Pilota

Txapeldun, merezimendu osoz

Guaixe 2024ko aza. 18a, 10:10

Etxarriarrak kaiolako hirugarren txapela jantzi zuen.

Joanes Bakaikoak Lau eta Erdiko B Serieko hirugarren txapela jantzi zuen Iker Larrazabali final gogorrean 22-16 gailenduta. Etxarriarrak eskarmentua eta ofizioa izan zituen bidaide, eta Larrazabalek, aldiz, huts nabarmenak egin zituen azken txanpan

Joanes Bakaikoa Satrustegik palmaresa handitu du. Orain arte 2018ko eta 2021eko Lau eta Erdiko Promozioko txapelak eta 2022ko Buruz Buruko txapela zituen, eta azaroaren 9an beste txapela bat gehitu zuen: 2024ko Lau eta Erdiko B Serieko txapela. Aurrelari etxarriarrak txapelketa ikusgarria egin du, eta Iker Larrazabalen kontrako final estu eta gogorrean ez zuen huts egin. Bere ofizioari eta eskarmentuari esker, ongi eutsi, eta 22-16 gailendu zitzaion Amurrioko aurrelariari, merezimendu osoz.

Labrit beteta eta giroa ederra zela ekin zitzaion B Serieko Lau eta Erdiko finalari. Dirua parean atera zen, eta bi pilotariak dena ematera atera ziren. Hasieran parez pare ibili ziren biak, eta parekotasuna izan zen nagusi. Lautan berdindu zuten, azken aldia hamarrera. Hurrengo tantoa Larrazabalena izan zen, 10-11, baina hori izan zen arabarra aurreratu zen azken aldia, segidan Bakaikoak bi tanto egin zituelako, lehen atsedenaldira 12-11ko errentarekin iritsiz. Larrazabalek sakez hiru falta egin zituen. Aldiz, Bakaikoak sakez hiru tanto egin zituen jarraian 12-11ko atsedenaldiaren ondoren, eta 15-11 aurreratu zen. Hortik aurrera lortutako aldea ezin hobe kudeatu zuen etxarriarrak, bere ofizio eta eskarmentuari esker. Eta Larrazabalen huts nabarmenengatik baita ere, azken txanpan arabarrak errematean ez baitzuen asmatu, zenbait akats pilatuz. Hala ere 17-16 hurbildu zen Larrazabal, baina hortik aurrera Bakaikoak ez zion aukera gehiago eman eta zuzenean joan zen 22ra, merezitako garaipena eta txapela lortuz, kaiolako hirugarrena. 

Bakaikoa, “oso pozik”
Pozez zoratzen zegoen etxarriarra. Finalean “oso urduri” zegoela aitortu zuen. “Final batean urduritasuna beti izaten da, baina kudeatzen jakin behar da. Nik uste Ikerrendako Lau eta Erdikoa dela deserosoen aritzen den modalitatea. Nik asko sufritu dut eta kosta egin zait, baina opari gutxiago egin ditut”. Txapela lortuta “oso pozik” zegoela azaldu zuen, eta titulua lortzeak zuen “garrantziaz” jabetzen zela. Larrazabalek aurtengo Binakakoa eta Buruz Burukoa lortu zituen, baina Lau eta Erdiko finala galduta, koroa hirukoitza lortzeke geratu zen.