Astekaria

Urrezko sakandarrak

Maider Betelu Ganboa 2025eko otsailaren 10a

Mitxelena, Goikoetxea eta Erdozia eta Oiarbide lehengusuak. Guztiak Sakanako Aizkora eskolatik pasa dira.

Etxarri Aranatzen jokatutako Urrezko Aizkolariak jaialdian, 19 urtez azpiko Banakako Gazteen Txapelketan Oier Mitxelena eta Joan Goikoetxea lehiatu ziren, eta 23 urtez azpiko Banakakoan Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusuak.

Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekua herri kirolzaleen topaleku izan zen, Urrezko Aizkolarien Txapelketako jardunaldia bertan jokatu baitzen.

XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Sariko jardunaldian ez zen sorpresarik egon. Julen Alberdi "Txikia IV.a" eta Jon Rekondo erraz gailendu ziren Ugaitz Mugertza II.aren eta Ibai Soroaren aurrean. Bost lan egin behar izan zituzten eta bostetan nagusitu ziren Txikia eta Rekondo. Guztira 17:12 minutu behar izan zituzten, eta Mugertza II.ak eta Soroak, aldiz, 19:03 minutu. 

Harri jasotzaileak
Banakako Harri jasotze Txapelketan Udane Ostolaza Emakumezkoen Txapelketan aritu zen eta Gorka Etxeberria, aldiz, Harri Handien Txapelketan. Ostolazak 63 kiloko zilindroari hamabost jasoaldi egin zizkion, 63 kiloko kubikoari hamar eta 50 kiloko bolari hamabost, guztira 40 jasoaldi eginez (2.325 kilo). Etxeberriak 175 kiloko laukizuzena hirutan jaso zuen, 138 kiloko kubikoa seitan eta 125 kiloko bola zazpitan, guztira hamasei jasoaldi (2.228 kilo).

Sakandarrak, ederki
19 urtez azpiko Banakako Aizkolari Gazteen Txapelketan Oier Mitxelena altsasuarra eta Joan Goikoetxea etxarriarra lehiatu ziren elkarren kontra. Hasiera batean Amets Aristizabal urdiaindarra ariko zela iragarri zuen antolakuntzak, baina, azkenean, Oier Mitxelenak hartu zuen bere tokia. 45 ontzako bi enbor erdibitu behar zituzten, eta Mitxelena izan zen azkarrena (3:01). Jaialdia berandutu zela eta telebistarako denborarik ez zegoela argudiatuta, bigarren sailkatu ziren aizkolari gazteei ez zieten lana bukatzen utzi, katedran oso kritikatua izan zen erabakia, aizkolarienganako errespetu falta zela entzuten baitzen. Goikoetxeari aizkorakada gutxi geratzen zitzaizkion bukatzeko, eta epaileek 3:01-eko denbora jarri zioten. 

23 urtez azpiko Banakako Txapelketan 45 ontzakoa eta 60 ontzakoa erdibitu behar ziren. Jon Erdoziak (4:14) ez zuen Kimetz Oñederra "Aittola"-ren aurrean (4:50) gailentzeko arazorik izan, nahiz eta etxarriarrak aitortu Donostian bizi dela eta ezin duela behar bezala entrenatu. Bukatzeko, Aritz Oiarbide haren lehengusu etxarriarra bizkor aritu zen (4:19) eta Isidro Velascoren kontra gailendu zen (4:48).