Arartekoak Andra Mari ikastolari arrazoi eman dio

Guaixe 2024ko aza. 12a, 11:00

Andra Mari ikastola mustu zutenekoa. ARTXIBOA

Ikastolak 26 ikasle propio eta bi matrikulazio eskari gehiago izanik, Lehen Hezkuntzako 2. mailako bikoizteko eskatu zion Hezkuntza Departamentuari eta hark uko egin zion.

Andra Mari Ikastola Hezkuntza Departamentuari ilbeltzetik eskatzen ari zaio Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasgela bikoiztea eta bi egitea. Izan ere joan zen ikasturte akaberan maila horretan 26 ikasle propio zituen ikastolak, eta bi matrikulazio eskari berri jaso zituen ohiko aurrematrikulazio garaian. Beraz, 28 ikasle osotara, eta kurtsoa bikoizteko 25eko ratioa erraz gainditzen zuen. Hori horrela, Andra Mari ikastolak Hezkuntza Departamentuari ikasgela hori bitan banatzeko baimena eskatu zion, baina foru administrazioak ez zuen bikoizketa baimendu ez apirilean, ezta irailean argitaratutako ebazpenean ere. 

Andra Mari Ikastolak erabaki horren kontra maiatzean jarritako gorako errekurtsoa erantzuteko hiru hilabeteko epea agortuta eta ikasturte berria hastear zegoela, Nafarroako Arartekoarengana jo zuen babes eske agorrilaren akaberan. Arartekoak bi aldeen informazioa jaso ondoren, Andra Mari Ikastolak eskatutako bikoizketa bidezkoa dela ebatzi du. Arartekoaren iritziz, 

Hezkuntza Departamentuak ez du bete Andra Mari Ikastolarekin sinatutako eta indarrean den akordioa. Adierazi duenez, joan zen ikasturtetik ikasturte honetara Andra Mari Ikastolari unitate kontzertatu bat kentzea ez dago justifikatuta itun akordioa arautzen duen legeriaren arabera. Era berean, Hezkuntza Departamentuak Arartekoari argudiatutako 25 ikasleko ratioa %10 handitzeko aplikatutako jarraibide orokorra, ezin da erabili Andra Mari Ikastolaren kasuan LOMLOEn zehazten diren irizpideak betetzen ez baititu.

Arrazoitutako erantzun falta
Arartekoak, bide batez, Hezkuntza Departamentuari gogorarazi dio aurkezten dizkioten errekurtsoak legez epearen barruan ebazteko eginbeharra duela eta, kasu honetan ere, ezezkoa arrazoitu beharko duela. Andra Mari Ikastolak maiatzean jarritako errekurtsoaren erantzuna motibatu ez denez gaur egun, Arartekoak ulertzen du Hezkuntza Departamentuak ez duela bete bere legezko eginbeharra hiru hilabeteko epearen barnean.

Lastailean Andra Mari Ikastolak bigarren gorako errekurtsoa aurkeztu zuen irailean plazaratutako ebazpenaren kontra. Hezkuntza Departamentuak hiru hilabeteko epea dauka bigarren errekurtso honi erantzun motibatua emateko. Behin epe hau amaituta, Hezkuntza Departamentuaren erantzunak Ikastolaren eskaria aseko ez balu, ikastetxeak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiarengana jo lezake. Aldi berean, Hezkuntza Departamentuak bi hilabeteko epea dauka Arartekoari ea argitaratu duen ebazpena onartzen duen eta ea zein neurri hartuko dituen afera horri dagokionez erantzuteko. 

Bitartean, ikastolako 26 ikasle gela bakarrean daude eta guraso kooperatiba bikoizketa partziala bere gain hartzen ari da behar pedagogikoak era egokiagoan artatu ahal izateko. Jaso ziren kanpoko bi matrikulazio eskariak Hezkuntza Departamentuak ez zituen onartu eta familia horiek beste ikastetxe batean egotera derrigortuak izan dira. Andra Mari Ikastolaren posizioa babesten duen argudioen ebidentzia eta Arartekoaren ebazpenaren irmotasuna aintzat hartuta, ikastolak espero du Hezkuntza Departamentuak epe laburrean bere erabakia zuzenduko duela eta eskatutako bikoizketa onartuko duela.