Nafarroako ikurrak "mespretxatzeagatik"", UPNk EH Bilduren “gaixo obsesioa” salatu du

Guaixe 2024ko urr. 4a, 12:21

Banderak udaletxean. UTZITAKOA

Nafarroako eta Espainiako banderak osoko bilkuren aretoan jartzea agintzen duen TAN ebazpena betearazteko eskatu du.

UPNk gaztigatu duenez, Etxarri Aranazko Udalak ez du Nafarroako Administrazio Auzitegiak emandako ebazpena bete, eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan ez ditu Nafarroako eta Espainiako banderak jarri, indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

Erregionalistek EH Bilduren "gaixo obsesioa" salatu dute, Nafarroako ikur ofizialak "mespretxatzeagatik, bere nortasuna desegiteko eta Foru Erkidegoko errealitate instituzionala desitxuratzeko estrategia independentistaren barruan". Izan ere, UPNk adierazi duenez, "EH Bilduk ez du Nafarroako bandera ofiziala jarri, mundu independentistak erabiltzen duena baizik, koroarik eta katerik gabe". Gainera, jarritako Espainiako bandera "iraina eta adarjotzea" dela salatu dute, "futbol estadioetan banatzen direnen edo dena euro batean saltokietan erosten direnen antzekoa delako, plastikozko masta erabilita". Erregionalistek gaineratu dutenez, "ez dago bere esanahiak eskatzen duen duintasunez jarrita ezta eginda ere".

Gaineratu dutenez, "bi banderak loreontzi baten antza duen edalontzi handi batean sartuta daude, eta horrek, emandako ebazpena ez betetzeaz aparte, benetako errespetu falta dakarkie errekurtso egileari, nafarrei, gaia arautzen duten legeei, banderari, Nafarroako Administrazio Auzitegiari eta haren ebazpenari". UPNk nabarmendu duenez, "argi gera dadila ez diogula lan egiteari utziko legea bazter guztietan bete arte, Etxarri Aranatz barne".