Astekaria

Bikingoen lurraldea

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urr. 1a, 12:11

Etxarri Aranatzen egindako erdi aroko taldekako borroka. UTZITAKOA

Aker Gorriak elkarteak antolatuta erdi aroan oinarritutako akanpalekua eta dueluak eta taldekako borrokak izan ziren Etxarri Aranazko Haritzen bidean. 80 bat historia errekreatzaile bildu ziren, eta bi gau eta hiru egunez garai batean bezala bizi izan ziren.

Kanpin dendak, suak, armadurak, lantzak, ezpatak... Irailaren 20tik 22ko asteburuan Etxarri Aranazko Haritzen bidearen inguruak hamahiru bat mende atzera egin zuen eta bikingoen VIII. eta IX. mendetako akanpaleku batean bihurtu zen. Aker Gorriak birsortze historikoak egiten dituen elkartearen topaketa izan zen. Besteak beste, dueluak eta taldekako borrokak egiten dituzte elkarteko kideek. 80 bat pertsona bildu ziren, 40 bat borrokalariak eta beste 40 errekreatzaileak. 

"Errekreatzaileok ostiraletik igandera akanpalekuan elkarrekin bizi gara eta saiatzen gara historiako aro horretan erabateko murgiltzea izatea; kanpin dendetan lo egiten dugu, garai horretan jaten zutena kozinatzen dugu... Gutxi gorabehera garaiko akanpaleku batera gerturatzen gara, zenbait erosotasun modernorekin". Xabier Murgiondo historialaria Aker Gorriak elkarteko idazkaria da. Etxarri Aranatzen hiru egun egon ziren, "eta oso polita da". Errekreatzaile askok gehien baloratzen dutena akanpalekuan egoten diren egun horiek direla esan du, "dena ahaztu egiten duzu; XXI. mendea, telefonoak... dena". Birsortzea "oso polita" den arren, eguraldiaren eragina bizi izan zuten ere, "dendak busti ziren, ekipoaren zati bat, lokatzez beteta zegoen...". Hala ere aurre egin zioten eta aurreikusitako konbateak eta ekimenak aurrera eraman zituzten, "oso ongi atera zen". 

Aker Gorriak elkartea erdi aroko borrokak eta birsortze historikoak egiten dituen Nafarroako elkarte bat da. Murgiondok azaldu duenez, konbatearen aldetik sortu zen gehienbat. "Hainbat pertsona beste borroka espezialitateetatik edo antzeko kiroletatik etortzen ziren eta taldekako borroketan parte hartzea zen helburua". 

Europan zehar erdi aroko borroketan oinarritutako hainbat ekimen egiten dira, eta horietan parte hartzeko helburuarekin sortu zuten elkartea: "Europan oso konbate ezagunak daude, Poloniakoa, esaterako. Madrilen talde bat dago eta elkartea sortu genuen". Kideak gehitzen joan ziren heinean ekimen gehiagotara joaten hasi ziren. "Gaur egun konbatearen aldea oso garrantzitsua da, baita errekreazioarena ere. Elkartean badago jendea borrokalaria ez dena. Ekimen asko egiten ditugu: akanpalekua, hitzaldiak, janaria...". 

Erdi aroa
Aker Gorriak elkartean bikingoen aroan, "gehienbat VIII. eta IX. mendeetan eta X. mendearen zatitxo bat", oinarritzen dute haien birsortzea. "Oraindik bizirauten zuen iparraldeko kultur paganoa, ez zegoen guztiz amaituta, eta garai horretan ez zeuden estatu handiak edo boteretsuak. Denak erreinu txikiak eta feudoak ziren. Europan, gainera, mugimendu geografiko oso handia egon zen eta europear ekialdea, bizantiar inperioa, mediterranear eta atlantiar inperioak... hartzen ditu", azaldu du Murgiondok. Aro oso interesgarria eta bere garaian bertan "oso desberdina" dela gaineratu du. Bikingoen garaiaren "nolabaiteko idealizazioa" dagoela esan du historialariak: "Alde misteriotsu bat dago, ez dago iturri idatzi askorik, behintzat beraiengandik, eta beste kultura oso desberdin bat zuten bere garaikideekin alderatuta". Erdi aroko konbatearen barruan ere, taldekako borrokaldi "masiboak" onartzen duen diziplina dela azaldu du, "300 bat pertsonak parte har dezakete, Polonian egin genuen bezala". 

