Etxarri Aranazko Zama Doinuz Arinduren hamargarren eta azken edizioa izanen da 2025eko urtarrilaren 24an eta 26an, ostirala eta igandea; urriaren 4an, ostiralean, aurkeztu zuten aurkezpena Etxarri Aranazko plazan egindako ekitaldian. Ane Martija abeslari etxeberriarrak eta Bulkada talde sakandarrek kontzertua eman zuten eta Mirari Martiarenak ere bakarrizketa egin zuen. Kartel "handia" aurrekisu zuten: Unidad Alavesa, Skabidean, Malandro DJ, Gorka Urbizu, ZETAK, El Drogas, Olaia Inziarte, Porrotx, Gatibu, Brigade Loco, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Nogen, Bulego eta Juantxo Arakama izanen dira Zama azken doinuak etxerantz jaialdian. Sorpresaren bat egongo dela aurreratu du Mikel Mundiñano jaialdiaren antolakuntza taldeko kideak. Igandeko jaialdirako sarrerak hiru egunetan agortu ziren; ostiraleko kontzertuetarako sarrerak oraindik ez dituzte salmentan jarri.
Azkena izanik, X. Zama doinuz arindu jaialdiak zenbait aldaketa izango ditu. "Azken edizioa izango dela nabarmendu nahi dugu". Hortaz, "bigarren" lelo bat jarri dute: Azken doinuak etxerantz. Aurreko edizioak urtarrileko igande batean ospatu izan dira, eta bi saio izan ditu, azkena, aldiz, bi egunetan izanen da, urtarrilaren 24an, ostirala, gaztetxean eta urtarrilaren 26an, igandea, Etxarri Aranazko eskolaren kiroldegian.
Hamargarrena
2016. urtean martxan jarri zuten Zama doinuz arindu proiektua: "Herrian bizi genuen eta oraindik pairatzen dugun egoera edo errealitate batek eraman gintuen proiektu hau martxan jartzera. Azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan den gatazkak zama ikaragarria utzi du gurea bezalako herri txiki batean, eta oraindik uzten ari da". Mundiñanok azaldu duenez, azken 47 urteetan hamabost hilabetez baino ez da Etxarri Aranatz preso edo iheslaririk gabe. "Adibide esanguratsua da eta argi eta garbi ikusarazten du herri honetan bizi izan duguna". Egoera horrek egunerokoan "inpaktu eta eragin nabarmenak izan dituela jarraitu du jaialdiaren antolatzaileak; "egunero sumatzen genuen egoera edo errealitate hori".
"Zama hori doinuz edo musikaz arintzeko proiektua jarri genuen martxan"
Zama hori arintzeko modu asko daudela eta "modu batean edo bestean" herrian hainbat ekimen egin direla gaineratu du Mundiñanok: "Guk zama hori doinuz edo musikaz arintzeko proiektua jarri genuen martxan". Hamar urteren ondoren, "oso zapore onarekin" emango diote amaiera proiektuari. "Dudarik gabe preso eta iheslarien egoera hobetu da, urrats garrantzitsuak eman dira momentu honetan gauden egoerara iristeko, baina ez gara erlaxatu behar". Mundiñanok azaldu duenez, gaur egungo egoerak ez du "erabateko konponbidea" ekarri eta "salbuespen neurriek" etxerako bidea oztopatzen dute: "Egoera hobetzeak zama arintzea ekarri du, dudarik gabe, baina zama hori oraindik hor dago".
Aurkezpena
Urriaren 4an aurkeztu zuten X. Zama doinuz arinduren kartela eta "oso ondo" joan zela esan du Mundiñanok: "Aurreko egunetan egindako lanak emaitza izan du". Aurkezpenarekin batera "festatxo bat" antolatu zuten, "sekulako kartela zabalduko genuenaren zurrumurrua ere zabaldu nahi izan dugu; jakinda, horrela zela". Herritarrei eta Sakanako jendeari lehentasuna eman nahi izan diote sarrerak erosteko orduan ere, "eta hori ere primeran joan zen". Sarrerak hiru egunetan agortu ziren, "ez dago aukerarik sarrera gehiago erosteko, baina sarrerarik gabe gelditu direnek aukera dute hurrengo egunetan ikusteko, Ahotsa.info edo Hamaika Telebistaren webguneetan". Emanaldian, besteak beste, Ane Martija eta Bulkada aritu ziren, "talde berriei leku bat eskaini nahi genien".
Bi egunetan ospatuko da Zama azken doinuak etxerantz. Urtarrilaren 24an, 22:00etan, Unidad Alvesa, Skabidean eta Malandro DJ izanen dira, eta urtarrilaren 26an, igandea, 18:00etan, Herri eskolan, Gorka Urbizu, ZETAK, El Drogas, Olaia Inziarte, Porrotx, Gatibu, Brigade Loco, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Nogen, Bulego eta Juantxo Arakama egongo dira. "Urtero nolabait ikuskizun bezala planteatu izan dugu, eta abeslarien parte hartzea eta hainbat kontu uztartu ditugu; mezu bat zabaldu nahi dugu jaialdi horrekin". Azken Zaman jaialdiaren formatua mantenduko dute: "Akustikoa izango da, eta abeslari bakoitzak bi abesti joko ditu". Saio bakarra izango da ere, "ahaztezina, baina bakarra".
Auzolana
Zama doinuz arindu jaialdia auzolanean antolatu da beti, eta oraingoan ere "beste auzolan handi eta erraldoi" bat izango da. "Gure xumetasunetik, erronka handi bat da horrelako jaialdi bat aurrera eramatea eta jende guztia pozik egotea". Aurreko urteetan baino "beso eta buru" gehiago beharko dituztela esan du Mundiñanok, "eta antolaketak ere beste maila bat hartuko du", baina badaki jendeak erantzungo duela.
Azken jaialdia den arren "oso zapore onarekin" gelditzen direla esan du antolakuntzako kideak. Proiektuari amaiera ematen "eta gainera merezi duen amaiera ematen" jakin behar dela esan du etxarriarrak. "Maila honetako jaialdi bat antolatzeak atzean duen lan eta auzolan handi horrekin urtetan mantentzea ez da bideragarria, eta normaltasunez eta harrotasunez ongi ixten jakin behar dugu". Oinarria jarrita dago eta hutsunerik ez dutela utziko esan du Mundiñanok, "zama dagoen bitartean herria antolatuko da".
Hamar urte hauetan 70 abeslariko "zerrenda luze bat" pasatu da Etxarri Aranazko kultur etxetik Zama jaialdian. "Ezin genituen denak gonbidatu". Parte hartuko duten guztiek "oso erraz" baietz esan dutela gaineratu du etxarriarrak. "Urte honetan egindako lanak emaitzak eman ditu: ongi antolatutako jaialdia, herritik herriarendako, xumetasunetik, baina ilusio handiarekin". Egindako bideak agurra antolatzea "erraztu" du.