Abenduaren 21ean jokatu zen XXIV. Sakanako Xake Txapelketa, Etxarri Aranazko Larrañeta elkartean. Hemeretzi xakelarik hartu zuten parte Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Zaldi Beltza Xake Taldeak antolatutako txapelketan. Nafarroako Xake Federazioak egun berean Nafarroako Kirol Jokoen txapelketa antolatu zuen Iruñean, eta horrek Sakanako probaren parte hartzean eragina izan zuen, txikien kategorian, Zaldi Beltzakoen penarako.
Azken edizioetan bezala, Aitor Huarte Zozaia epaileak gidatu zuen txapelketa, aldi berean Nafarroako 1900 ELO puntutik beherako txapelketa izan zena. Eroso zegoen guztia bideratzen eta, tarteka, isiltasuna eskatzen. Txapelketa azkarra izan zen, 15 minutuko zortzi jardunaldi edo partidatan erabaki zena, giro onean. Eguerdian tartea zabaldu zuten, Larrañetakoek prestatutako bazkariaz gozatzeko.
Hemeretzi partaideen artean hamaika sakandarrak ziren, eta emakume bakarra, Maria Rodriguez. Joseba Otano iruindarra gailendu zen (6 puntu), Juan Jose Navas bigarrenarekin puntutara berdinduta. Hirugarren postua Lizarragabengoako Koldo Floresendako izan zen (5 puntu), Iraitz Mauleon etxarriarrarekin eta Juan Andres Cerro altsasuarrarekin puntutara berdinduta. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Mikel Castellano seigarren sailkatu zen (4,5 puntu), Victor Barriga zazpigarren (4,5 puntu), Cesar Razkin zortzigarren (4,5 puntu), Ismael Anton hamaikagarren (4 puntu), Aimar Azanza hamabigarren (4 puntu), Jon Lizarraga hamalaugarren (3 puntu), Kevin Sanchez hamabosgarren (3 puntu), eta Eki Errazkin hemezortzigarren (puntu 1).
Emakumezkoen saria Maria Rodriguezendako izan zen, sailkapenean hamaseigarren (2,5 puntu). 14 urtetik beherako gazte mailako saria Aimar Azanzak eta Eki Errazkinek jaso zuten. Koldo Flores lehen sakandarrak hirugarren saria lortu zuenez, antolakuntzak Iraitz Mauleoni eta Juan Andres Cerrori sakandarren saria eman zien.