Txirrindularitza

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak bere denboraldirik onena itxi du

Guaixe 2024ko urr. 30a, 10:00

Mulu infe Hailemichael, lanean. @SPRINT CYCLING

Euren txirrindularien ezaugarriak kontuan hartu dituen egutegi aukeraketa egin duela nabarmendu du taldeak, eta horregatik lortu dituztela euren hemezortzi garaipenak, Mulu Hailemichaelena tartean

Rural Kutxa talde afizionatu sakandarretik sortutako Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionalak, Pro Tour mailakoak, orain arteko denboraldirik onena itxi du. Aurten hemezortzi garaipen lortu ditu talde nafarrak, horietatik bat Etxarri Aranatzen bizi den Mulu Kinfe Hailemichael etiopiarrak lortutakoa, Etiopiako Txapelketa. 

UCI-ko sailkapenean 24.
Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak aurten ez zuen Espainiako Vueltan aritzeko gonbidapena lortu, eta euren egutegia goitik behera aldatu zuten. Arduradunek adierazi dutenez, txirrindularien ezaugarrien araberako egutegia lotu zuten, ahalik eta emaitza onenak lortzeko. “Adibidez, Itzulira ez genuen gure talderik onena eraman, talde hori guretako probetxugarriagoak ziren beste proba batzuetara eraman genuelako” adierazi dute taldetik. Estrategiak funtzionatu du, lasterketak ongi aukeratzen jakin dutelako eta hemezortzi garaipen lortu dituztelako. Horrela, UCIko 2024ko munduko talde onenen rankingean 24. postuan sailkatu da Rural Kutxa-Seguros RGA (3.913 puntu), World Tour mailako taldeetatik sei postuetara, ikusgarri. Movistar Team hamabigarren postuan sailkatu da (10.879 puntu), Kern Pharma 24. postuan (3.341 puntu), eta Euskaltel-Euskadi 39. postuan (1.334 puntu).

Errekorrak apurtu ditu Rural Kutxak, eta arduradunak pozarren daude. Tamalez, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria aurten ezin izan da lehiatu, entrenatzen ari zela auto batek harrapatu eta izandako zauri larriengatik.