Lau eta Erdiko B Serietan final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia jokatu zen asteburuan. Joanes Bakaikoak Eskiroz izan zuen aurkari urriaren 20an Labriten jokatutako jardunaldian. Etxarriarrak distantzia txikian espezialista handia dela erakutsi zuen, 22-11 irabazi baitzion Iosu Eskirozi, maisuki jokatuta. Orain arte bi txapela ditu, eta badirudi hirugarrenaren bila sendo dabilela. Txapela lortzeko faborito argia da, Agirrerekin batera.
Gainontzeko partidei dagokienez, Agirrek 8 tantotan utzi zuen Exposito, Sorian; Larrazabalek 22-5 irabazi zion Muruari, Eibarren; eta Egiguren V.ak 22-17 hartu zuen mendean Senar, Azkoitian.
Bigarrena
Promesen Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian Bakaikoak Egiguren V.a izango du zain urriaren 25ean, Tafallako Ereta pilotalekuan. Urriaren 26an Agirrek Larrazabalen kontra jokatuko du, eta Eskirozek Senarren kontra. Oraindik ez dira egoitzak zehaztu. Azkenik, urriaren 27an Expositok Murua izango du aurkari, Gasteizko Ogetan.