Maialen Larraza Senar dugu 20. Sakanako Nesken Pala Txapelketako lehen mailako txapelduna, Irati Purroyrekin. Joan zen urteko garaipena berritzea lortu du palista etxarriarrak.
Joan zen urtean Sakanako lehen mailako finala irabazi zenuen, eta aurten baita ere. Bi txapela, bata bestearen jarraian.
Aurten Sakanako Pala Txapelketa jokatzeko gogo asko nituen, baina iaz baino beldur gehiago nuen, bikote gehiago eta palista berri askok parte hartu zutelako, maila handia zutena. Finalerdietara sailkatzerakoan ongi sentitu nintzen, eta finalerdia irabazitakoan oso pozik sentitu nintzen; horrekin konformatzen nintzen, berdin zitzaidan finala irabaztea edo galtzea.
Irati Purroy izan duzu bikote.
Iruindarra da, eta Nafarroako selekzioan batera egoten garelako ezagutzen nuen. Asko poztu nintzen berarekin jokatuko nuela esan zidatenean, Iratirekin harreman ona dudalako. Elkarrekin jokatu dugun lehen aldia izan da, eta oso ongi moldatu gara, aurretik harremana genuenez, oso ongi. Gauzak ongi ateratzeko komunikazioa behar da, eta aurretik harremana baduzu, askoz hobe. Lasai jokatu dut Iratirekin. Banekien partida zailak genituela aurretik, eta edozeinek irabaz zezakeela. Disfrutatzera atera nintzen.
Finalean Inunziaga eta Garziarenari 16-25 irabazi zenieten.
Ongi hasi ginen, indartsu, eta hasieratik aldea atera genuen. 7, 8,9 eta 10 tantoko aldea ateratzen genien, baina momentu batean 4 tantora hurbildu zitzaizkigun, 20-16 jarri ziren. Baina berriro topera hasi eta zuzenean joan ginen 25eraino.
Txapela irabaztea espero al zenuen?
Egia esan, ez. Panorama ikusi nuenean, bikoteen maila oso handia zela iruditu zitzaidan. Horregatik, nire helburua finalerdietara iristea zen. Baina behin txapela lortuta, sekulako poza sumatu nuen. Oso harro sentitu nintzen, eta oso pozik.
Finalean sekulako giroa zegoen.
Ez nuen horrenbeste jende egotea espero, bezperan kategoria txikiko finalak jokatu zirelako eta frontoia topera zegoelako. Baina lehen mailako eta elite mailako finaletan ere goraino bete zen.
Sakanako Txapelketaren 20. urteurrena zenez, parte hartze handiagoa izan da aurten, 128 bikote. Txapelketa bereziagoa izan al da?
Baietz esango nuke. Bikote gehiago geunden, eta bikote guztiak, baita kategoria txikikoak ere, maila handikoak eta oso parekatuak. Beraz, txapelketa polita, ikusgarria eta estua izan da. Bestalde, Maite Ruiz de Larramendi palista handiari omenaldia egin genion; palistek arkua egin genion, eta nik eta beste hiruk aurreskua dantzatu genion. Polita izan zen. Hartzabalen bazkaltzera bildu eta bikain pasa genuen.