Betiere euskaraz eta hitanoan.
1. Nondik dator Ergonekoapala?
Izatez Ataungoa naiz, Ergoneko auzokoa, eta Apala Apalategi abizenetik: Ergonekoapala.
2. Kanalaren ideia nola sortu zen?
Kanala ez dut orain sortu. Beti pixka bat saltseroa izan naiz, eta aspaldi sortu nuen kanal. Kanalean denetarik dago, duela hamar urteko bideoak badaude. Orain dela urte eta erdi pasatxo beste ikuspuntu bat eman nion.
3. Hasieratik euskaraz.
Niri bizia ez dut beste inola ere ez ikusten. Ataunen portzentai handi batean hitz egiten da euskaraz. Erdara daukat espainiar estatu barruan gaudelako, eta egunerokoan tokatzen zaigulako erabiltzea, baina euskaraz sentitzen naiz eroso. Erdaraz pentsatu behar dut.
4. Hitanoak ere badauka bere tokia, ezta?
Ni ez naiz oso mendizalea izan, baina itxialdian, pisu oso txikia, ume txikiekin eta pasilloan paseatzen genuen. Betidanik etxean esaten ziguten Ataundik Altsasuko San Pedrora joaten zirela ordubetean, eta pentsatu nuen gu ez ginela hain tonto izango hori ere ez genuela ezagutzen. Pixkanaka bideak ikasten hasi nintzen. Ez dakit inozentzia zen, baina pentsatu nuen: "Zer leku politak! Jendeak ikusi eta ezagutu behar du. Ez zait ezer kostatzen kamara ekarri eta grabatu". Erakutsi behar nuen. Horrela hasi nintzen. Ataunen denok hika egiten dugu eta konturatu gabe hasi nitzen; erakusteko aprobetxatu behar dut.
5. Nola prestatzen dituzu? Gidoiren bat egiten duzu?
Bideoetan Wikiloc-eko track-a jartzen dut, eta aurretik tracka prestatzen dut. Normalean ezagutzen ez diren bideak egiten ditut eta aurretik pentsatzen ditut. Hori da prestatzen dudan bakarra. Normalean aukera bat baino gehiago ematen ditut, bide batetik igo eta bestetik jaitsi.
6. Zer maiztasunekin egiten dituzu?
Ez diot nire buruari zerbait finkoa jartzen. Zerbait finkoa daukazunean obligazio bezala da, eta gustu ere galdu egiten duzu. Orduan, ahal dudan guztietan joaten naiz. Gustura egiten saiatzen naiz.
7. Zer mendi publikatu dituzu? Gustokorik?
Klasikoak egiten hasi nintzen. Izebak esaten zidan Altsasuko mojetara lehengusu bat bisitatzera joaten zirela; Ataundik Altsasura oinez, Saraben zapatillak garbitu, eta Altsasun trena hartu eta Gasteizera. Iluntzean kontrakoa. Hori izan zen lehenengoa. Urdiaingo igerilekuetatik Bernoa igo eta galtzada behera nire auzora ateratzen zara; hori egiten hasi nintzen ere. Urtarrilaren 1ean Ataunen bazkaltzen dugu eta oinez joaten naiz. Ataungo gaina horretan asko dauzkat: Irumugeta, Itsuburua... Hemengo klasikoak ere: Maiatza, Putterri eta abar. Urbasan pila bat egin ditut; deskubritu dut zoragarria dela, ez sinisteko moduko basoa dago.
8. Zer nolako luzera dute bideoek?
Jendeak esaten dit motzak egiteko. Baina nik ez dut hori egin nahi; ez dut helburu hori. Nire helburua lekua ikustea da, inguruan ditugun altxorrak erakustea. Hitz egin behar badut ordu eta erdi, egingo dut. Ikusten dudanari buruz hitz egiten dut, okurritzen zaidana. Bideo luzeak egiten hasi nintzenean mendira joan ezin zuen batek esan zidan larunbata arratsalde batean bideoak ikusi eta gozatzen ibili zela. Irudti zitzaidan horretarako ere badaudela.
9. Zer kamara erabiltzen duzu? Nola editatzen dituzu?
Elektronika denda handi horretako batean erosi nuen, eta oso merke izan zen; 50 euro inguru. Gauza hauek egiteko ez da asko behar. GoPro potenteak saltzen dituzte, baina nik ez dut gehiago behar. Editatzen ere ez dut denbora asko pasatzen: dagoena itsasten dut eta listo. Ateratzen den bezala, naturala.
10. Bisitei erreparatzen diezu?
Hiru orduko euskarazko bideo batek ez du inoiz hiru milioi bisita edukiko. Ez nago horri begira. Nahiago dut nire aletxoa eman, erei, eta gure gauzei gustua sortu. Harpidetu zaitez eta Atsegin dut-i emateko esaten dut, YouTubeko algoritmoak ematen diozun aldiro gehiago iradokitzen duelako. Ez niretzako, nik ez dut ezer irabazten. Gehiago eskaintzen badu, hizkuntza, euskal edukiak eta paisaiak gehiago ikusiko dira. Irutzen zait euskaldunok badaukagula ardura euskararen alde, guk geuk egin behar ditugula edukiak. Jendeak kontsumitu dezala euskaraz, bakoitzak bere aletxoa eman dezala.
11. Etxean zer esaten dizute?
Alabek kuriosidadea dute. Zer gauza arraorak egiten dituen, normalean gurasoek ez dituzte horrelakorik egiten pentsatuko dute. Emazteak nire arrebarekin hitz egiten duenean esaten dio ez nagoela ondo. Ohitura daukat etxerako lanak egiten nagoenean bideoak entzutea eta esaten didate bromatan gaixotasun bat izan behar dela nire buruari entzutea. Baina gustatzen zait hurrengo bideoa presatzeko; agian bidegurutze bat zegoen eta hortik joan naitekela pentatzen dut. Gustatzen zait, gustura egiten dut.