Joseba Sesma etxarriarra Kanaria Handian bizi da, uhartearen hegoaldean, Maspalomas aldean. Irailean bost urte egingo ditu Kanaria Uharteetara bizitzera joan zela. "Urtero oporretara bertara joaten ginen, eta azkeneko aldi batean komentatu genuen ea zergatik ez ginen bizitzera etortzen". Bi urtetan etxea aukeratzen, lana bilatzen eta bertara bizitzera joateko beharrezkoa zutena egiten hasi ziren.
Bizitokia eta sorterria alderatuz gero, Kanarietan urte osoan eguraldi ona egiten duela, esperientzia berriak bizitzen ari dela eta lagun berriak ezagutu dituela nabarmendu; sorterrian, aldiz, familia eta lagunak ditu.
"Ibaien, hemen ez daudelako; mendien, eta herriko giroa eta poteoaren irudiak eramaten ditut"
"Lanaren arabera" itzultzen da Sesma sorterrira: "Urtean behin edo bitan joaten saiatzen naiz; ez da erraza, baina moldatzen saiatzen naiz". Lanaren arabera ere lagunduta edo bakarrik etortzen da, "oporrak hartzen ditugunaren arabera, kointziditzen dugun ala ez". Luze egoteko asmoarekin etortzen da etxarriarra. Aurten martxoan kintoekin sagardotegi batean egon zen eta, beraz, herrira bueltatzeko "zaila" dauka. Udako oporrak "atzerrira joateko" baliatuko ditu, "baina egun batzuk sobera baditut joaten saiatuko naiz".
Etxarri Aranatzera iristen denean lehenengo egin beharra, "zalantzarik gabe", familia eta lagunak ikustea da Sesmarendako: "Normalean gutxitan ikusten dugu elkar, nahiz eta askotan lagunak eta familia gurera etortzen diren egun batzuk pasatzera". Sorterrian dagoenean lagunekin eta familiarekin bazkaltzera, afaltzera, kafe bat hartzera eta abar egitea gustatzen zaiola esan du etxarriarrak: "Lehen egoten ginen lekuetara joatea eta gauzak aldatu diren ala ez ikustea gustatzen zait ere, besteak beste".
Lagunekin elkarrekin egoten ziren garaiak gogoratzeko eta "barre egiteko" momentuak izaten dira sorterrira bisitak.
Bizitokira, Kanaria Handira, itzultzean Etxarri Aranatzen egin gabeko gauzak gelditzen zaizkio Sesmari: "Herrira joaten naizenean mundu guztiarekin elkartu nahi dut, baina oso zaila da guztion lanagatik. Horregatik agenda moduko bat egiten dut ahal dudan gehienekin elkar ikusteko". Hortaz, haiekin egoteko aukerarik ez badu, "aitzaki ederra hurrengorako".
Sesmak esan duenez, ez da oso mendizalea, baina etxera eramaten duen usain batengatik galdetuta, "herriko eta basoko usaina nirekin eramaten dudala, baita etxeko usaina ere, noski!". Irudi "batzuk" eramaten ditu ere berarekin: "ibaien, Gran Kanarian ez daudelako; mendien, eta herriko giroa eta poteoaren irudiak eramaten ditut". Bizitokian poteoaren kultura ez dagoela eta faltan botatzen duela esan du etxarriarrak.