Erdi aroko konbateak kontaktu kirol moderno bat da, "gaur egungo planteamendu batekin segurtasunean, babesean eta arautegi bat dauka, arbitroak...". Oinarri eta zehaztasun historikoari lotuta dago, "baina kirol moderno bat da,gaur eguneko errealitatera egokituta". Beste edozein kirol bezala entrenatzen dute. Borroken eta jokoaren arabera modalitateak daude: "bat bider bat, bost bider bost... Mota askotako konbateak daude, eta bakoitzak arautegi desberdin bat du Europa osoan erabiltzen direnak". Arautegietan zer kolpe eman daitekeen, zein ez eta abar aipatzen da. Aker Gorriak elkarteko borrokalariek igandero entrenatzen dute, "eta astean zehar ahal dugunean ere". Zaletasun bat baino gehiago bada: "Honetan sartzen zarenean bizitzaren parte bat hartzen dizu, baina izugarri disfrutatzen dugu". 

Birsortzen historikoaren barruan eta arautegiaren arabera ere "hainbat kontzesio" onartzen dira, "bestela zehaztasun historiarekin baldintzak mantentzen saiatzen gara bai akanpalekuan bai borroketan". Erabiltzen dituzten piezak arkeologiako ikerketetatik ateratako piezetan oinarritutakoak dira, pieza originalen birsortzeak eta abar.  

Aurreko urteko amaieratik Aker Gorriak elkarteko kideek horrelako birsortze historiko baten ekimena antolatu nahi zuen Nafarroako herri batean. "Etxarri Aranatzen izan genuen espazioren antzeko zerbait bilatzen egon ginen, eta nahiko zaila izan dugu. Ez dugu administrazioaren laguntza asko izan". Azkenean, kide etxarriar bati esker bertan egiteko aukera ikusi zuten, "eta ekimenak aurrera egin zuen". 

Etxarriko akanpalekua
Etxarri Aranatzen egindako ekimena "izugarria" izan zela esan du Murgiondok. 80 pertsona bildu ziren, "inguruetatik, espainiar estatutik eta iparraldetik jendea etorri zen". Denek esperientzia eta tokia "izugarri gustatu zaiela eta oso gustura egon direla" esan dute. "Horrelako ekimen bat egiteko ezin dugu ezer gehiago eskatu, lur eremua primeran zegoen ere...". 

Errekreatzaileak ostiralean iritsi ziren Etxarri Aranatzera eta erdi aroko akanpaleku bikingoa jarri zuten. Ostiral gauetik, beraz, birsortzearekin hasi ziren. Larunbatean bat bider bat kontrako dueluak egin zituzten eta ondoren zubi konbateak izan ziren: "Bost bosten kontra egurrezko taula batean borrokatu behar dute, aldetara erori gabe". Egun berean hitzaldiak izan ziren; besteak beste, bikingoek erabiltzen zituzten borroka tresnei buruz hitz egin zuten, runak eta iparraldeko sinbologiaren inguruko hitzaldi bat egon zen ere, eta elkartearen beste kide batek garaiko oihal eta ehunei buruz hitz egin zuen. Akanpalekuan ere ehuleak egon ziren, uzta jasotzen egon ziren... "Etxarri Aranazko nobedadea itsasontzi borroka izan zen, zazpi bider zazpi konbate bat da". 

Konbateak amaituta eta behin akanpalekura publiko orokorrari itxita, errekreazioa egiten zutenendako ekimenak eta jarduerak izan ziren akanpalekuan: "Suan kozinatzeko teknika desberdinak egin genituen, sutearen inguruan narrazioak, poesia eta abarren lehiaketak egin genituen...". Igande goizean, besteak beste, borroka talde guztiak bi bandotan nahastu ziren eta hogei hogeiren kontrako konbate bat egin zuten, birsortze historikoari itxiera emanez.