Aspaldiko ezaguna da Irati Igoa Sesma etxarriarra: palista, pilotaria, futbolaria, entrenatzailea... Aurten aurrerapauso nabarmena eman du, Osasuna futbol taldeak fitxatu baitu. Osasunarekin 1. RFEF mailako play-offetan sailkatzea du helburu, lehen mailara igotzeko ametsagatik borrokatzeko.
Kolorea ez duzu aldatu, Altsasun eta Mulierren janzten zenuen kolore gorriarekin jarraitzen baituzu Osasunan.(Kar-kar) Bai, beti gorriz jantzita. Altsasuko jantzia gorria zen, Mulierrena baita ere eta Osasunarena, zer esanik ez.
Altsasun hasi zinen futbolean, baina gero Mulierrera egin zenuen salto eta zazpi denboraldi egin zenituen bertan. Beti oso eskertuta azaldu zara Mulierrekin, benetako eskola izan da zuretako.Hala da. Osasunara joateko aukera sortu zenean pena handia sentitu nuen Mulier utzi behar izateagatik. Zazpi urte asko dira. 3. RFEF mailan jokatzen du Mulierrek, baina denboraldi batean maila galdu genuen, gero igotzea lortu genuen... Asko ikasi dut, Mulierrek asko eman dit.
OSASUNA ETA PRADEJON
Osasunatik jo zuten zuregana?
Bai, baina aurretik, 2023/2024 denboraldiko Gabonetako merkatuan 2. RFEF mailako Pradejon taldetik deitu ninduten. Maila bat gorago zegoen taldean aritzeko aukera polita zen, baina nahiago izan nuen denboraldia Mulierrekin bukatu eta udako merkatura arte itxarotea, aukeraren bat sortuz gero hura aztertu eta baloratzeko. Joan zen urteko ekainean Pradejonetik deitu ninduten berriz, eta Osasunatik baita ere. Nahiago izan nuen Osasunarena hautatzea: hemengo taldea da, eta 2. RFEF mailako taldeaz gain, gorago beste talde bat du, 1. RFEF mailako Osasuna talde nagusia.
Osasunazalea zara, gorritxoa?
Egia esan, ni beti Errealekoa izan naiz, eta hala segitzen dut, baina Osasuna bertakoa denez, beti nahi izan dut Osasunak irabaztea. Igandean taldekideekin lehen mailako Osasuna-Erreala partida ikusten egon ginen Sadarren, eta taldekide batzuek Errealak irabaztea nahi genuen. Nolanahi ere, Osasunaren aldeko sentimendua ere badut. Geroz eta kariño gehiago diot.
Taxoaren sartzerakoan zein izan zen sumatu zenuen aldaketarik nabarmenena?
Batetik aldaketa handia da, Osasuna klub profesionalagoa delako: gimnasioak, futbol zelaiak, kirol instalazioak... baina bereziki entrenamendu saioetan, entrenamendu orduetan eta dedikazioan, hor sentitu nuen aldaketa. Alde horretatik, dena profesionalagoa da. Hala ere, Mulierren alde esan behar dut Mulierrek ahal zuen guztia ematen zigula, talde txikiagoa dela, baina beti saiatzen zen profesionalizatzen, guri ahalik eta hobekien zaintzen.
Osasuna B taldean hasi zinen hasieran, Gorka Pascua entrenatzaile altsasuarraren esanetara, 2. RFEF mailan.
Osasunan hasi behar nintzenean, nolabaiteko bertigoa nuen: kategoria berrian aritzeko gai izango ote nintzen, ongi moldatuko nintzen, egokitzea kostako zitzaidan... kezka hori banuen. Aurredenboraldian, entrenamenduko orduak sartu eta gero, ongi egokitu nintzen kategoriara, baina egia da maila bat gorago partidek erritmo altuagoa dutela, intentsitate handiagoa. Aldaketa handia egon da joan zen urtetik hona, baina ongi moldatu naiz.
"Lau partida jokatu ditut Osasuna talde nagusiarekin, eta laurak titular eta osorik jokatu ditut"
Postu berberean jokatzen duzu Osasunan? Erdilari?
