Joanes Bakaikoak eta Beñat Senarrek partida gogorra jokatu zuten azaroaren 3an Atano III.ean. Bakaikoak Josu Igoa pilotari etxarriarra izan zuen botillero eta partida serioa jokatu zuen. Maldaz gora jarri zitzaion partida aurrelari etxarriarrari, Senarrek aldea atera ziolako, baina sufritu eta partidari buelta emateko gai izan zen. Azken txanpan Senar ez zen gaizki ibili, baina partidatik atera zen. Azken tantoa partidako piloteatuena eta gogorrena izan zen, Senarrek txapara jo eta Bakaikoaren alde erori zena. Azkenean, 22-17 gailendu zen Bakaikoa, baina ez zen garaipen pozgarri horietako bat, eskuekin kezkatuta baitago Joanes Bakaikoa.
“Mentalki oso gogorra izan da, jokatu ditudan partidetako gogorrenetako bat, zalantzarik gabe. Gainera oso beltz jarri zait partida, Senarrek abantaila hartu didalako. Asko sufritu dut, eta eskuarekin ere nahiko lanekin aritu naiz. Dena den, oso harro nago buelta eman diodalako. Egun gutxi ditut finalerdietarako prestatzeko, baina topera errekuperatzen eta nire maila pixka bat hobetzen saiatuko naiz; maila hobetu beharra dut helburu handiagoa lortu nahi badut. Errekuperatzen saiatuko naiz, eta finalerdietan disfrutatzerik ba dudan” azaldu zuen partida bukaeran Bakaikoak.
Finalerdietan, Agirre
Joanes Bakaikoa multzo buru sailkatu da finalerdietarako. Asier Agirre izango du aurkaria azaroaren 8an Legution jokatuko den partidan. Beste finalerdia Egigurenek eta Larrazabalek jokatuko dute egun eta toki berean. Erronka latza du Joanes Bakaikoak, Agirre ere txapela janzteko faboritoen zerrendan dagoelako. Baina bera ere arazoekin dago, eta ea bi pilotariak ongi iristen diren finalerdietara.