Irailaren 7an juniorren eta kadeteen bigarren urteko LI. Lukingo Udala Saria jokatu zen, 82 kilometroko lasterketa gorabeheratsua. Hasieratik bizi-bizi jokatu zen proba, eta eraso saiakera asko izan ziren. Eñaut Oiarbide etxarriarra (Quesos Albeniz) eta Ioritz Dorronsoro (Zu eta Biok) iritsi ziren batera helmugara, eta sprint estuan Eñaut Oiarbidek denboraldiko bere lehen garaipena lortu zuen (2:02:24). Segundo gutxira gainontzeko txirrindulariak sartu ziren, alde txikiarekin. Top 10ean bi sakandar sailkatu ziren: Luca Martinez (Sakana Group-Alea) lakuntzarra bederatzigarren izan zen, eta probako lehen kadetearen saria jaso zuen; eta Iker Gomez altsasuarra (Quesos Albeniz) hamargarren sailkatu zen. Hain zuzen ere Iker Gomez Belgikara bidean dago, Espainiako selekzioarekin Europako Txirrindularitza Txapelketetan parte hartzeko.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Begiristain (Quesos Albeniz) hamaseigarren iritsi zen; Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 23.; Manex Huarte (Sakana Group-Alea) 32.; Mikel Viloria (Quesos Albeniz) 33.; Erik Laiglesia (Sakana Group-Alea) 36.; Janitz Zufiaurre (Sakana Group-Aralar) 37.; eta Mikel Arrizabalaga (Quesos Albeniz) 41.
Talderik onena txapeldunaren taldea izan zen, Quesos Albeniz Burunda taldea.