Pilota

Joanes Bakaikoa, Lau eta Erdiko B Serieko Txapelketan lehiatzeko gogotsu

Guaixe 2024ko urr. 3a, 08:29

Joanes Bakaikoa, eskuinetik hasita bigarrena. ASPEPELOTA

Joan zen urtean etxarriarra lesionatu zen, eta ezin izan zen Promesen Lau eta Erdian aritu. Aurten final laurdenetan sartuko da lehian

Urriaren 2an aurkeztu zuten, Bilbon, 2024ko Lau eta Erdiko B Serieko Txapelketa, promesen mailakoa, hain zuzen ere. Txapelketa urriaren 11n hasiko da Agoitzen, eta final handia azaroaren 16an jokatuko da, Iruñeko Labriten. 

Guztira hamabi pilotarik jokatuko dute Lau eta Erdiko B Serieko Txapelketa: Agirre, Egiguren V.a, Bakaikoa, Murua, Alberdi II.a, Exposito, Senar, Aldabe, Eskiroz, Mata, De la Fuente, eta Zubizarreta III.ak eta Larrazabalek urriaren 5ean Zallan jokatuko duten kanporaketako irabazleak. 

Urriaren bigarren asteburuan final zortzirenak jokatuko dira, eta urriaren hirugarren asteburuan final laurdenetako lehendabiziko jardunaldia. Hor sartuko da lehian Joanes Bakaikoa. Urriaren 12an Bilbon jokatuko den final zortzirenetako irabazlea izango du aurkari, Eskiroz edo Alberdi II.a. Sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Finalerdiak azaroaren 8an, ostiralez, jokatuko dituzte, eta final handia azaroaren 16an, Labriten.

Ilusio handiz
Joanes Bakaikoak joan zen urteko irailaren 30ean ezker belauna bihurritu zuen irailaren 30ean Itziarren jokatutako partidan. Ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua bihurritu zitzaion. Ondorioz, ezin izan zuen Promesen Lau eta Erdian aritu, eta Eskirozek bete zuen bere tokia. Beraz, aurten bere txapelketa kuttunean bueltan da, gogotsu. Izan ere, etxarriarra espezialista handia da kaiolan. Promozioko Lau eta Erdian bi txapela ditu, 2018koa eta 2021ekoa.