Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarra da Errexil sariketaren txapelduna. Irailaren 20an, 27an eta urriaren 4an jokatu da sariketa, Urruñako Posta gelan, Bertsozale Elkarteak Urruñako herriko etxearekin elkarlanean. Euskal Herri osoko hamabi bertsolarik parte hartu dute, eta finalera sei bertsolari iritsi ziren. Urriaren 4an jokatutako finalean buruz burukora bertsolari etxarriarra eta Maddi Sarasua lehiatu ziren, eta, azkenean, Eneko Lazkozek jantzi zuen txapela. Errexil II-ren eskutik jaso zuen txapela.
1984. urtean Bertsularien Lagunak elkarteak lehen Errexil sariketa antolatu zuen, Errezilen, 1918an Urruñan bizi eta 1965ean zendu zen Juan Jose Eizmendi Goenaga Errexil bertsolariaren omenez. 40. urteurrenaren aitzakian, bertsolari sariketa berreskuratzeko gogoa piztu zitzaion Bertsozale Elkarteari: "Gure aldetik, bertsoa bera hauspotu, eta Ipar Euskal Herrikoak zein Hego Euskal Herrikoak diren bertsolariei txoko honetan lekua emateko xedea gailentzen da".
Sariketa
2024. urteko Errexil sariketak bi saio eta finala izan ditu; irailaren 20an, ostirala, Ramuntxo Christy, Eneko Lazkoz, Maddi Ane Txoperena, Oihane Perea, Eneritz Artetxe eta Aitor Servier bertsolariak aritu ziren. Gai jartzailea Amaiur Lujanbio izan zen, eta Eneko Lazkozek irabazi zuen finalerako txartela 174,5 punturekin.
Bertsolari sariketaren bigarren saioa irailaren 27an, ostirala, izan zen eta Patxi Iriart, Eneko Abasolo Abarkas, Maddi Sarausa, Josu Sanjurjo, Aissa Intxausti eta Miren Artetxe bertsolariak aritu ziren, Xalbat Alzugarai gai jartzailearen esanetan. Bigarren saioan Aissa Intxausti bertsolariak lortu zuen finalerako zuzeneko txartela, eta, azkenean, Eneko Lazkoz, Aissa Intxausti, Miren Artetxe, Eneko Abasolo Abarkas, Maddi Sarasua eta Ramuntxo Christy iritsi ziren finalera. Epaile lanetan Lur Renteria eta Iban Thikoipe aritu ziren.
Errexil sariketaren finala urriaren 4an, ostiralean, izan zen, eta Aritz Bidegain gai jartzailearen gidaritzapean sartu ziren Urruñako Posta gelara sei bertsolariak. "Giro goxo eta beroan ale ederrak" utzi zituztela esan dute Bertsozale Elkartetik. Buruz burukoan Eneko Lazkoz eta Maddi Sarasua lehiatu ziren. Epaile lanetan Iban Thikoipe, Maialen Berra eta Ainhoa Sarasua aritu ziren. Azkenean, Eneko Lazkoz gailendu zen final handian. Txapeldunari Juan Jose Eizmendi Goenaga Errexil bertsolariaren seme den Jean Eizmendi Errexil II-ak jantzi zion txapela.