Etxarri Aranatzen bizi den Iñigo Orradre Burusko mendi korrikalari aezkoarrak, aldi berean mediku traumatologo oso ezaguna denak, sekulako balentria egin du. Alpeetan barna 360 km dituen Suitzako Swiss Peaks Trail muturreko trail gogorra osatzeaz gain, bosgarren sailkatu zen. Ikaragarria. 103 ordu behar izan zituen horretarako, lau egun luze.
Swiss Peaks Trail munduko trail probarik gogorrenetarikoa da. Valaisen jokatzen da (Suitza), eta aurtengoa zazpigarren edizioa izan da. Zazpi distantziatan jokatzen da, luzeena 660 km-koa, eta laburrena , maratoi erdia. Alpeetako bailaretan barna jokatzen da, Leman lakuaren bueltan. Iñigo Orradrek 360 km-ko distantzia eta 26.610 m. desnibel + zuen muturreko ultra trailean parte hartu zuen. Gutxieneko altuera 1.000 metrokoa zen, Oberwaldeko irteera, eta gehiena 3.000 metrokoa. Proba Leman Bouvereten despeditu zen, Leman lakuaren parean.
Prestaketa izugarria
Kim Collison izan zen 360 km-ko Swiss Peaks Traileko txapelduna. 87 ordu behar izan zituen proba osatzeko. Emakumezkoetan Silvia Trigueros euskalduna gailendu zen, ibilbidea 105 ordu eta 39 minututan osatuta. Sailkapen orokorrean zortzigarren izan zen. Iñigo Orradre lehenengo aldiz lehiatu zen, eta bikain aritu zen. Bosgarren sailkatu zen, 103 orduko denborarekin.
Muturreko trail honetan mundu guztiko kirolari onenek parte hartu zuten. Proba oso gogorra da, kirolari gutxiren esku dagoena, eta fisikoki eta mentalki prestaketa latza eskatzen duena. Zailena ibilbide luze eta amaigabe horretan barna elikaduraren eta uraren kudeaketa egokia egitea da. Eta hori lau egunetan barna. Beste faktore garrantzitsua loa eta atsedena kudeatzea da. Orradrek azaldu duenez, 103 ordutan guztira 8 ordu egin zituen lo, zenbait momentutan banatuta. Proba hasi eta 30 ordu ondoren egin zuen lehen geldialdia, ordu batekoa. Beste 24 ordu jarraitu zituen ibilbidean eta 2 orduz geratu zen. Beste 16 km osatuta, 3 orduko geldialdia egin zuen.