Futbola

Irati Igoak garaipenarekin debutatu du Osasuna talde nagusian

Guaixe 2025eko urtarrilaren 13a

Irati Igoak partidako 90 minutuak jokatu zituen. OSASUNA

Erdilari etxarriarrak Osasuna B taldetik Osasuna lehen taldera salto egin du. Etxean debutatzea “plazera” izan da Igoarendako, eta “oso pozik” dago 

Irati Igoa Sesma etxarriarra Altsasun hasi zen futbolari, eta gerora Mulier taldera pasa zen. Bertan zazpi denboraldi egin eta gero, aurten Osasuna B taldera egin zuen salto, hain zuzen ere Gorka Pascua altsasuarrak eta Aritz Maestrek gidatzen duten 2. RFEF mailako taldera. Baina etxarriarraren dohainak ez dira oharkabean pasa eta 1. RFEF mailan jokatzen duen Osasuna lehen taldera igo da etxarriarra. 

Ilbeltzaren 12an debutatu zuen Osasunan, Huelvako Sporting taldearen kontra, eta garaipenarekin mustu du ibilbidea erdilari etxarriarrak, Elena Valejek sartutako golari esker 1-0 gailendu baitziren gorritxoak. 

Debutarekin “oso pozik” dago Irati Igoa. “Denboraldiaren bigarren itzulera garaipenarekin hastea oso positiboa da taldearendako eta baita niretako ere. Urteko lehen partida etxean jokatzea, bertan debutatzea eta garaipena lortzea ederra izan da, jende ezaguna hurbildu direlako ni ikustera. Plazera izan da etxean debutatzea, harrotasuna. Ongi sentitzen naiz, eta Josu Dominguezek partida titular hasteko eta 90 minutuak jokatzeko eman didan aukerarekin pozik nago; uste dut minutu horiek ongi aprobetxatu ditudala, ahal nuen hoberen, eta taldea lagundu dudala. Partida serioa izan da, sentsazioak onak dira eta lanean jarraitu beharra dago, dinamika honetan jarraituz. 

Bestalde, Josu Dominguez entrenatzaileak azaldu zuen taldeko aurpegi berriekin “pozik” dagoela. “Igoak eta Sarrik bigarren itzulian asko eman ahal digutela uste dugu”.

Osasuna 1. RFEF ligako sailkapenean zazpigarren da (20 puntu). Deportivo Alaves da liderra (34 puntu).