Joanes Bakaikoak Iker Larrazabal izango du aurkari azaroaren 16an, Labriten, Lau eta Erdiko B Serieko finalean. Lehia gogorra espero da. Bakaikoak Lau eta Erdiko bi txapel ditu (2018 eta 2021) eta Larrazabal aurtengo Buruz Buruko eta Binakako txapelduna da.
Finalera sailkatzeagatik "oso pozik" dago Bakaikoa. "Kostatu zait, eskuekin arazoak izan ditudalako eta sufritu dudalako. Finalerdian Muruaren kontra txapelketako partida onena egin nuen. Kantxan aske ikusi nuen nire burua, beldurrik gabe. Horrela jokatu beharko dut finalean irabazi nahi badut".
Larrazabal "pilotari osoa" dela uste du. "Agian nik kaiolan esperientzia gehiago dut, baina Larrazabalek sekulako gorakada egin du. Urteko hiru finaletara iritsi da, eta horrek asko esan nahi du. Bera deseroso ibiltzea komeni zait; aginte makila hartu, eta erasoan ibiltzea". Labriten jokatzea "zoragarria da, betirako geratuko den oroitzapena. Hirugarren txapela lortzea ikaragarria litzateke, baina finalean egotea bakarrik, dagoeneko gauza handia da".
Finalean dena emango duela argi du. "Hasieran erronka handia zen finalean egotea, eta orain beste erronka handi bat da txapelketa irabazten saiatzea. Gauzak ongi egiten baditut nire aukerak izan ditzaket. Beraz, gauzak ongi egiten eta nire maila ematen saiatuko naiz”.