Abuztuaren 11n 21. Ramon Latasa Aizkolari Memorial ezaguna jokatuko da Sunbillan, 18:30ean. Proba nagusian egungo zortzi aizkolari onenek hartuko dute parte, lau bikotetan: Iker Vicente-Ibai Soroa, Julen Alberdi ‘Txikia IV’-Ugaitz Mugerza, Mikel Larrañaga-Hodei Ezpeleta ‘Bihurri II’ eta Aitzol Atutxa-Eneko Otaño.
Proba nagusiaz gain, emakumezkoen Memoriala jokatuko dute egungo aizkolari onenek, hiru bikote osatuz, eta aizkolari beteranoen eta gazteen arteko dema jokatuko da. Nafarroako taldea Donato Larretxea eta Antonio Jaunarena beteranoek eta Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide gazte etxarriarrek osatuko dute, eta Gipuzkoakoa Angel Arrospide eta Jose Ugarteburu beteranoek, Unai Etxeberria eta Igoin Pikabearekin. Talde bakoitzak 45 ontzako 10 enbor erdibitu egin beharko ditu.