Azaroaren 30ean hasi zen Gure Pilota Elkarteak Sakanako Mankomunitatearekin eta zenbait entitate eta enpresen babesarekin antolatutako 20. Sakana Neska Pala Txapelketa eta abenduaren 28an despeditu zen, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan jokatutako final ikusgarriekin. Guztira 128 palista lehiatu dira aipatu txapelketan, zirkuituko palista onenak. Eliteen mailan sei bikotek parte hartu zuten, lehen mailan hamabik, eta kategoria txikietan 46 bikotek.
Finalak espero bezain ikusgarri eta borrokatuak izan ziren eta beste behin Euskalerriari pilotalekua txiki geratu zen. Ikaragarrizko giroa zegoen. Kategoria txikietan sei final jokatu ziren eta gehienetan palista sakandarrak gailendu ziren. Pottoken mailan jubenilak lehiatu ziren, eta Nahia Goikoetxeak eta Ariane Olzak lortu zuten txapela, Arai Guerrari eta Eva Astraini 10-25 irabazita.
Lehen mailako txapela Sakanan geratu zen, Maialen Larraza etxarriarrak eta Purroyk 16-25 hartu baitzituzten mendean Inunziaga eta Garziarena. Bukatzeko, elite mailako txapela Murillok eta Ruiz de Azuak jantzi zuten, final borrokatuan Salanueva eta Eizmendiri 17-25 irabazi eta gero. Gure Pilotako Miguel Aristorena txapelketa hasieran ez zen faboritorik edo pronostiko garbirik ematera ausartu, baina “Murillo dagoen tokian, kontuz”, azaldu zuen, eta, azkenean, asmatu.
Ruiz de Larramendiri omenaldia
Aurten 20. urteurrena ospatzen zuen Sakanako txapelketak, eta antolakuntzak merezitako omenaldia eskaini zion Maite Ruiz de Larramendi palista eta pilotari handiari. Sari ematean parte hartzeaz gain, oroigarria eta merezitako jaso zuen Eulateko munduko txapeldun handiak.
20. Sakana Neska Pala Txapelketa
Finalak
Txitoak
Sanchez-Apalategi 18 / Mosqueira-Goikoetxea 3
Tximeletak
Marroyo-Goyenaga 18 / Urtasun-Resano 15
Kattagorriak
Azanza-Moro 15 / Razkin-Garziandia 18
Usoak
Beraza-Garmendia 20 / Aldasoro-Campos 25
Beltxargak
Larreta-Jimenez 25 / Lacunza-Iribarren 23
Pottokak
Guerra-Astrain 10 / Olza-Goikoetxea 25
Lehen maila
Inunziaga-Garziarena 16 / Purroy-Larraza 25
Elite maila
Salanueva-Eizmendi 17 / Murillo-Ruiz de Azua 25