Hirigintzari buruzko inkesta Etxarrin

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko abe. 18a, 09:01

Etxarri Aranazko ikuspegia Unanutik. ARTXIBOA

Haren bidez etxarriarren asmoak eta beharrak zein diren ezagutu nahi du. Hirigintza Plana berritzeko asmoa du udalak. Bestetik, Alde Zaharra Lehentasunez Birgaitzeko Eremu izendapena lortu du.

Etxarri Aranazko Udalak hirigintzari buruzko inkesta zabalduko du. Galdetegia etxeetara banatuko du, etxarriaranatz.eus webgunean jarri, udaletxean egonen da eta sare sozialen bidez ere zabalduko du. Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu duenez, "etxarriarrek dituzten asmoak eta beharrak jakiteko da inkesta. Jakin nahi dugu herritarrek zer etxebizitza premia duten: alokairukoa, autopromozioa, kooperatiba, babestutako etxebizitzak…" Argitu duenez, "udalak ez du eraikinik etxebizitzetarako egokitzeko. Baditu lurrak, eta hirigintza planean jasota dago babes ofizialeko etxebizitzak egiteko aukera".

Saez de Albenizek gaineratu duenez, "Nafarroako Gobernuari hirigintza plan berria egitea eskatu diogu. Halako dokumentu bat egitea lauzpabost urteko prozesua da, baina horren aurretik herriaren premiak jakin nahi genituen, zer behar duen. Horrela hirigintza antolamendu berria egin ahal izateko". Egun indarrean dagoen plana 2005ekoa da. Alkateak azaldu duenez, "etxeak egiteko eskaera dezente ditugu, etxebizitza premia dago eta herria pixka bat borobiltzeko, ordenatzeko, nahia ere badu udalak. Dotazio premia ere badago, esaterako, aparkalekuak". Gaineratu duenez, "badago lurra duen eta bere etxea duen jendea, baina lur saila hirigintza planaren barruan ez dago. Aldikako aldaketak egin daitezke, baina nahiago dugu plan berria egitea. Nafarroako Parlamentuak hirigintza plakan sinplifikatzeko pausoa eman du eta horren zain ere bagaude", azaldu du alkateak.

Aldi berean, Etxarri Aranazko Udalak herriko Alde Zaharrerako Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena eskuratu du. Zehazki, kultur etxea eta Burundabide kalearen arteko zatiak jaso du izendapena. Nafarroako Gobernuak emandako izendapen horren ondorioz, "eraikinak zaharberritzeko lanetarako askoz ere dirulaguntza gehiago lor ditzakete etxejabeek, eta prozedurak azkarragoak dira", argitu du Saez de Albenizek. Alkateak gaztigatu duenez, "etxe zaharrek metro ugariko plantak dituzte eta zaharberritzeko edo zatitzeko edota pisuak egiteko erraztasunik ez da izaten bestela".

Inkesta laburra
Erantzuten duenaren datuak jasotzeaz aparte, zortzi galderek osatzen dute inkesta. Batetik, udalak jakin nahi du hurrengo lau urtetan etxebizitza baten beharra izanen duten etxarriarrak zenbat diren. Premia dutenek zein etxebizitza mota nahi luketen ere zehaztea eskatu du: librea, babestua edo biak. Gainera, logela kopurua zehaztea ere eskertuko du  udalak. Aparte, etxebizitza alokatzeko prest zenbat etxarriar egon daitezkeen ere jakin nahi luke. Baita bere etxebizitza eraiki edo duena zaharberritzeko prest daudenak zenbat diren ere. Etxebizitza multzo bat autopromozio moduan eraikitzeko kooperatiba batean parte hartzeko prest egonen liratekeen ere galdetuko du udalak. Azkenik, nork bere iritzia emateko aukera ere eskaini du udalak. Erantzuteko ilbeltzaren 17ra arte izanen da.