Astekaria

Juan Mari Beltran, Manuel Lekuona saria

Guaixe 2024ko aza. 26a, 10:15

Juan Mari Beltran musikaria Eusko Ikaskuntzaren egoitzan. EUSKO IKASKUNTZA

Eusko Ikaskuntzak Soinuenea-Herri Musikaren Txokoaren sortzailearen lana goraipatu du, musika ondare tradizionala "berreskuratu, babestu eta transmititzeagatik". Etxarri Aranatzen hasi zituen saridunak musika ikasketak

Haurra zela, Juan Mari Beltranek Etxarri Aranazen hasi zuen bere musika ibilbidea klarinete eta txistulari gisa. 16 urterekin Argia Donostiako Euskal Dantzari Taldean sartu zen, eta irakasle gisa Hernaniko Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten. Herri musikari buruzko materialak biltzen hasi zen ere, eta bilduma Soinuenea-Herri Musika Txokoaren hasiera izan zen. Beltranek musika ondarea berreskuratzen, zaintzen eta transmititzen lan egiten du, eta egindako lanagatik Euskal Ikaskuntzak 2024ko Manuel Leukona sariarekin errekonozimendua egin dio.

Eusko Ikaskuntzak 1983. urtean sortu zuen Manuel Lekuona saria euskal kulturaren alde lan egindako pertsonak goratzeko. Beltranen kasuan, "bere dibulgazio lana multidimentsionala izan da, txikitik unibertsalera. Instrumentu familia desberdinak Europako ingurune kulturalean barneratzen eta kokatzen lagundu du", epaimahaiaren esanetan. Ondareari abanguardiako itxura ematen asmatu duela eta prestigio gabeko musika tresnei merezi duten errekonozimendua eman diela gaineratu du epaimahaiak.

1960ko hamarkadan hasi zen Beltran musika herrikoiari buruzko materiala biltzen. 2002. urtean Oiartzunen Soinuenea-Herri Musika Txokoaren folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketarako zentroa ireki zuen, Euskal Herrian bakarra den museoa eta jarduera gune garrantzitsua dena. Bertan, instrumentuak, partiturak, diskoak, ikus-entzunezkoak eta grabazioak biltzen dira, etnomusikologian espezializatutako liburutegi batekin.

Beltranek ere herri musikari eta folkloreari buruzko azterlan eta ikerketa ugari egin ditu, Euskal Herrian eta nazioartean. Horrekin batera, musika tradizionalaren eta garaikidearen arteko zubiak eraiki ditu ere.

Saria
Manuel Lekuona saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da, eta 2025ean, udaberri aldera, eginen den ekitaldi publiko batean emanen zaio 2024ko irabazleari.