Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Nafarroako Herriz Herri Txapelketa uztailaren 20an hasiko da, Beran. Aurten talde sakandar bat izango dugu herri kirol txapelketa berezian, Etxarri Aranatzek taldea atera baitu. Arraioz, Basaburua, Berriozar, Irurita, Ultzamaldea eta Txantrea taldeak izango ditu aurkari.
Txapelketa mistoa izango da, eta emakumezkoak eta gizonezkoak batera aritu beharko dira. Bi proba konbinatu desberdinetan lehiatu beharko dute taldeek. Lehen proba konbinatuan, koxkolak, zakua, aizkora, korrika eta trontza probak osatu beharko dituzte, eta bigarren proba konbinatuan txingak eta ingude altxatzea.
Hirugarren jardunaldia, Etxarrin
Lau jardunaldi eta finala jokatuko dira. Talde bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu, eta jardunaldiko lau talde onenak pasatuko dira finalera. Lehen jardunaldia uztailaren 20an, 18:00etan jokatuko da Beran (Toki-Ona). Etxarri Aranatz, Txantrea eta Ultzamaldea taldeak lehiatuko dira. Bigarren jardunaldia Elizondok hartuko du uztailaren 27an (Iriarte frontoia). Arraioz, Basaburua, Irurita eta Berriozar lehiatuko dira. Hirugarren jardunaldia Etxarri Aranazko festetan jokatuko da, abuztuaren 3an, arratsaldez. Etxarri Aranatz, Basaburua eta Berriozar ariko dira lanean. Laugarren jardunaldia Antsoainen jokatuko da, abuztuaren 10ean, 18:00etan (IDAKI). Irurita, Txantea eta Ultzamaldearen txanda izango da. Azkenik, final handia Burlatako Ezkabazabalek hartuko du, abuztuaren 18an, 19:00etan.