Osasuna B taldean Gorkarekin erdilari gisa hasi nintzen. Partidaren batean aurrelari jarri ninduen, baina gehienbat erdilari. Berdin zait non jokatu, beti moldatuko naiz eskatzen didatenera, nik jokatu nahi dudalako. Hala ere, nahiago dut erdian jokatu, eroso nago; baloia gehiago ikusten dut, korrika gehiago egiten dut... baina berdin zait.
Oso moldakorra zara. Erdilaria, baina edozein momentutan puntan jar zaitezke, aurrelari.
Bai, edozein postutan ongi nabil. Partida batzuetan erdian hasten naiz jokatzen, baina entrenatzaileak aldaketak egin ditzake, eta niri gora pasatu. Gero, bestelako aldaketaren bat badago erdilari postura jaisten naiz berriz... egokitzen naiz.
OSASUNA LEHEN TALDERA
Ilbeltzaren 12an Osasuna talde nagusiarekin debutatu zenuen. Nola igo zinen talde nagusira?
Osasuna B taldearekin hasi nintzenean, 23 urtez azpiko fitxa egin zidaten. Fitxa hori izanda, banekien lehenengo taldearekin ezingo nuela jokatu. Lasai nengoen, bigarren taldean gauzak ongi egiteko asmoz. Josu Dominguez lehen taldeko entrenatzailea gure etxeko partidak ikustera etortzen zen beti. Azaroaren hasieran Osasunako kirol zuzendari Mai Gardek idatzi zidan esateko Josuk nahi zuela ni asteazkenero lehenengo taldearekin entrenatzera joatea. Ilusio handia egin zidan, lehen taldearekin entrenatzea hitz handiak zirelako haiek. Abendu hasieran egunero talde nagusiarekin entrenatzera joateko eskatu zidaten, ostiraletan izan ezik, 2. RFEF mailako Osasuna B taldeko partida prestatzeko. Eta astero hasi nintzen beraiekin.
Noiz sinatu zenuen Osasuna lehen taldearekin kontratua?
Gabonak baino lehen berarekin biltzea eskatu zidan Mai Gardek. Ez nuen gehiegi ilusionatu nahi, baina esan zidan niri fitxa aldaketa egitea aztertzen ari zirela, talde nagusira igotzeko. Gabonen ondoren sinatu genuen fitxa eta kontratu berria.
Zer sentitu zenuen ilbeltzaren 12an Osasuna talde nagusiarekin debutatu zenuenean?
Poz eta ilusio handia. Bost hilabetetan Mulierrekin 3. RFEF mailan egotetik 1 RFEF mailara salto egitea lortu nuen, bi kategoria igotzea. Gainera, lehen partidan titular jokatu nuen Huelva Sportingen kontra, eta partida osoa jokatu nuen. Horrek erakutsi zidan Josuk eta gainerako teknikariek nigan konfiantza izan zutela. Sakanatik jende asko joan zen partidara, eta horrenbeste ezagunen aurrean jokatzea, eta irabaztea, polita izan zen. Egun borobila.
Ongi egokitu zara talde nagusira?
Bai, konpromiso gehiago eskatzen du. Ez gara profesionalak, semiprofesionalak gara, baina futbola gure lehentasuna bilakatu da: entrenamendu ordu gehiago, gimnasioa, hitzaldia, bideoa... Entrenamenduak intentsoagoak dira, serioagoak, nutrizionista dugu, talde dinamikak... dena profesionalagoa da.
"Pala uzteak pena handia eman dit, inbidia pasatzen dut. Palistekin harreman estua izaten jarraitzen dut"
Nola da zure aste bat?
Ikasketak online egiten ditut, goizez. Astearteetan izan ezik, astero arratsaldez entrenamenduak ditugu Taxoaren, 17:30etik 20:00ak arte. Eta, astebururo, partidak.
Osasunak presio handia du lehen mailara igotzeko. Azkeneko sei denboralditan igoera fasea jokatu du, baina ez du lortu.
Helburuak berdina izaten jarraitzen du: lehen mailara igotzea. Azken sei urte hauetatik, urte hau urterik okerrena izaten ari da emaitzei begira. Helburua play-off postuetan sartzea da, lehen bost postuetan. Egun, zortzigarrenak gara, play-off postuetatik 6 puntura. Lehenengo itzulia nahiko kaskarra izan da; beraz, bigarren itzuli honetan egoerari buelta eman nahi diogu.
