Etxarri Aranatz, nesken iraultza

Maider Betelu Ganboa 2025ko urt. 30a, 12:15

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak bederatzi talde ditu guztira, bi emakumezko. etxarri k.e.

Aurten bederatzi futbol talde ditu Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak, tartean nesken bi: futbol 8 taldea eta infantil-kadetea. Klubak junta berritu du, inplikazioa handia da eta talde nagusia, erregionala, ikusgarri ari da. Urrezko garaia bizi du klubak

Haize berriak daude Etxarri Aranatz Kirol Elkartean. Juntara jende berria sartu da, gogotsu; emakumezkoen bi talde daude, berrikuntza handia, eta talde nagusia, gizonezkoen erregional mailakoa, sailkapenaren goialdean dago. Une ederra bizitzen ari da kluba.

Emakumeak juntan lehenengoz
Izaskun Erdoziak hartu du Etxarri Aranatz Kirol Elkarteko lehendakaritzaren ardura. Iosu Murgiondo da lehendakari ordea, eta, aldi berean, kirol koordinatzailea. Gurutze Ubeda idazkaria da, Adelaida Moreno diruzaina, eta batzordekideen zerrendan Jose Javier Urkia, Iña Arratibel, Ana Senar, Erkuden Carravilla, Arturo Carreño, Aitor Azpiazu, Iñaki Elvira eta Xabier Errazkin daude. 

Junta berritu baina orekatua lortu dute: esperientziadunak eta gogotsu sartu direnak. "Junta berrian aurreko juntatik zetorren jendea eta jende berria gaude. Lehenengo aldiz emakumeak juntan sartu gara, eta junta ia parekidea gara" azaldu du lehendakari berriak, Izaskun Erdoziak. 

Giro ona
Gehienbat gurasoak dira juntan sartu direnak, eta haiei bere garaian guraso izandakoak eta oraindik klubean jarraitzen dutenak, futbolari eta entrenatzaile ohi izandakoak eta beste gaineratzen zaizkie. "Oso giro ona dugu. Integrazioa ona izan da, berriei harrera ona egin digutelako. Oso erraza izaten ari da dena. Guk ikasten, eta eurak erakusten" nabarmendu du presidenteak. Baina honek bi aldetara funtzionatzen du, eta ziur beteranoak kide berriez ikasten ari direla. "Jakina. Jendea ideia berriekin sartu da, eta duela gutxi pentsaezinak ziren gauzak egiten ari gara orain" nabarmendu du Iosu Murgiondok. Etxarriarrak bizi guztia darama futbol klubari lotuta. Entrenatzaile izan da urte luzez, eta, egun, presidenteordea eta klubeko kirol koordinatzailea da. 

Izaskun Erdozia: "Neskak hasiberriak dira, eta ilusio hori dute. Gustura daude"

Nesken bi futbol talde
Joan zen denboraldian sortu zen Etxarri Aranatz emakumeen lehen futbol taldea. "Futbol 8 mailako taldea sortu zen, txikienena. Julen Arratibel eta Xabier Errazkin ziren entrenatzaileak. Eskaria handia zen, neska txiki askok futbolean hasi nahi zutelako" gogoan du Murgiondok. Emakumezkoen futbolak boom izugarria bizi du, eta horrek ere eragina du Etxarri Aranatzen.

Aurreko taldeari futbol 11ko emakumezkoen infantil-kadeteen taldea gehitu zaio, 13 urtetik gorakoena. "Orain arte neskek mutilekin jokatzen zuten kadeteen mailara arte, talde mistoetan. Eta hain zuzen ere neska horiek izan dira aurten sortu den emakumezkoen infantil-kadeteetara batu direnak. Horretaz gain, neska asko lehenengo aldiz hasi dira futbolean talde horretan, 13 edo 14 urterekin; hori ez da ohikoa, nahiko berezia da. Sekulako harrera izan du aurten sortu den talde horrek" nabarmendu du Erdoziak. "Emakumezkoetan futbola indartsu sartu da. Herrian bertan dute, eta horrek asko errazten du. Gure futbolari askok ere palan jokatzen dute, Etxarrin arrakasta handia duena". 

