Joanes Bakaikoa merezimendu osoz sailkatu da 2024ko Lau eta Erdiko B Serietako finalerako. Azaroaren 8an Legution jokatutako finalerdian 22-7 irabazi zion Muruari, nagusitasun handiz. 35 minutu iraun zuen partidan, 178 pilotakada gurutzatu zituzten bi pilotariek, eta aurrelari etxarriarrak kontrolatu zuen dema: 16 tanto irabazi zituen eta bakarra galdu. Aldiz, Muruak 6 tanto egin zituen, eta beste horrenbeste galdu. Beste finalerdian, Iker Larrazabal gailendu zen, Julen Egigureni 14-22 irabazi eta gero.
Hortaz, azaroaren 16an Labriten jokatuko den final handian Joanes Bakaikoak Iker Larrazabal izango du aurkari, oso lehiatua eta estua espero den finalean. Bi pilotariak Baiko enpresakoak direnez, txapela promotore bizkaitarrarendako izango da. Bakaikoak promozioko Lau eta Erdian bi txapela ditu, 2018koa eta 2021ekoa, eta Buruz Buruko Promozioan txapela bat, 2018koa. Lau eta Erdiko hirugarren txapela lortu nahi du etxarriarrak. Bere aldetik, Larrazabal 2024ko Buruz Buruko eta Binakako promozioko txapelduna da, eta joan zen urtean Binakako txapelduna ere izan zen. Bere bitrinetan lau eta erdiko txapela faltan du, eta horretan saiatuko da. Bi tren indartsuen arteko talka espero da Labriten.