorioan Irish jip zenuten?
Lehenengo urtetik. Bai Jatorrek bai Mundiñano Anaiak-ek jotzen zuten. Horren zabalpenaren kulpa handi bat badugu ere. Ez dakit zenbatetan joko nuen kantu hori azken 30 urtetan.
Ordurako ezaguna zen kanta.
Bai, baina ez Aupa Etxarri! bezala. Mundiñano Anaiak-en Gwendal kalejira deitzen genion. Askozaz beranduago, orain dela gutxi hasi dira herritarrak kantu horri Aupa Etxarri! deitzen.
Nondik heldu da izen hori?
Horren erru pixka bat beharbada ere izan dezakegu guk. Kantu horren momentu batean oso egoki gelditzen da "Aupa Etxarri!" esatea. Hori, ziurrenik musikari batek probokatua da. Ez dakit gu izan ginen edo ez. Baina pixkanaka hedatu da, eta horrela deitzen hasi ziren. Jotzen duzunean jendearen garrasia entzuten da. Gainera, isilunea dagoen tarte bat da, eta "Aupa Etxarri!" ongi sartzen da.
Zergatik da hain ezaguna?
Kalejira alai bat da. Herriak gauza berezia du: kioskoa. Horrek ahalbidetzen du kalejira egitea. Belaunaldiz belaunaldi kantu hori herriko memoria kolektiboan sartu da. Horrek eragin du. Eta guk probokatu dugu: Etxarrira etortzen ginen aldiro taldekide kantu hori hainbeste jotzeaz aspertzen ziren. Plaza hutsik bazegoen plaza betetzeko bermea zen. Horretarako baliabide egokia zen.
Askotan eskatzen zen?
Askotan, askotan, askotan. Jendea tabernaz taberna aritzen den horretan kioskora iristen denean berak nahi duen kantua entzun nahi du, jakin gabe jo dugun aurreko kantua dela. Jendea "nahiko astuna" izan da. Eta horrek ahalbidetu du kanta horrek bere popularitate hori lortzea.
Beste herriren batek beretako hartu du kanturen bat?
Ez. Baina Etxarritik aparte asko jo dugu kantu hori, azken finean, kalejira bat zelako eta giroa sortzen zuelako. Kantuaren melodia sinplea izan daiteke, baina Tximeletan bagenituen txirula, gaita, trikitixa eta panderoa eta horrek moldatzeko aukera ematen zigun, hain astuna ez izateko. Eta behin eta berriz errepikatzen denez, aldaera txiki bat sartu genion: bigarren zati bat gaitarekin egiten genuen, dena hain errepikakorra ez izateko.