Xabier Errazkinek hartu du nesken infantil-kadeteen taldea gidatzeko ardura. Gustura ari dira. "Ongi doaz, guk ez diogulako lehiakortasunari begiratzen, ez nesken taldeetan, ezta mutilenetan ere. Soilik gizonezkoen erregional mailako taldearekin lehiatzen gara". Nesken taldeetan giro ona dago, "hasiberriak dira jokatzen, eta ilusio hori dute. Partidak irabaztea edo galtzea bigarren plano batera pasatzen da. Egia da mundu guztiari irabaztea gustatzen zaiola, beraiei ere, eta iritsiko zaie, baina momentuz ez diogu horri begiratzen. Entrenatzaileekin gustura daude, euren zaletasunaz gozatzen" nabarmendu du Murgiondok. 

Izan ere, neska-mutilek jokatzea eta ongi pasatzea, hori bermatu nahi du klubak. "Jubenilen mailako talde onak izan ditugu, baina ez ditugu klubak dituen helburuak ahaztu: guztiek jokatzea. Erregionalen taldean egon izan da jokalariren bat zenbait partidetan jokatu gabe geratu dena, baina erregional taldea da helburuei begira jokatzen duen talde bakarra. Honekin ados ez dagoen norbait egongo da, baina %100ean ados egotea ezinezkoa da" Murgiondok. 

Bederatzi talde, 170 jokalari
2024/2025 denboraldian Etxarri Aranatzek bederatzi talde ditu. Gizonezkoetan, benjaminak, kimuen bi talde, infantilen bi talde, jubenilen taldea eta erregional mailako taldea, eta emakumezkoetan futbol 8 taldea eta infantil-kadeteen taldea. Guztira 170 jokalari inguru dira, horietatik %24 neskak. 

Klubaren helburuak kirola sustatzea, kasu honetan futbola, eta kirol balioak sustatzea da. "Herriko talde bateko kide diren heinean, parte har dezatela, hezi daitezela, hobetu dezatela eta euren artean integratu daitezela: ikastolakoak eta eskolakoak, bertakoak, kanpotik hona etorritakoak... guztiak integratu daitezela. Eta gurasoak baita ere. Bestalde, euskara sustatu nahi dugu. Bederatzi talde ditugu eta zortzi entrenatzaile euskaldun" argi du Erdozia presidenteak. 

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak belarrezko futbol zelaia du, San Donato zelaia, eta alboan harezko zelaia. Erregionalen eta jubenilen taldeek jokatzen dute belarrezko zelaian; hareazkoan gainontzekoek. "Gehienez bi taldek joka dezakete belarrezko zelaian. Asteburu batean jubenilak jokatzen du etxean, eta hurrengoan erregionalak, txandakatuta. Partida gehiago jokatuz gero, zelaia zisko!" dio Murgiondok. 

Mugimendu handia
Gainontzeko partidak hareazko zelaian jokatzen dira. Klubak bederatzi talde izanda, mugimendu handia egoten da San Donato zelaian. "Federazioarekin hitz egina dugu, astebururo etxeko partida guztiak hemen ez jokatzeko, bestela ezinezkoa izango litzateke. Ahal zutena egingo zutela esan ziguten eta normalean hala izaten da, baina Nafarroa Oinezeko asteburuan zortzi partida tokatu zitzaizkigun etxean. Nolabait moldatu ginen" gogoan du Erdoziak. Halakoetan alboan dagoen eskolako aldagelak erabiltzea eskatzen dute, klubak soilik bi aldagela dituelako. "Nesken eta mutilen arteko partidak bata bestearen gainean ez jartzea saiatzen gara, aldagelengatik. Ezinezkoa denean, eskolako aldagelak eskatzen ditugu. Alde horretatik, udalak ez digu inolako arazorik jartzen, behar bat delako". 

