Arrasto horiak Maiza kalean

Guaixe 2024ko abe. 18a, 11:28

Maiza kalean udalak margotutako arrasto horiak.

Ibilgailuak ez aparkatzeko jarri ditu udalak.

Plazatik Alde Zaharreko ekialdera sartzeko Maiza kalea erabili behar dute ibilgailuek. Hiruzpalau metro zabaleko kalea da eta batzuetan gidariek autoak espaloietan aparkatzen dituzte. Horrek trafikoaren jarioa zailtzen du, are gehiago larrialdietako zerbitzuak edo banaketa kamioiak direnean. Hori dela eta, Etxarri Aranazko Udalak Maiza kaleko hainbat zatitan arrasto horiak margotu ditu lurrean, han ibilgailurik ezin dela aparkatu adierazteko. 

Udalak, bestalde, jakinarazi du Larrañeta kalean auto elektrikoendako bi karga puntu jarriko dituela. Hori eginda, seinaleztatzeko, zorua urdinez margotuko du ere. Kolore urdinez margotuko dute Malkorramendi auzoan zoru zati bat, baina kasu horretan behar bereziak dituen auto gidariendako aparkalekua seinaleztatzeko izanen da.