Joanes Bakaikoa Lau eta Erdiko B Serietako final laurdenetako multzo buru sailkatu da finalerdietarako, partida guztiak irabazita. Hori bai, Beñat Senarren kontrako partida gogorrean eskuak minduta bukatu zuen etxarriarrak. "Mentalki oso gogorra izan da, jokatu ditudan partida gogorrenetako bat, zalantzarik gabe. Oso beltz jarri zait partida, Senarrek abantaila hartu didalako. Asko sufritu dut, eta eskuarekin ere nahiko lanekin ibili naiz. Dena den, oso harro nago partidari buelta eman diodalako" azaldu zuen. Josu Igoa izan zuen botillero.
Bakaikoak finalerdia jokatzeko moduan dagoela ziurtatu du. "Eskuak ongi ditut. Legution ibili naiz pixka bat entrenatzen. Asko ez dut egin, egia esan, Atano III.ean eskuekin justu bukatu nuelako. Baina finalerdirako prest egongo naiz. Asmoa topera errekuperatzea da, eta nire maila pixka bat hobetzen saiatzea. Ea finalerdietan disfrutatzerik ote dudan".
Etxarriarrak Asier Agirre izan behar zuen aurkari azaroaren 8an Legutioko finalerdietan. Baina aurreikuspen okerrenak konfirmatu dira eta Agirrek ezingo du jokatu, muskulu haustura duelako eskuin hankako soleoan. Ander Muruak hartuko du haren tokia. "Pena ematen dit Asierrek ez jokatzea, baina gauzak horrela dira. Muruak eskuinarekin arrisku gehiago du, eta, hortaz, ezkerra bilatzea komeni zait. Abiadurarekin jokatzen eta ezkerra bilatzen saiatuko naiz. Garrantzitsua, dena den, nirean zentratzea da. Nik ezin badiot pilotari nahi bezala eman, ezingo diot aurre egin. Errekuperatu eta pilotari abiadura eman, horiek dira gakoak".