Astekaria

"Lortutako txapela bakoitza niretako ikaragarria da"

Maider Betelu Ganboa 2024ko aza. 26a, 13:20

Joanes Bakaikoa Labriteko aldageletan, txapelarekin. UTZITAKOA

Lau eta Erdiko B Serieko hirugarren txapela lortu du Joanes Bakaikoa etxarriarrak, eta Buruz Burukoa ere badu. Binakakoa da falta zaion bakarra, aurki hasiko den txapelketa

Joanes Bakaikoa Lau eta Erdiko B Serieko txapeldun handia dugu. Aurrelari etxarriarrak azaroaren 16an Labriten jokatutako emozio handiko final estuan, 22-16 hartu zuen mendean Iker Larrazabal, eta kaiolako bere hirugarren txapela lortu zuen. Lagunekin eta gertukoekin gustura ospatu zuen lorpen handia, eta aste honetan atseden hartu nahi du, eskuak guztiz errekuperatzeko. Binakakoa ate joka du, faltan duen txapela bakarra. 

Hasieran parekotasuna izan zen nagusi, baina hiru sake jarraian egin eta 15-11 aurreratu zinenean apurtu zenuen partida. Alde hori ongi kudeatu zenuen, eta merezitako garaipena eta Lau eta Erdiko hirugarren txapela lortu zenuen.
Bai, oso pozik nago. Hasiera nahiko parekoa izan zen; tentsio handia genuen biok. Agian ez zen partida borobil-borobila izan, baina emozio handia egon zen. Biak paretsu ibili ginen, baina partida, azkenean, nire aldera erori zen, eta pozik.

Finalaren bukaeran urduri zeundela aitortu zenuen. Horrenbesterako izan al zen?
Urduri nengoen, baina aurretik jokatutako gainontzeko finaletan bezala. Pixka bat lotuta, kateatuta jokatu nuen tarte batzuetan, askeago ibili beharrean. Agian ez nituen gauza batzuk nahi bezala egin, baina azkenean zaila izaten da finaletan oso eroso sentitzea. Bukaeran garaipena lortu nuen, eta kontentu.

Biek partida ona egin zenuten, baina bigarren zatian Larrazabalek hainbat opari egin zizkizun. Errematean ere ez zen horren fin aritu. Zuri, aldiz, ofizio edo esperientzia gehiago nabaritu zitzaizun azken txanpa horretan. 
Bai, Larrazabalek opari dezente egin zituen eta hori baliatu nuen. Berak normalean tantoa oso erraz bukatzen du, baina huts batzuk egin zituen. Nik ez nion sakeari abiadura handirik eman, baina hala ere min dezente egin nion sakearekin. 

Noiz sentitu zenuen txapela zuretako izango zela?
Partida erdi aldean hiru sake jarraian egin nizkionean. Nahiz eta ni guztiz eroso ez egon, bera ni bezala edo okerrago zegoela konturatu nintzen. Huts batzuk egin zituen, nahiko garbiak, eta pixka bat topera jarraitzen banuen irabazteko aukera izango nuela sentitu nuen. 

Txapelketan eskuekin arazoak izan dituzu. Eskuak nola dituzu?
Txapelketa guztian zehar astero masajistarengana joaten ibili naiz, eta horrek ere tentsioa sortu dit. Txapelketan zehar astean zehar entrenamendu onak egiten badituzu partidetara konfiantza handiagoarekin eta lasaiago joaten zara, baina txapelketa honetan apenas egin dut entrenamendu fuerterik. Suabe-suabe entrenatzen nuen partidara eskuekin ahalik eta hobekien iristeko. Horrek tentsio gehiago sortu dit, baina buelta ematea lortu dut eta aste honetan geldituko naiz, deskantsatu eskuak guztiz errekuperatzeko. 

Non ospatu zenuen txapela?
Finala Labriten jokatuta, Iruñean. Lagunak topera ibili ziren bazkaritik hasita, eta gero beraiekin elkartu nintzen. Oso gustura ibili ginen Iruñean buelta egiten.

"Hiru sake jarraian egin nizkionean sentitu nuen txapela nirea izan zitekeela"

Zorionak jasoko zenituen batetik eta bestetik.
Halakoetan hala izaten da. Momentuan mundu guztia gogoratzen da zurekin, baina hemendik aste batera jendea ahaztuko da. Hala izaten da.

Txapela norendako da?
Finalean aita aipatu nuen, baina egunero egoten naizen jendearendako eta niretako onena nahi dutenendako da. Ildo honetan oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin, baina txapela irabazi ez banu ere lana berdina izango zen, eta kontentu nengoke. Ematen du txapela irabazita gauzak hobeki egin dituzula, baina gauzak ongi eginda ere batzuetan ez dira ongi ateratzen. Beraz, gauzak ongi egiten saiatu beharra dago, eta gero ongi edo gaizki atera, ahalik eta alaien egoten.

Iaz lesionatu zinen eta ezin zenuen txapelketan parte hartu, eta aurten txapelduna zara. Kirolari baten ibilbidean gorabeherak izaten dira, eta hor alde emozionalak garrantzia handia du. Buelta ematen jakiteak. 
Kirol mundua oso gorabeheratsua da, emozio asko izaten dira eta garrantzitsuena da emozioen aldetik nahiko neutro mantentzea eta astelehenero berdin-berdin lanean jarraitzea. Oroitzen naiz iaz sentsazio oso-oso onak nituela eta gero Lau eta Erdiaren aurreko astean lesionatu nintzen. Aurten, aldiz, kontua ongi atera zait.

Finalaren aurreko astean esan zenuen kaiolan hirugarren txapela lortzea ikaragarria izango litzatekeela. Hala izan da?
Niretako bai. Lortutako txapela bakoitza niretako sekulakoa da. Edozein modalitatetan edozein txapela irabaztea ikaragarria da, benetan.

Lau eta erdiko hiru txapela dituzu (2018, 2021 eta 2024) eta Buruz Buruko bat (2023). Koroa hirukoitza lortzeko Binakako txapela falta zaizu, aurki hasiko dena. Binakako txapela lortzea da helburua?
Polita litzateke. Gainontzeko txapelketetan bezala, Binakakoan ahalik eta maila hoberena ematen saiatuko naiz.

Txapelarekin konfiantza gehiagorekin helduko zara Binakakora?
Norbera nola sentitzen den, hori da garrantzitsuena. Uste dut tentsioak eta halakoak albo batera utzi, eta Binakakoan pixka bat gehiago disfrutatuko dudala kantxan. Ea lesiorik ez den agertzen, hori da garrantzitsuena, baita egunerokoaz disfrutatu eta kantxan ahalik eta hobekien jokatzea.

Zer diote gertukoek? Txapelarekin pozik?
Beraiek ere badakite helburuak lortzeko nahikoa lan egin dudala, eta esfortzuak merezi duela ikusita, oso pozik daude.