Astekaria

Burundako historia eta toponimia bildurik

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2025ko urt. 8a, 10:30

Jose Luis Erdozia hizkuntzalari etxarriarra 'Burunda. Historia eta toponimia' liburuarekin, Altsasuko ferietan. Artxiboa

Jose Luis Erdoziak 'Burunda. Historia eta toponimia' liburua kaleratu zuen udazkenean; Bakaikutik Ziordiraino bitarteko toponimiaren errebisioa egin eta eguneratu du. Orain, Sakanako ermiten inguruko liburua kaleratu du

Urte askotako kontu bat dela esan du Jose Luis Erdozia etxarriarrak Burunda. Historia eta toponimia liburuaz hitz egiterakoan. 1992an Toponimia eta Mapagintzako hamar bat liburu jaso zuten Nafarroako toponimia: "Jose Maria Jimeno Jurio bere talde batekin Nafarroa guztian toponimia jaso zuen, NTM Nafarroako Toponimia eta Mapagintza liburuak bezala erabiltzen ditugu. Orain dela 30 urte egin ziren eta gauza gehiago ikasten, egiten eta jasotzen joaten gara". Hortaz, Erdozia konturatu zen Etxarrin, esaterako, gaur egun erabiltzen diren hainbat toponimia falta zirela, "eta beste asko ahaztu ditugunak". Sakana mailan horiek begiratzen hasi, eta Burunda ekialde aldetik "bereziki" asko falta zirela. "Herri askotan hasi ziren ere mapa toponimikoak egiten, eta hor agertzen ziren asko ez ziren toponimia ofizialetan agertzen". Rafael Carasatorrek ere horietako "asko eta asko" jaso zituela azaldu du Erdoziak, "eta horren bueltan dokumentazioa bilatzen hasi nintzen" eta liburua sortu zuen. 

Liburuan toponimiaren errebisioa eta eguneraketa egin du Erdoziak

Burunda. Historia eta toponimia sailkatzeko "Burunda zer den" pentsatu zuen. Aurretik Principe de Viana eta Linguae Vasconum Primitiae aldizkarietan idatzitako artikuluetarako aztertuta zituen hainbat alderdi, eta horiei historia ere garrantzia ematea pentsatu zuen etxarriarrak: "Toponimio horiek guztiak non daude kokatuta eta nondik etor daitezkeen ikusteko". Beraz, historia jaso du, aurrehistoriatik arkeologoek egindako lanetan oinarrituta eta dokumentazioan oinarrituta, "ia-ia XIII. mendetik aurrera dago dokumentazioa eta horrekin erakusten da zer aldaketa egon ziren populazioan". Esaterako, Urdiain izan zen mende dezentetan populatuena eta Altsasuk trenbidearen zabalpenarekin irabazi zuen populazioa. 

Informatzaileak
Toponimia ofizialak egiten duen bezala, Erdoziaren liburuan Burunda mendebaldea - Ziordia, Olatzagutia eta Altsasu- eta Burunda ekialdea -Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku- banatzen ditu. "Bi eremu horietan zer despopulatu edo herri galduak esaten ditugunak dauden ere aipatzen da, eta etimologia ateratzen saiatu naiz". Erdoziak azaldu duenez, ezin da ziurtatu, baina bere ustez toponimiak "deskribapen maila handia" egiten du. "Bakaiku pentsatzen zuten Bakarrekotik heldu dela, baina nik uste dut Bagaditik heldu dela, Pagadi; pagoak herriraino iristen dira gaur egun ere". Toponimia "generikoak" ere aipatzen ditu liburuan, hau da, zeintzuk diren gehien erabiltzen direnak. 

Erdoziak Burunda. Historia eta toponimia liburua egiteko bidalagunak izan ditu: "Lan izugarria egin dute". Herri bakoitzeko informatzaile bat izan du eta liburuan guztien lana eskertu du. "Horietako batzuk, Santi Zelaia Urrestarazu altsasuarrak esaterako, Altsasuko euskara berreskuratzen lanetan egon da ere, eta banekien mapa toponimiko bat egin zuela. Duela hogei bat urte ezagutzen dut". Pedro Migel Kintana Ondarra bakaikuarrarekin ere urte luzeko harremana izan du. Besteak "dezente gazteagoak" direla azaldu du, "Burundan euskara mantentzen iraun dezan lekuko" direla gaineratu du. Informatzaileekin gehien bat toponimiak nola esaten diren landu du: "Ofizialak beti nola izango diren jartzen saiatzen diren, baina gero herritarrek beste modu batera erabiltzen dute". Bestetik, haien ibilbide gogokoena markatu dute ere, toponimiak ezagutzeko modu bat baita. 

Liburua toponimio bakoitza modu sistematikoan agertzen da: zein den toponimia, ahoskera, kokapena, osagaiak eta esanahia eta dokumentazioa. "Etorkizuneko ikertzaileak laguntzeko. 

Baselizak
Abenduan aurkeztu du Erdoziak Jose Luis Imaz Arañarekin batera egindako Sakanako XXI. Baselizak liburua. Imazek argazkiak egiten ditu, eta biak herriz herri eta ermitaz ermita dokumentatzen joan dira. "55 bat dauzkagu".