Abenduaren 28an 20. Sakanako Nesken Pala Txapelketako finalak jokatu ziren Etxarri Aranatzen. Gure Pilotako palistak gailendu ziren kategoria txikietan. Pottoken mailan, jubeniletan, Nahia Goikoetxea etxarriarra eta Ariadne Olza txapeldunak izan ziren.
Aurretik Sakanako Txapelketako beste txapelaren bat al zenuen?
Zortzi urte nituenetik ari naiz palan. Aurretik Sakanako beste txapela bat nuen, honekin, bi.
Sakanako Pala Txapelketak izen handia du, palista onenak lehiatzen direlako.
Bai, txapelketa handia da, ezaguna. Nire bikotea Ariadne Olza iruindarra izan da. Lehenengo aldiz aritu naiz berarekin, oso gustura. Ongi moldatu gara. Makina hutsa da, aurrelari oso ona.
Finalera iristea eta txapela irabaztea espero al zenuen?
Ez. Nafarroako Binakako Txapelketan Oskia Zubiria eta biok finalerdietara ez ginela sailkatu ikusita, ez nuen Sakanako finalean egotea espero. Nahiko urduri, baina lortu genuen. Nolanahi ere, finalerdietan finalean baino urduriago nengoen.
Finalean 10-25 menderatu zenituzten Arai Guerra eta Eva Astrain, alde handiz.
Bai, irabazten hasi ginen, eta hasieran alde nahikoa hartuta, aurrera segitzea izan zen asmoa, 25. tantoraino.
Txapela jantzita zer sentitu zenuen?
Egindako lanarengatik poz handia, gure lana erakutsi genuelako, eta lasaitasuna. Nolabaiteko harrotasuna, aldi berean.
Zer ematen dizu palak?
Oso kirol polita da. Jendearekin jokatzen duzu eta lagun berriak egiten dituzu. Niri lasaitzen eta deskonektatzen laguntzen dit.
Hemendik aurrera, zeintzuk dira helburuak?
Nafarroako Banakako Txapelketan hasi berri naiz. Lehenengo aldia da banaka jokatzen dudala, ea zer moduz doakidan.
Non jarri duzu txapela?
Logelan. Ohetik ikusten dut, esnatzerakoan eta lokartzerakoan.