Asteburu berezia izanen zela aurreratu zuen Mikel Mundiñano Zama Doinuz Arindu jaialdiko antolakuntzako kideak. Herrian "sustraituta" zegoen elkartasun kontzertuaren hamargarren edizioa zen, eta azkena; "merezi duen amaiera" ematea erabaki zuten. Hortaz, azkena izanik, "dena desberdina" zen: egun bakarrean ospatu beharrean ilbeltzaren 24an eta 26an izan zen jaialdia, eta Etxarri Aranazko kultur etxetik, gaztetxera eta San Donato herri eskolako frontoira lekualdatu zuten. Ia 200 boluntariok parte hartu dute Azken doinuak etxerantz jaialdia antolatzen. "Zapore onarekin" esango diote agur "zama arintzen lagundu" duen ekimenari.
Azken doinuak etxerantz jaialdiaren lehenengo kontzertuak ostiralean gaztetxean izan ziren Unidad Alavesa, Skabidean eta Malandro DJ taldeenak izan ziren. Iganderako Sarrerak agortuta kartela aspaldi zintzilikatu zuten; frontoia bete zen. Zigor DZk eman zituen lehenengo doinuak, eta ikuskizuna hasi aurretik girotzen joan zen. "Mila esker hamar urte hauetan etorri zaretenoi eta zama arindu duzuenoi; ea betirako den" bideo batek hasiera eman zion emanaldiari, eta Jon Barbarin Ihabarren bizi den antzezlea agertu zen oholtzan dantza bat eginez. Ondoren, Eñaut Elorrietaren unea izan zen.
Musikari bakoitzak bi kanta interpretatzen zituen, akustikoan. Hori izan da Zama Doinuz Arindu-ren dinamika hasieratik. Elorrietaren ondoren Bulego taldea izan zen, Hegan eta Bueltan abestien bertsioak jo zituzten. Etxarrikoa bezalako jaialdi bat antolatzea posiblea egin duen auzolanaren garrantzia goraipatu zuten.
Gatibu izan zen hirugarren taldea eta, ondoren, Porrotx agertu zen, eszenatokitik kanpo, eta Edor akordeoilari lakuntzarrarekin batera alfonbra gorria zeharkatuta, oholtzara igo zen. Bertan preso, iheslari eta deportatuak gogoan izan zituen eta Agur bat lagun maite kantua egin zuen. Epoitataiye abestu ondoren jaialdiko antolakuntzari pago bat oparitu zien; Xochitl Karrasatorrek jaso zuen; motxiladun umea izan da eta aita espetxean duelako, gaineratu zuen pailazoak.
Nogen izan zen Azken doinuak etxerantz jaialdiaren oholtzara igotzen hurrengoa, eta haren atzetik Brigade Loco taldea aritu zen. Gorka Urbizu izan zen ondoren, eta Etxe bat abestiarekin "etxera, denak etxera" aldarrikatu zuen ere. Maravillas kanta ere interpretatu zuen. Juantxo Arakamak dantzan jarri zuen frontoia, eta bertso bat bota zuen ere.
No hay tregua abestiarekin hasi zen El Drogas bere emanaldia. Bigarren abestia Nogen taldekoekin egin zuen, Al salir la luz. Zea Mays taldeko Pitik eta Aiorak Elektrizitatea kanta mitikoa eskaini zuten, eta ondoren Negua joan da ta ezaguna ere abestu zuten: "Badakizue, neguak ere bukatu egiten dira".
Zama Doinuz Arindu jaialdiko azken aurreko notak Pello Reparazen ZETAK taldeak eman zituen. Maixux Zugarramurdi eta Ansa ahizpekin batera Hileta kantu nafarra abestia interpretatu zuten. Erramun Martikorena agertu zen gero oholtzan, eta Xori erresiñula abesten zuen bitartean, Reparaz eszenatokira abiatu zen muletak lagunduta. Behin arbizuarra oholtzan zegoela Itzulera abestu zuten, Gorka Pastor ZETAKeko kidea pianoan zegoela. Amaitzeko Martikorenak duela gutxi zendu zen Mixel Aire Xalbdor II-ri eskainita Xalbadorren heriotzean kantatu zuen.
Azken zama
Musika emanaldiak amaituta Juanpe Agirre eta Maider Ansak antolakuntzako kideak agertu ziren. Zama Doinuz Arindu etxarriar gutxi batzuen ideia izan zen, eta jaialdi handi batean bihurtu zen. Atzean dagoen lana azaldu zuen Ansak, eta "mimo, maitasun eta ilusioa" ere bueltan jaso dutela. Ikuskizunarekin amaitzeko parte hartzaile guztiak oholtzara igo ziren eta Azken doinuak etxerantz, azken Zama Doinuz Arindu-rako sortutako abestia kantatu zuten.
Urtero 400 ikusletik gora izan du jaialdiak, kultur etxearen aretoa bitan betez. Zama doinuz arinduren lantaldean hamar bat pertsonak lan egin dute, eta auzolanean urtero 50 bat pertsona. Aurten zenbakia laukoiztu da, eta 200 bat pertsona egon dira Azken doinuak etxerantz jaialdia aurrera ateratzeko lan egiten.