Otsailaren 2an lehen gola sartu zenuen, noren eta Barcelona B taldearen kontra. Gola sartzeko presioa zenuen?
Bai eta ez. Gol bat sartzen duzunean beti pozten zara, eta beti duzu gol bat sartzeko gogoa, baina ez nuen gola sartzeko presioa izan nahi. Nire helburua astean zehar ongi entrenatzea da, eta asteburuetan jokatzea. Eta lortzen ari naiz. Talde nagusiarekin lau partida jokatu ditut, laurak titular, eta gola sartzea plus bat izan da, gainera Barcelona B-ren kontra. 2-1 aurreratu ginen, baina Barcelonak buelta eman zion partidari, 2-3 irabaziz.
1. RFEF mailako sailkapena oso estu dago, eta taldeak oso potenteak dira: Alhama, Alaves, Dux Logroño, Barcelona B, Real Madrid B, Athletico de Madrid B, Villarreal... Beti esaten da bigarren maila dela zailena.
Eta hala da. Talde indartsuenen harrobiko taldeak daude, filialak. Play-offei begira dugun abantaila da talde filialek ez dutela play-offa jokatzen, lehen mailan euren talde nagusiak daudelako. Gure aurretik sailkapenean Barcelona eta Real Madrid daude, eta, beraz, ez dute play-offetarako kontatzen. Guretako hobe.
Play-offetarako lehen bost postuetan sailkatu beharra dago.
Bai. Lehen sailkatua zuzenean igotzen da lehen mailara. Beste laurek play-offak jokatuko dituzte, bigarrena bosgarrenaren kontra, eta hirugarrena laugarrenaren kontra, joan-etorriko bi partidatan. Gero bi irabazleen arteko finala jokatzen da, eta irabazlea igoko da lehen mailara. Gu orain zortzirenak gara, eta partidaz partida joan beharra dugu.
"Ez da bakarrik futbola; planak egiten ditugu, eta lagunak gara"
PALA, MOMENTUZ, ALBORATUTA
Palista ona zara, Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun handia, eta Nafarroako selekzioko palista. Osasunan hastean pala utzi behar izan duzu?
Beti galdetu izan didate: "zer duzu gustukoago, pala ala futbola?" Inoiz ez dut jakin erantzuten, orain arte bi kirolak partekatzen nituelako. Osasunaren aukera onartzeak konpromiso eta exijentzia maila handiagoa ekartzen zuen, eta ezin nuen pala futbolarekin uztartu. Gainera, Osasunatik ez didate palan jokatzen uzten, lesionatzeko arriskuagatik. Pala uzteak pena handia eman dit, inbidia sentitzen dut, baina aukeratu behar izan dut eta ez naiz damutzen. Palistekin harreman handia izaten jarraitzen dut; ahal dudanean euren partidak ikustera joaten naiz eta beraiek nire partidetara datoz. Beti izango dut palara itzultzeko aukera.
Noiz arte sinatu duzu Osasunarekin?
2028ko ekainera arte. Orain nire helburua da hiru urte horietan Osasunarekin lehenengo mailara igotzen saiatzea. Ea posiblea den.
Familiak, lagunek... zer diote?
Familiakoak denak Osasunakoak dira, nire aita eta ni izan ezik, Errealekoak baikara biak, eta horregatik gehiago poztu ziren. Lagunak baita ere, ilusio handia egin zien. Lagun batzuek esaten zidaten Mulierren eroso nengoela, eta euren ustez maila handiago batean jokatzeko aukera izan behar nuela. Aukera hori iritsi zait, eta erronka ongi erantzuten ari naiz.
Giro ona duzue Osasunako lehen taldean.
Bai, sekulakoa. Bloke bat gara. Jokalari askok urte asko daramatzate taldean, etorri diren fitxaketa berriak oso ongi egokitu dira taldekideekin eta ni ongi hartu naute; piña bat gara. Afaltzeko geratzen gara, Sadarreko partidak ikustera joateko... Ez da bakarrik futbola; planak egiten ditugu, eta lagunak gara.