Aurten Etxarrik ez du gizonezkoen kadeteen talderik. "Joan zen urtean kadeteek irabazi, eta lehen mailara igo ginen. Baina talde horri jubeniletara pasatzea zegokion, eta ez genuen jende nahikorik kadeteen taldea ateratzeko. Herri txikietan hala izaten da; urte batean ongi egon zaitezke, eta hurrengoan jenderik gabe. Hamabi etxarriar inguru Lakuntzan jokatzen ari dira, Lagun Artean, eta beste batzuk Altsasun. Futbolean segi dezatela, hori da garrantzitsuena, gazte hauei bidea ematea eta kluben artean konpontzea. Gero, nahi badute, itzuliko dira. Hori ari zaigu gertatzen" azaldu du Murgiondok. 

Erregionala, ikusgarri
Etxarrik ikusgarri ekin dio gizonen erregional mailako denboraldiari. Sailkapenean hirugarren da, Altsasu liderretik zortzi puntura. "Oso ongi hasi dugu denboraldia, baita Altsasuk ere. Helburua preferente mailara igotzea da, eta horretarako erregionaleko lehen lau postuetan sailkatzea da erronka, gero igoera fasea jokatu ahal izateko" argi du Murgiondok. Bestalde, Nafarroako kopan martxoaren 1ean jokatuko diren finalerdietarako sailkatu da Etxarri, Ilunberriri irabazita. Finalerdietan Zirauki izango du aurkari. 

Badirudi Joseba Bakaikoa entrenatzaile lakuntzarrak taldearen onena atera duela. "Jenioa du, izaera. Gauzak modu batera egitea gustuko du, eta taldeak hasieratik ulertu du bere lan egiteko moldea. Oso kontentu daude berarekin, eta elkar ulertzea dago, feeling-a. Gauzak ongi ateratzen ari dira" dio Murgiondok. Bakaikoak Andoni Goikoetxea du laguntzaile. Futbolariek harreman handia dute elkarrekin, eta horrek ere laguntzen du. "Topikoa da, baina jokalariek harreman estua dute, eta hori zelaian transmititzen da". 

Zelai artifiziala eta diru iturriak
Zelai artifizialaren beharra mahai gainean dago. Urteak daramatzate begiratzen, "baina oso garestia da. Zelaia udalarena denez, udalak mugitu beharko luke gaia, baina herrian gauza pila bat daudela eta lehentasunak ere badaudela ulertzen dugu. Dena den, lanean jarraituko dugu noizbait lortu arte, zelai artifizial batek izugarri errazten duelako lana: talde guztiek bertan entrenatu eta jokatuko lukete, eta mantenu lana gutxiago litzateke". 

Horrenbeste talde, geroz eta aurrekontu gehiago behar du Etxarrik. "Gastuak sekulakoak dira. Taberna diru iturri garrantzitsua da, eta guraso guztiek egiten dituzte euren txandak. Horrek ere elkarlana sustatzen du. Haurrendako ere eredua da gurasoen parte hartzea ikustea" dio lehendakariak. Erregional mailako futbolariek Lizarragako elkartea alokatzen dute festetan, kluberako. "Euren ekimena izan zen, eta eskertu besterik ezin diegu egin. Eredugarria da". 

Bestalde, eguraldia gehiago kaxkartzen denean, otsaila aldera, txikienen partidetan jokalari guztiei txokolatea eskaintzen hasiko dira. "Tabernan sua egoten da piztuta eta txokolate beroa gustura hartzen dute. Kanpoko taldeek asko eskertzen dute". 

Iosu Murgiondo: "Erregionalekoek harreman oso estua dute; hori zelaian transmititzen da"

Eskerrak eman
Erreportajea eskerrak emanez bukatu nahi dute Erdoziak eta Murgiondok. "Eskerrak gurasoei, klubak eskatutako guztietan laguntzen dutelako, udalari, eta babesleei eta komertzio eta enpresei baita ere. Euren babesa sentitzen dugu, eta lan egiteko gogoa ematen du. Mila esker".